Azpeitian kokatuta dagoen Trenaren Euskal Museoa sekulako altxorra da garraiobide honen sekretu eta bitxikeriak deskubritzeko. Bisitari gehienak Azpeitia eta Lasao artean joan-etorria egiten duen lurrun trenean ibiltzera gerturatzen badira ere, museoak burdinbidearen historia ezezagun bezain kuriosoa ezagutzeko balio du, eta Euskal Herrian trenak izan zuen garapen aitzindariaz jabetzeko.
«Museoaren izarra lurrun trena da: antzinako lokomotora batean ibiltzea, XIX. mendekoan, ikatza erretzen eta lurrunaren indarrarekin. Baina hemen trenaren ondare eta xarma guztia jasotzen saiatu gara, Euskal Herrian jada 170 bat urteko historia duena», argitu digu Juanjo Olaizola museoko zuzendari eta trenaren historiaz hainbat liburu idatzi dituen ikerlariak.
«Alde batetik kokapena aipatu behar da: antzinako geltokia da, Ramon Cortazarrek egina eta arkitektura berezia duena, “euskal estilo berrikoa”. Eta gero bildumak ditugu. Noski, jendeak trenak aurkitzea espero du: lokomotorak, bidaiarien bagoiak... Baina tranbiak ere baditugu, trolebus bat, 1922ko suhiltzaile kamioia...», ekin dio Olaizolak bisitariak aurkituko dituen perlak zerrendatzeari.
«Beste altxor berezi bat hemen dugun lantegia da. Azpeitia Urolako Trenaren bihotza zen eta hemen 1925ean lantegi bat kokatu zuten. Tren honen arazoa izan zen ez zutela zentimo bat ere gastatu berritzen. Horregatik, trena itxi zenean, lantegiak lanean jarraitu zuen eta ordurako fosil bat zen. Hori mantentzea lortu genuen, zegoen bezala; motor bakarrarekin 16 makina-erreminta mugitzen ditu. Gainera, Euskal Herrian oso sektore garrantzitsua izan da hori», gehitu du.
Horrekin batera, azpi-zentral elektrikoaren balioa ere nabarmendu du. «Hemen lurrun trenak ditugu, baina Urolako Trena hasieratik elektrikoa izan zen. Bere azpi-zentrala ikustea ‘Metropolis’ edo antzinako beste film batean sartzea bezalakoa da», dio Olaizolak, azken bi bildumak aipatu aurretik, «Europa mailan ia bakarrak».
«Bat erlojuena da. Trena hartzerako garaian beti izan da oso garrantzitsua zehaztasunez jakitea zer ordutan bizi garen. Trena sortu zen garaian ez zegoen halako zehaztasunik. Horregatik oso garrantzitsua izan zen trenarentzat ordua kontrolatzea. Hemen bilduma oso berezia daukagu, geltokietako ia 30 erloju biltzen dituena, eta poltsikoko beste 200 inguru ere bai, langileek ere ordua jakitea garrantzitsua zelako», dio lehenaz. «Bestea tren langileen uniformeena da. Zaharrena 1862koa dela uste dut. Dotore joateko modu bat da, baina baita autoritatea erakustekoa ere».
IRAULTZA INDUSTRIALAREN SINBOLO
Leku askotan irakur daiteke Urolako Trena izan zela espainiar Estatuko lehen tren elektrikoa, baina Olaizolak argitu digu datua ez dela zuzena. «Urolako Trena 1926an jarri zen martxan. Kuriosoena da Estatuko lehen tren elektrikoa Gipuzkoan izan genuela. 1902an, 24 urte lehenago. Oso tren txikia zen, Ategorrietatik Uliara igotzen zena; hiru kilometro bakarrik zituen. Baina hura izan zen lehen tren elektrikoa Estatu guztian. Aldez aurretik tranbiak hasi ziren elektrizitatearekin ibiltzen. Eta hor ere Estatuko lehen tranbia elektrikoa Euskal Herrian ibili zen: Bilbotik Santurtzira joaten zena, 1896an. 1897an, bestalde, Donostiatik Errenteriara joaten zena. Eta legalki tren bezala izendatutako lehena, 1902an Uliara igotzen zena. Eta 1903an, Donostiatik Hernanira joaten zena. Hori 1958an desagertu zen, baina zati bat ez: Amaratik Loiolarakoa. Eta gaur egun ere, zati hori da, Amara eta Loiola artekoa, Estatuko tren elektriko zaharrena eta martxan jarraitzen du».
Izan ere, trena iraultza industrialaren gorabeherak ulertzeko adibide bikaina da. «Esan daiteke trena dela iraultza horren sinbolo indartsuena. Iraultza industriala, alde batetik, siderurgia da. Eta trenean dena zen burdinazkoa: errailak, lokomotorak eta abar. Eta, beste aldetik, lurrun motorra, horrek eman ziolako lehen bultzada iraultza industrialari. Trenak biak ditu. Gero, noski, trenak bere trantsizioa egin du», gogoratu du museoko zuzendariak.
Hori bai, garai hartan iraultzailea izan bazen ere, eta gaur egun miresmen handiz begiratzen badiogu ere, lurrun trena ez zen batere eraginkorra. «Lurrun motorra ikusgarria da: bielak, zarata... Nostalgikoa da. Baina, egiari zor, berez, oso txarra da. Gure lokomotorak 200 zaldi ditu, gaur egungo kotxe on baten paretsu, eta pentsa kotxe batek zenbat pisatzen duen, tona bat inguru, eta tren batek zenbat pisatzen zuen garai hartan, 35 tona agian».
Jakin beharrekoak
- Museoa Azpeitiko Julian Elorza kalean dago, herriko tren geltokia zen eraikinean. Astelehenetan eta igande arratsaldeetan itxita egoten da.
- Jende gehien erakartzen duten lurrun treneko bidaiak igande eta jai egunetan 12.00etan eta larunbatetan 12.00etan eta 17.30ean izaten dira.
- Museoko sarrerak 3 euro balio ditu eta lurrun treneko bidaia gehituta, 6 euro. Telefono zenbakia 943 15 06 77 da eta e-maila, museoa@euskotren.eus