Asier Aiestaran
Kazetaria

Ikerketa zientifikoa eta osasun publikoa ziurtatzeko ezinbesteko lan isila

EAEko kostaldean lehorreratzen diren zetazeo, pinipedio, marrazo eta itsas dortoken laginak biltzen ditu Euskadiko lehorreratze sareak Plentziako Itsas Estazioko Biobankuan. Helburu nagusia ikerketa zientifikoa den arren, beste ertz asko ere baditu sarearen jardunak.

Manu Soto Lopez, Plentziako Itsas Estazioko zuzendari eta Biologia Zelularreko katedraduna, Miramar Jauregian eskainitako hitzaldiaren une batean.
Manu Soto Lopez, Plentziako Itsas Estazioko zuzendari eta Biologia Zelularreko katedraduna, Miramar Jauregian eskainitako hitzaldiaren une batean. (EHU-UIK)

Euskadiko lehorreratze sareak urte asko daramatza Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldera iristen diren itsas-animaliekin lanean. Denbora luzez Ambar gobernuz kanpoko erakundeak egiten zuen lan mardula profesionalizatu egin zen Covid garaian, eta 2022tik Plentziako Itsas Estazioak hartu du lehorreratzeen ardura.

Manu Soto Lopez estazioko zuzendari eta Biologia Zelularreko katedradunak lehorreratze sareak egiten duen lana azaldu zuen, Udako Ikastaroen barnean, Miramar Jauregian antolatutako “Zetazeoen lehorreratzeak eta dortoken ibilbideak Bizkaiko golkoan” hitzaldian. Ondoren, Ana Galarraga zientzia-komunikatzailearekin solasalditxo bat ere egin zuen, ikus-entzuleen galderei erantzuteko.

Lehenik eta behin lehorreratze bat zer den azaltzea komeni da. «Askotan ikusi dugu izurde bat hondartzan edo arroketan hilda. Horixe da lehorreratze bat. Baina baita bizirik egonda uretara bere kabuz itzultzeko gai ez izatea ere. Kasu desberdinak dira, baina bietatik informazio oso baliagarria ateratzen dugu biologook. Guretzat ezinbesteko materiala da ingurunearen osasuna aztertzeko. Animalia hauek pila bat mugitzen dira itsasoan, eta uretan dauden kutsatzaileen eraginpean bizi dira etengabe», ekin zion Manu Sotok bere azalpenari.

«Euskadiko lehorreratze sarea 1998an sortu zen, eta Ambar gobernuz kanpoko erakundeak hartu zuen kudeaketa. Gu 2013an hasi ginen haiekin kolaboratzen: materiala utzi, gure instalazioak utzi nekropsiak egiteko... Azken batean, helburua laginen kalitatea ziurtatzea da. Hori guretzat oso garrantzitsua da, ondorengo azterketa zientifikoak behar bezala egin ahal izateko. Eta Covidaren ostean, Trantsizio Ekologikoko Ministerioak proposatu zuen Estatu espainiar guztiko lehorreratze sareak profesionalizatzea eta bultzada bat ematea. Deialdi batzuk atera ziren, eta 2022tik ikerkuntza proiektu bat bezala tratatzen da».

EZ DA ZIENTZIA KONTUA BAKARRIK

Lehorreratzeak behar bezala kudeatzea garrantzitsua da zientziaren ikuspegitik, baina baita legediaren ikuspegitik ere. «Guretzat zientzia arloa garrantzitsua da, tartean zientzialariak daudelako zientzia lanak egiten: laginak hartu, aztertu, gorde, banku bat osatu beste herrialde batzuetako ikerlariek behar badituzte kontsultagarri egoteko... Baina, era berean, gobernuek Europatik datorren araudi bat bete beharra daukate, eta araudi horrek eskatzen du lehorreratzeak dokumentatu egin behar direla: zenbat egon diren, non, zer espezietakoak... Jakiteko, adibidez, interakzioak ote dauden arrantzarekin», azaldu du Manu Sotok.

Arrazoi etikoak ere aipatu zituen -«animaliak dira eta guk animalia horien osasuna bermatzen saiatu behar dugu, ahalik eta sufrimendu gutxien eraginez»-, eta batez ere osasun publikoarentzat duen garrantzia: «Ez da ahaztu behar kasu honetan gu bezalako ugaztunez hitz egiten ari garela eta normalean lehorreratzen badira gaixotasunen bat dutelako lehorreratzen direla. Gaixotasun hori kutsakorra izan daiteke, transmititu egin diezagukete, eta horregatik, osasun publikoari dagokionez ere garrantzitsua da gauzak ongi egitea. Animaliak ez ditugu ukitu behar. Ez dira maskotak. Gertatu izan da itsas txakurrekin. Gerturatu eta sekulako haginkada ematea. Parasito eta bakterio asko dituzte ahoan, eta zauri bat eginez gero arriskutsua izan daiteke. Animalia zaindu behar dugu eta geure burua ere zaindu behar dugu».

PROTOKOLOEN GARRANTZIA

Sareak protokolo zehatzak landu ditu erakundeekin elkarlanean. «Larrialdi zerbitzuaren papera garrantzitsua da, hor zentralizatzen delako gure jardunaren abiapuntua. Beraz, lehorreratutako animaliaren bat ikusitakoan, ez da ukitu behar eta 112ra deitu behar da. Guri abisatzen digute eta gu ordubete inguruan bertan izaten gara. Bitartean, garrantzitsua da udaltzaingoaren lana ere, ingurua perimetratzeko eta arrisku egoerak saihesteko», nabarmendu zuen Sotok.

«Animalia hil berria baldin bada, laginak hartzeko aukera ona izaten da. Gure zentrora eramaten dugu, izoztu egiten dugu eta albaitaria etorri arte itxaroten dugu nekropsia egiteko. Nekropsia horretan ahal diren organo guztiak ikertzen dira, jakiteko zergatik hil den». Gainera, ondorengo analisi kimikoak ere egiten dituzte, Galiziako adituen laguntzarekin.

«Deskonposizio oso aurreratua duten animaliekin ezin da horrelakorik egin. Kasu horietan biometria datuak hartzen dira, neurriak, sexua baldin badakigu... Eta agian kimikarako lagin batzuk har daitezke, kutsatzaileak neurtzeko», jarraitu du Manuk.

«Bizirik daudenen kasuan ere lehen araua berbera da: ez ukitu eta deitu 112ra. Gaixo daudenentzat zaintza zentroak ditugu, bat Bizkaian eta bat Gipuzkoan. Gipuzkoan azken urte hauetan Aquariumarekin ari gara. Hasiera horretan garrantzitsua da ezer ez publikatzea sare sozialetan, jendea berehala gerturatzen delako zer dagoen ikustera. Ez da onena animaliaren osasunarentzat eta ezta erosoena gure lanerako ere», eskatu du.

«Ez da komeni animalia itsasoratzen saiatzea. Kasu batzuetan guk lortu izan dugu, baina ikusita animalia osasunez ongi zegoela, nekatuta besterik ez. Dena den, ongi jakin gabe bultzaka hasten bagara, baliteke saihets-hezur bat apurtzea edo biriketan kalteak eragitea», ohartarazi du.



Bretainia, Galizia, Kanaria uharteak... Donostian askatutako dortoken bidea

Plentziako Itsas Estazioak egiten duen beste lan interesgarrietako bat itsas dortoken jarraipena da. Azken urteotan, ahuldutako dortoken lehorreratze kopurua nabarmen handitu da EAEko kostaldean, eta Donostiako Aquarium-arekin eta Tragsatec enpresarekin izandako elkarlanak «Caretta caretta» espezieko hainbat ale berreskuratzea eta berriro itsasoan askatzea ahalbidetu du. Dortokei trasmisore satelital bat jartzen zaie, eta horrek itsasoan egiten duten ibilbidea ezagutzeko aukera ematen du.

Azken hiru aleak aurtengo irailean bertan askatu dira: “Pluma”, “Morla” eta “Laida”. 2024an, bost ale askatu ziren, eta 2023an lehenengoa. «‘Bermiu’ dortoka Donostian askatu zen 2023ko abuztuaren 25ean. Lehenik iparraldera joan zen, Bretainia ingururaino, eta gero jaitsi egin zen, Galiziara. Gero, Euskal Herrira bueltatu zen, eta handik berriz ere goraka joan zen, Landetatik Arcachon ingura, gero berriz behera, apur bat gora... seinalea galdu genuen arte. Ia urtebete egon ginen seinalea jasotzen».

«Bermiu» dortoka itsasoan askatzen, 2023ko abuztuan. (Andoni CANELLADA / FOKU)

«Zergatik aldaketa horiek? Nire hipotesia da uraren tenperaturagatik eta arrain edo marmokengatik, dortoka hauek marmokak jaten dituztelako. Nora mugituko dira? Jana dagoen lekuetara. Zer ekidin behar dute? Ur hotza. Egiten ari garen beste ariketa bat da seinalea dagoen puntu horietan ur-azaleko tenperatura begiratzea. Eta arrantza datuak ere lortu nahi ditugu, ikusteko garai bakoitzean leku bakoitzean zein arrain mota mugitzen diren», gehitu zuen.

«Baina badaude beste ibilbide batzuk. 2024ko abuztuan askatu genituenen artean, "Brisa" izenekoak bi hilabetez bakarrik bidali zuen seinalea, baina bi hilabete horietan jada Donostiatik Portugaleraino iritsi zen. Besteek denbora gehiagoz bidali zuten seinalea. "Aquiles"-ek, adibidez, aurtengo otsaileraino bidali du. Lehenik mendebaldera joan zen, eta gero hegoaldera, Kanaria uharteen ingururaino helduz», azaldu du Manu Sotok kokalekuak seinalatuz. «Gure lana datu guztiak biltzea da, zientzian datu bakarrarekin ez dugu ezer egiten. Horiek bilduta, gai izango gara ondorioak ateratzeko».