Jose Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatua eta Gipuzkoako PSEko idazkari nagusia, NAIZ Irratian izan da gaur goizean. Egun bat lehenago Arnaldo Otegi, EH Bilduko idazkari nagusia, izan zen estudio horietan, eta interesgarria izan da euskararen inguruan dituzten ikuspuntu desberdinak kontrastatzea.
Otegik, Euskal Enplegu Publikoaren legea aldatzeko berriki Gasteizko legebiltzarrean egin den eztabaidaz galdetuta, azaldu zuen «inertzia zahar bat» antzematen duela PSEren jarreran. Eta eskatu zuen lehia elektoralista alde batera utzi eta, adibidez, Galizian, Valentzian edota Baleareetan aplikatzen den hizkuntza politika EAEn ere aplikatzeko.
Asensiok, aldiz, lehendik indarrean dauden legeak defendatu ditu, eta gogoratu du duela urte bete soilik onartu zela profilen dekretua. «Epai gehienek esaten dute hemen lan baldintzak ez direla errespetatu, hori da jokoan dagoena. Zu joaten bazara Aldundira edo edozein udaletara euskaraz lan egiteko eta euskaraz harremanak edukitzeko ez dago inolako arazorik», adierazi du.
«Hemen gertatzen dena da lan baldintzak aldatzen ari direla eta euskara eskakizunak gero eta handiagoak direla. Eta argi esango dut: administrazioan lan egiteko ez da PL4 behar beti. Guk daukagun gizartea anitza da, noski euskara bermatu egin behar dela lan egiteko garaian eta harremantzeko garaian, baina gure gizartea ezin dugu aldatu. Eta hori ere errespetatu egin behar da», gehitu du.

«Beste modu batera sartu naiz finalera, txapelaren ametsak ez du ezinezkoa ematen»

«Ez dut sabairik jarri nahi, ez zerurik seinalatu; noraino hel naitekeen ikusi nahi dut»

«Finalean kantatzeko ilusioa ez zait joan eta final on bat egiteko gogoa handitu egin zait»

«Nire erabakia ez da gai pisutsuei ez kantatzea, baizik eta drama handiak saihestea»
