Arregi Campo irudi sorta, baserrian igarotako egunen memoria Gerediagan
Arregi Campo funtsa heldu da Gerediagaren eskuetara, eta handik, eskualdeko historiaren babesleku den Dokumentategira, Izurtzako herriari garai baten memoria itzuliz. Baserrian igarotako egun haien argazkien bidezko kontakizunaz hitz egin du Patri Laiseka argazki artxiboko arduradunak.
Urkiolako Parke Naturalaren oinetara, Mugarra eta Untxillatx mendien magalean kokatuta, Durangaldeko herri txikiena da Izurtza. Bada, haren paisaien, ohituren eta lekuen memoria protagonista duen argazki funts bat dago Gerediagaren eskuetara heldutako azken materialen artean. Jabetza pribatuko argazki bilduma bat da, 50eko hamarkadako herritarren egunerokotasunaren sekuentzia ezberdinak islatzen dituena eta haien bitartez herri baten historia erakusten duena.
Aztertua eta digitalizatua izan ostean, Gerediagaren webguneko Dokumentategira joan dira zuzenean irudi horiek, iraganaren leiho digitalari eskualdeko ondarearen harribitxi berri bat gehituz. Aurrez, lana herrian bertan aurkeztu zuten, ekitaldi publiko batean, eta haren zati batek herrian bertan jarraitu du ikusgai, Udaletxeko balkoian, hain zuzen ere, Izurtzaren oroimena diren irudiei garrantzi kolektiboago bat emanez.
Hain justu, argazki zahar horiek duten garrantziaz galdetu dio GAUR8k Patri Laiseka Gerediaga elkarteko argazki artxiboko arduradunari. Jakina da argazkiek irudi bat ematen dutela lehen begi kolpe batean: paisaiak, objektuak, pertsonak... baina arretaz begiratuz gero, beste gauza asko agertzen dira, garaiko gizarte horren irudi zabalago bat, adibidez. Horregatik, artxiboen tratamenduan aditua den Laisekarekin egin dugu hitzordua Durangoko egoitza nagusian.
Bertan dago Dokumentategiaren mami fisikoa, gidaridun ateen beste aldean sailkatutako kutxa ugaritan. Liburu, argazki, soinu grabaketa eta agiri zaharrak daude gordeta han, besteak beste, tenperatura eta umeltasun egokietan, historiaren testigantza zuzenak diren horien sekretuetara bidaiatzeko aukerak denboraren gainetik iraun dezan.

Izurtzako material asko ez dago Dokumentategian, eta alde horretatik ere garrantzi berezia zuen Arregi Campo argazki funtsa eskuratzeak. Pasa den mendeko 50eko hamarkadara joan behar da Arregi Campo argazki funtsaren irudiak kronologikoki sailkatzeko. Funtsa Bilboko familia batena da, Izurtzarekin oso lotuta egon dena eta dagoena. Bertan zituen sustraiak amak, eta seme-alabak txikitan Durangaldeko udalerrian pasatzen zituzten udak, amamaren baserrian, landa eremuak eskaintzen duen xarmaz inguratuta. Ez zen espero zen ekarpen bat, eta hainbat ikuspuntutatik eman du arreta.
«Ustekabean iritsi zitzaigun. Bulegoan jaso genuen deia. Gabriel, semea, zen, istorioa apur bat kontatu zigun, eta euren asmoa beti izan dela hau guztia izurtzarren esku jartzea. Orduan, Beñat eta biok haiekin elkartu ginen funtsa apur bat aztertzeko eta digitalizatzeko materiala zen ikusteko. Ikusi genuen interes handia zeukan materiala zela, garaiko bizitza, bizimoduak, jaiak, ohiturak... islatzen dituztelako», kontatu dio GAUR8ri Patri Laisekak. Izurtza herriko oso argazki gutxi izanik, Dokumentategiaren funtsa ontzeko balio zuten.
HAURREN UDAKO EGONALDIAK
Gabriel Arregi Garaigordobil da argazki horien egilea. Bilbotarra zen bera, Begoña izurtzarrarekin ezkondua, eta hiru seme-alabaren gurasoak ziren: Gabriel, Begoña eta Arantza. Haietako bat izan zen, hain zuzen ere, Gerediaga elkartearekin kontaktuan jarri zena, bilduma hark izan zezakeen interesak bultzatuta.
Arregi Campo familia Bilbon bizi zen urtean zehar, baina udan, Izurtzan egoten ziren, batez ere haurrak, Mendibe Ojanguren familiarena zen Mendibe baserrian. Bittori Ortuzar Larrabe amama izurtzarraren ondoan igarotzen zituzten udako egunak Bilboko umeek, garaian oso ohikoa zena. 200 irudi baino gehiago utzi ditu Arregik argazkilaritzarekiko zuen zaletasun hark. Familia girokoak dira gehienak, baina landa inguruko bizimoduaren, tradizioen eta ohituren informazio handia ematen dute.
Bilbon bizi arren, Arregi Campo familiak harreman handia izan du beti eta mantendu du Izurtzako herriarekin. «Zer ikusten da? Batez ere landa eremuko udako egonaldiak, eta apur bat denetarik dago. Guk bost multzotan banatu ditugu irudiak: egunerokotasuna erakusten dutenak, landa eremuko ohiturekin eta lanekin lotutakoak, familia argazkiak eta erlijioarekin zerikusia dutenak», kontatu du Patri Laisekak.
Irudi batean haur talde bat ikusten da errekaren ondoan, nagusiekin jesarrita baserri aurrean, beste batean bi lagun idien ondoan etxerako bidean, jaunartze bat jendez beteriko plaza batean, dantzariak plazan jai egun batean... «Giro kostunbristako irudiak dira gehienak, agertoki ezberdinak erakusten dituztenak», dio Laisekak. Bakoitzari erreparatuta, ikusten den horrek ematen dituen bestelako informazio moldeez ere mintzatu da.
IRUDIEK DIOTEN HORI
Adibide bat partekatu dugu harekin: argazki batean otordurako prestatutako mahai baten inguruan agertzen dira pertsona batzuk, irudiaren ezaugarri teknikoak, jantziek, kode estetikoek... argi adierazten dute beste garai bateko eszena bat dela, baina datu horiek gabe ere, mahai gainean agertzen diren objektuei erreparatuta soilik, ageri diren platerei, mahai tresnei... beste garai batez hitz egiten duten elementuak direla ikus daiteke. Agertzen denak zein agertzen ez denak garaiko gizarte baten argazki zehatzago bat eman dezakeela komentatu du adituak.
Horregatik dio Laisekak, bere «begi analitikoarekin» behatuta, arreta eman diola emakumeak agertzen diren moduak. «Argazki ezberdinetan, une ezberdinetan, emakumeak zaintzarekin lotuta agertzen dira, izan daitezke auzoko emakumeak, baserrikoak... umeekin daude beti, lanean, etxean zein kanpoan, baratzean... Izan ere, emakumeak dira argazkietan gehien agertzen direnak», zehaztu du.

Sasoiko gizartearen argazki horretan, «gizonak edo mutilak tabernan daude, atseden hartzen, ardo bat edaten... baina horrelako egoeretan dauden emakumeen argazkirik ez dago», jarraitu du Laisekak, eta begi analitiko horren zergatia azaldu du. Funts ezberdinak aztertu eta digitalizatu ditu Gerediaga Elkartean, eta emakumeen figuraren presentzia aztergai izaten duen aspektuetako bat da. Beste xehetasun bat aipatu du: aurpegiak, arropak... «Izurtzako jendea modu batean janzten zen, Bilbotik zetozenak arropa ezberdinak zituzten. Landa eremuan lanerako arropa zuen herriko jendeak». Erromeriak ere agertzen dira hainbat argazkitan, eta erlijioarekin lotutakoak, errogatibak... Ohitura zen Izurtzan abadeak katekesian zeuden umeekin urtero antolatzen zuen irteera eta txokolate jana, eta usadio horren aztarna ere hainbat iruditan geratu da islatuta.
Egiletzaren ikuspuntutik begiratuta, gizonek duten protagonismoa ere aipatu du teknikariak. Gizonek egindakoak dira argazki funts gehien-gehienak. Horregatik dio adituak behin baino gehiagotan komentatu duela «pena bat dela Durangaldea bezalako ingurune batean, non hainbeste jende bizi den, oraindik emakume argazkilari baten funtsik agertu ez izana». Egon badaudela zehaztu du Laisekak, baina askok ez dutela egin publiko egiteko urratsa. Eskualdeko emakume argazkilari bakar batzuen lanak jaso ditu Dokumentategiak, horien artean Margarita Maturana aipatu du. Berrizko moja bat zen, munduan zehar lankidetza proiektuetan aritu zena, baina egile gehiago egon behar dira emakumeen artean.
Dokumentategira heldu diren argazki funtsak jarduera profesionalarekin lotuta daude askotan, herrietan zeuden argazkilaritza zerbitzu eta denden kasuak, adibidez, baina garaiko argazkilaritza familia bakar batzuen eskuetan zegoen “hobby-a” zen, oso etxe gutxitan baitzegoen argazki kamera bat. Arregi Campo funtsaren kasuan, adibidez, argazkiek duten kalitatea da Gerediagako adituak nabarmendu duen beste ezaugarrietako bat. «Esposizioa, zuri-beltzak, enkoadraketa, ikuspuntua... ikusten da kamera on bat zeukala, eta metodikoa zela», dio Laisekak, eta gaineratu du berarentzat «sorpresa» izan dela argazkiek erakusten duten kalitatea. Egileak utzi zuen arrastoaz, azaldu du «oso kostunbristak» direla irudiak, eta nabari dela «egunerokotasuna islatu nahi zuela oso modu pertsonal batean».

Garai bateko argazkilaritza eliteen eskuetan baino ez zegoen praktika izaten zen. Maila ekonomiko altuko familiek aukera zuten Alemaniatik edota Madrildik ekarritako kamerak edukitzeko, sasoi hartan bertan baitzegoen argazkilaritza inguruko mugimendu nagusia, eta handik etortzen ziren uneko azken kamerak, gogoratu du Laisekak.
Edonola ere, denborarekin orokortu zen praktika, eta azpimarratu du eskualdean joera handi bat izan dela beti argazkilaritzarekiko. Inguru pribatuko argazki funtsez gain, eskualdean argazki denda asko egon direla aipatu du, Durangon bertan eta Zornotzan, eta argazkilaritzarekiko joera konstantea izan da. «Esango nuke Argazkilaritzarekiko zaletasuna oso barneratuta izan duen herri bat dela», dio Laisekak.
BULTZADA FUNTS BERRIENTZAT
Horren adibide dira azken urteetan Gerediagaren artxibategira heldu diren ekarpen guztiak. Ansorena familiaren irudi sorta ekarri du gogora, Carlos Merinorena... Argazki funts horiek ateak zabaldu zizkioten beste askoren iritsierari. Azaldu duenez, nolabaiteko bultzada izan zen jendeak ikus zezan aukera bat zegoela, ondare kolektiboa izan zitekeen zerbait gal ez zedin, babestu eta herriarekin partekatzeko.
«Agian jendeak ez du jakin hemen aukera hori zegoela, hemen uzteko, hitzarmen bat sinatu eta erabakitzeko hau publikatu ahal da, hau ez... Kasu askotan familiari itzultzen zaio funtsa, eta beste kasu batzuetan hemen gelditzen da eta guk babesten dugu». Horrela joan da eraikitzen erabilera anitza duen artxibategi bat. Izan ere, publiko orokorraz gain ikertzaileak, erakundeak eta kolektibo ezberdinak gerturatzen dira oso izaera ezberdinetako lanen harira, izan daitezke argitalpenak, erakusketak... agertoki zabal bat dago erabilerari dagokionez.

Gai zehatzen inguruko lanentzat, irudiak edota datuak lortzeko bidea izaten da Dokumentategia. Mota askotako ikerketetarako iturri ere bada. «Normalean ikerketa historikoak izaten dira, baina badaude guk diogun moduan ‘ikerketa bitxiak’ ere. Pasa den urtean jaso genuen Marta Calvoren eskaera, Abadiñoko Auxilio Soziala izenekoaren ikerlana zebilen egiten, eta Dokumentategiari esker topatu zituen argazki berezi batzuk, ezagutzen ez zituenak... Baina pertsona ezberdinak etortzen dira euren ikerketetarako material bila. Orain dela urte bi, adibidez, Espainia mailako foro batean ikerketa bat zegoen Tabirako baselizaren inguruan, eta argazkien bila etorri zen arkitekto bat. Argazki oso zaharrak daude, eta hori ondare preziatua da» hainbat esparrutan, azpimarratu du.
Eskualdearekin lotutako elementuak gordetzea eta ondare material eta immaterial hori «zaintzea eta zabaltzea» Gerediagak sorreratik izan duen helburu nagusietako bat dela azpimarratu du teknikariak. Horrek eraman zuen 60ko hamarkadatik eskuratutako materiala jaso eta babestera, eta 80ko hamarkadatik aurrera artxibategiari forma ematera. Azken urteetan, digitalizazioan zentratu da lana, eskualdeko orainari eta iraganari leiho anitz eta gero eta osatuago bat eskainiz.
Amodiozko poema batekin gordetako argazkiak
Zirraragarria da Dokumentategiko apalategien aurrean gelditzea eta gordetzen duten hori bistara edukitzea. Patri Laisekaren begi eta esku iaioekin egin du bisita GAUR8k, liburu zaharrak, objektuak, argazkiak, ikerlanak... gordetzen dituen horren hondora heldu nahian. Han, plaka formatuko irudien eta material ugariren artean, “Enojaduric” egile ezezaguneko XVII. mendeko amodiozko poemaren eskuizkribuaz hitz egin digu Laisekak. Baina gehiago dago urte luzetan pilatutako materialean; adibidez, Martin Sanchez de Marzanak, Axpe de Marzanako (Atxondo) orubeko jaunak, Arrasateko Kontzejuaren alde 1410ean Marzana dorrea mozteagatik eta erretzeagatik emandako tregoa eta barkatze gutuna, Gerediagako Batzar Nagusien lehen aipamen dokumentala jasotzen duen eskuizkribua.
Memoriaren kutxa horrek oso itxura, formatu eta garai ezberdinetako 1.700 agiri baino gehiago gordetzen ditu eskuizkribuen atalean, eskualdearekin lotutako 3.000 liburu baino gehiago, gai monografikoen ingurukoak, toponimiari buruzkoak, eskualdeko idazleen lanak, 1958ra arteko 260 liburu zahar eta iraganaz eta orainaz hitz egiten duten 200 soinu grabaketa baino gehiago, milaka eta milaka argazki, 600dik gora postal eta grabatu... Altxor horri beharrezko espazio fisikoa ematea da orain erronka, eta Abadiñon sortu den aukeraren inguruko proiektua ari dira lantzen Gerediagan, altxor historikoari sabai berri bat emateko.



