GAUR8

Burgosko prozesu historikoa gaur 55 urte hasi zen

1970eko abenduaren 3an, gaur 55 urte, hasi zen Burgosko auzitegi militarrean 16 euskal herritarren aurkako prozesua, «XX. mendeko Euskal Herrian politika eta gizarte esparruetan izan den gertakaririk garrantzitsuenetarikoa», Iñaki Egaña historialariaren esanetan.

1970ko abenduan, Baionako kaleetan epaiketaren aurka egin zen manifestazio bat.
1970ko abenduan, Baionako kaleetan epaiketaren aurka egin zen manifestazio bat. (EGIN egunkaria)

Gaur bezalako egun batean, duela 55 urte, Burgosko Kapitaintza Militarrean hasi zen hamasei euskaldunen aurkako epaiketa. Akusatuak: Teo Uriarte, Unai Dorronsoro, Mario Onaindia, Jokin Gorostidi, Xabier Izko de la Iglesia, Xabier Larena, Josu Abrisketa, Enrique Gesalaga, Jon Etxabe, Bittor Arana, Gregorio López Irasuegi, Ione Dorronsoro, Itziar Aizpurua, Antton Karrera, Arantza Arruti eta Julen Kaltzada.

Epaiketa guztiz sumarioa izan zen eta, ETAko zuzendaritzako legez, hiru pertsona hil izana leporatzen zieten. Seiri –Uriarte, Dorronsoro, Onandia, Gorostidi, Izko de la Iglesia eta Larenari– heriotza zigorra ezarri zieten, nahiz eta gero kartzela zigorrez ordezkatu zuten sententzia.

Abenduaren 3an hasi eta 9an bukatu zen auzi hura erabakiorra eta latza izan zen, bai aretoaren barnean baita ere kanpoan. Epaiketaren zazpigarren egunean hura apurtzea erabaki zuten auzipetuek, ‘Gora Euskadi askatuta!’ oihukatu eta ‘Eusko gudariak’ abestuz. 

Bide batez, Antonio Troncoso de Castro, heriotza-epaiak sinatu eta akusatuek ‘Eusko Gudariak’ abesten ari zirela sablea zorrotik atera zuen fiskal militarrak, aurtengo ekainean hil da Madrilen. Frankismoaren krimenengatik Argentinako Kereilan seinalatua, ez zen sekula Justiziaren aurrean aurkeztera iritsi.

Garai hura gertutik ezagutzeko, NAIZ Irratiko lau ataleko podcastean garaiko testigantzak, soinuak eta bizipenak aurkitu ditzakezue. Iñaki Egaña historialariak ere liburu batean jaso ditu gertakari haiek eta interesgarria da oso Mikel Antzak 2020an Miguel Castellsi egindako elkarrizketa.