
2005eko uztailaren 7an, goizean, hiria martxan jartzen hasi zenean, bat batean atentatu kate koordinatu batek Londres hiriko erdigunea astindu zuen. Garraio sistema publikoaren sarearen aurka bideratutako lau bonbek hiriaren erdigunea eta bihotza astindu zuten: 08:51ean, hiru lehergailuk eztanda egin zuten 50 segundoko denbora-tartearekin metroaren hiru trenetan. Laugarren lehergailu batek 09.47etan egin zuen, ordubete beranduago, Tavistock Plazako solairu biko autobus batean.
Emaitza: 56 hildako, horien artean atentatuaren egileak, eta 700 zauritu. Arratsalde erdian Al-Qaeda / Jihad Erakundeak bere gain hartu zuen atentatua eta mundu guztiari gogora etorri zitzaion M-11n Madrilen eragindako atentatua.
«Atentatu kate batek dozenaka hildako eragiten ditu Londresen», irakur zitekeen GARAko lehen orrialdean biharamunean. Azpititularrean: «Tony Blairrek [orduko presidentea] Al-Qaeda eta G8aren gailurrarekin lotu ditu atentatuok eta eraso koordinatu honek hiria eta bere sarbideak geldiarazi zituen egun osoan».
Ikerketa anitz egin dira ordutik, egile intelektualen bila, baita dokumental bat ere, baina deigarria egiten da, pare bat urte beranduago, Jürgen Elsässer kazetari eta ikertzaile alemanak GARAri eskainitako elkarrizketa batean aipatu zuena: Mendebaldeko sare islamistak eta haiei leporatu zaizkien atentatu nagusiak ikertu dituen kazetari honek zioenez, «2005eko uztailaren 7ko Londresko atentatuen ondorioz, Balkanetarako pista bat aurkitu zen. TV Fox News-en, telebista mainstream batean, hain zuzen, AEBetako inteligentzia-agente ohi batek adierazi zuen autobusaren eta metroaren aurkako atentatuak egin zituzten gaztetxoen atzean zegoen arduraduna MI6-ko agente bat izan zela, Aswat izeneko arabiar bat. 90eko hamarkadan gizon hau Kosovoko albaniarren mugimendu klandestinoaren entrenamenduaren arduraduna zen».