GAUR8

Naziometroaren inguruko azalpenak, bosgarren urteurrena betetzen denean

Malen Dominguez, soziologoa eta Telesforo Monzon Fundazioko kidea, NAIZ Irratiko estudioetan izan zen datorren astelehenerako Bilbon antolatu duten Naziometroa 2020/25 jardunaldiaren inguruko azalpenak ematen.

Telesforo Monzon Fundazioak datorren astelehenean, urriak 27, jardunaldi berezi bat egingo du Naziometroaren bosgarren urteurrena ospatzeko. EHUren Bizkaia Aretoan egingo da eta "Naziometroa 2020/25. Euskal jendartearen garapena azken bost urtetan" izena jarri diote.

Aurreko astean, Malen Dominguez soziologoa eta Fundazioko kidea NAIZ Irratiko estudioetan izan zen jardunaldien berri ematen eta batez ere Naziometroak bost urteotan bildu dituen datuak aztertzen.

Jardunaldiz ez zuen xehetasun gehiegirik eman, oraindik behin-betiko zerrenda itxi gabe zegoelako, baina aurreratu zuenez «bost urte hauetako lana bildu eta datuetan oinarrituta, herri bezala ditugun erronkei buruz eztabaidatuko dugu». Horretarako, perfil ezberdineko parte-hartzaileak izango direla ere aurreratu zuen.

Bideoan ikus daitekeenez, Malen Dominguezek Naziometroa zer den ere azaldu zuen, jada nahiko ezaguna den arren agian oraindik norbaitek ez duelako ezagutuko egiten duten galdeketa. Ezaugarrien artean, Euskal Herriko zazpi lurraldeak kontuan hartzen dituela, burujabetzaren inguruko iritziak biltzen dituela, eta urtero gai jakin bat lantzen duela.

Elkarrizketan bost urteotan landutako gaiak jorratu zituen Fundazioko kideak, eta baita denbora tarte horretan ikusi dituzten joera eta aldaketak nabarmendu ere.

Elkarrizketa osoa esteka honetan ikus daiteke.