
‘Europa ispiluaren aurrean: munduko kaosari nola aurre egin’ izenburupean, hitzaldia antolatu du ZarautzOn elkarteak hilaren 30erako. Arantxa Gonzalez Laya euskal legelaria gonbidatu dute hitzaldira, eta Juanjo Alvarezek moderatuko du solasaldia.
Elkartetik azaldu dutenez, gai konplexua da eta «iruditu zaigu ezin genuela galdu gure artean harrobiko benetako ‘krak’ bat izateko aukera (futboleko terminoetan), harrobiko beste ‘krak’ batekin eta, gainera, ZarautzOneko ohorezko bazkidearekin batera».
Izan ere, Gonzalez Layak berak bota du hitzaldiaren ardatza izango den galdera: «Gai izango al da Europa garai berrietara egokitzeko eta bere etorkizuna idazteko ala beste batzuek idatziko dute?».
Sarrera gisa aipatu dute elkartetik Europak bizi duen «balio krisia»: «Geroz eta nabariago da Europan migrazio politiken gogortzea. Europako proiektuaren izaera, nortasuna aldatzen ari dela».
Bestetik, beharrezko trantsizio ekologikoaren erritmo motela jarri dute mahai gainean, «ez bada guztiz gelditzen»; eta era berean, dagoen «ziurgabetasun geopolitikoa» ere nabarmendu dute. «Europa bakarrik sentitzen da Trumpen eta Putinen arteko pintzaren aurrean, eta ahots bateratua bilatzen ari bada, ez du erabat aurkitzen», dio ZarautzOnek.
Azken atal horrekin lotuta, Ukrainako inbasio errusiarra AEBentzat «urrezko arrautzak jartzen duen oiloa» bilakatu dela adierazi du elkarteak, eta erantsi du AEBek «inoiz baino gas likidotu gehiago, fracking bidez ataratakoa esportatzen ari dela Europara.
Erreferentziazko ahots bat geopolitikan
«Guzti honek deskribatzen duena sinplea da Europaren ‘Autonomia Estrategikoaren’ porrota iradokitzen du. Putinen xantaia energetikoa saihestu da, fracking-a erabiliz, honek europar itxurakeria azaleratzen du berriz ere, gainera guzti honen prezioa Trumpen (edo Etxe Zurian dagoenaren) merkataritza interesen menpe bizitzea izan da eta da», azaldu elkarte zarauztarrak.
Bizi ditugun «kaos garai» hauetan, gerra eta ugarizten ari diren gatazken testuinguru batean, Europak jokatuko duen papera aztertuko du Arantxa Gonzalez Laya euskal legelariak.
Nafarroako Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatua, Europako Batzordean garatu zuen bere ibilbidea; bertan, Merkataritza bozeramailea eta funtsezko aholkularia izan zen negoziazio multilateraletan.
«Ondoren, Pascal Lamyren kabinete buru aritu zen Munduko Merkataritza Erakundean (MME) eta NBEko Nazioarteko Merkataritza Zentroko (ITC) zuzendari exekutiboa izan zen. Espainiako politikara egin zuen jauzi Kanpo Arazoetako ministro gisa (2020-2021), eta pandemiaren zein Brexitaren garaiko diplomazia kudeatu zuen. Gobernutik izan zuen bat bateko irteeraren ondoren, nazioarteko elite akademikora itzuli zen: gaur egun, Pariseko Nazioarteko Gaien Eskolako (Sciences Po) dekanoa da», zehaztu du ZarautzOnek.
Nabarmendu dutenez, «geopolitikan zein gobernantza globalean erreferentziazko ahots gisa» finkatu da Gonzalez Laya.
Hitzaldia 18.30ean izango da, Zarauzko Modelo Aretoan.

«Arlo ekologikoan gauza batzuk oso azkar, anbizioz eta eskala handian egin behar dira»

Gatza duen mendia

«Bost bat minutu egin nituen buruz behera, itsasoko ura tragatzen, badakit zer den hiltzea»

Maitane Azurmendi, mundua oihuka marrazten
