Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

Gazako haurrak gogoan gaur Bilbon

(Rizek ABBELJAWAD / EUROPA PRESS)

Genozidioak eragindako minak, doluak, beldurrak... neurtu ezinak dira. Gazako Zerrenda suntsiturik dago, horrek esan nahi duen guztiarekin. Oso-oso apurka eta etenaldiekin laguntza humanitarioa sartzen hasi bada ere, Nazio Batuetako Unrwa agentziak salatu du 6.000 kamioi zain daudela mugaren beste aldean, Israelen baimenaren zain. Erreskate taldeak hondakinen artetik gorpuak ateratzen saiatzen ari diren bitartean, hondakin horien artean edo denda baten azpian klaseak ematen ari dira. «Bi urteko genozidioak umeengan eragin dituen traumak sendatzen hasteko, ezinbestekoa dugu hezkuntza sarea berriro osatzea. Nire eskola erasoaldiaren hasieran suntsitu zuten. Denda batean klaseak ematen hasi ginen boluntario talde bat. Egoera gordin horretan, haurren erresilientzia eta ikasteko nahia eredugarriak izan dira. Laguntza sartzen hasi den momentu honetan, liburuak, boligrafoak eta papera beharrezkoak ditugu; gerrari, suntsiketari eta doluari aurre egiten lagun dezaketen baliabideak dira. Berriz idazteko, ikasteko eta amets egiteko aukera eman behar diegu gure haurrei», nabarmendu du Al Jazeera-n argitaratutako iritzi artikulu batean Nada Hamdona irakasle gazatarrak. Bi urte hauetan, 20.000 haur baino gehiago hil eta beste 42.011 zauritu ditu Israelek. Milaka oraindik desagertuta daude. Horien ahotsak ahaztu ez daitezen eta Palestinako herriari babesa eta laguntza adierazteko, gaur Bilbon Gure Haurrak ere Badira Elkartasun Eguna egingo da eguerditik. 17.30ean manifestazioa abiatuko da Jesusen Bihotzetik Udaletxeraino; han, Sol Band, Koiuntura arte, Deiedra Rebel Folk eta Smoking Trumpet taldeek kontzertua eskainiko dute. Liburu zein kamiseta salmenta solidarioa ere egongo da.