Gure lekuak
[Sarrera txiki bat, azalpen gisara: duela urte gutxi batzuk ezagutu genuen elkar; buruhauste eta poz batzuek elkartu gaituzte ordutik. Orain, Izarok hilabeteroko zutabe hau utzi eta lekukoa pasatuko dio Lurri.]
-Nola hartzen da leku bat bertigorik gabe? Eta nola utzi, nostalgiarik gabe? Esango nuke horrela sartu eta atera izan naizela “gure mundua” den toki gehienetatik, denetatik ez bada.
-Igual bertigoa eta nostalgia, biak dira beharrezko. Bestela, nola egiten da borroka herri honetan?
-Bertigoa eta nostalgia. Ameskeria eta kolektiboa. Gogoratzen nola topatu ginen aurrenekoz “gure mundu” horietako batean?
-Gogoratu beharko nintzateke?
-Bilera ondorengo atseden-zigarro batean izan zen? Ala jendez eta tuperrez betetako office hartan?
-Garai hartan tuper baino zigarro gehiago zegoen nire bizitzan, baina hori beste kontu bat da.
-Zigarroak. Eta bilerak. Eta kafeak. Eta jendea.
-Jende pila bat. Kontua da askapen borrokaren geltoki eta bide batzuk egin ditugula elkarrekin, eta “gure mundu” horren zati txiki bat elkarrekin ezagutu dugula. Taldean, kolektiboan. Zer da zuretzat taldea? Zer da guretzat borroka?
-Taldea da 5.000 lagunentzako ekitaldi baten entseguan elkarrekin negar egitea.
-Taldea da denborarekin sortzen dena, kode berriak asmatzen dituena elkar ulertzeko, eta elkarrekin lan egiten duena.
-Taldea da astekari honetako zenbaki batean, ustekabean, elkarren sinadurak topatzea, Arantza Arrutiri buruz hitz egiten. Eta norbere burua ikustea bestearen testuan, norberarenean bezainbeste.
Militantziaren bidez uler daitezke gure izaeraren eta, segur aski, azken urteetan gertatu zaizkigunen parte handi bat. Sinetsita gaude ez ginatekeela pertsona berberak izanen ez bagenu bide komun hau hautatu izan. Bide komun horrek elkartu gaitu, egin gaitu, eta hortik idazten ditugu hemengo lerroak.
Hilabetean behin zutabe bat, leku hau, dugu hedabide honetan. Batak besteari pasatzen diona: plaza, bertigoa eta nostalgia. Ameskeria eta kolektiboa. Zentzuzkoa, interesgarria, ona eta inportantea idaztearen presioa eragiten duen leku hau. Neurtua. Perfektua. “-egi” atzizkirik ez daukana. Hori eskatzen -exijitzen- diogu emakumeok* maiz geure buruari. Hortik ihes egiten saiatu(ko) gara, pixka bat bada ere.
Konplexua da bizitzen ari garen testuinguru politiko eta soziala, kontraesanez betea, aztertzeko adar ugariz josia. Aurre egiteko zaila. Eta, hala ere, arduratik ere idazten dugu, eta idatziko: emantzipazio nazional eta sozialaren bidean, gure alea jarri nahiko genuke. Letrak baino askoz gehiago beharko dugu datorrenari heltzeko, baina letrak ere beharko ditugu.
Beharrik herri oso bat dugula eraikitzeko; segur aski, bestelako herrialde batean biziko bagina, bere estatu, egitura eta tamaina handiarekin, ez genuke egunkari batean hilean behin zutabe bat idazteko aukera hau izanen. Batzuetan, Euskal Herria eraikitzeko auzolana ere bada aukera bat bere horretan: NAIZ, GARA bezalako hedabideak, GAUR8 gisako astekariak ezinbestekoak baitira herri konkretu batean pentsatzeko, bertatik sortzeko eta irakurle-komunitatea trinkotzeko. Baina ez bakarrik horretarako: jakintza garatzeko, eztabaidak eragiteko, askotariko ahotsak entzuteko ere ezinbestekoak dira halako plazak. Bide kolektiboak egiteko eta eragiteko, eskura dauzkagun tresna, espazio eta eremu guztiak baitira beharrezkoak, are, ezinbestekoak ere bai.
2025ak utzi dizkigu bereak, 2026ak ekar ditzala itxaropen berriak. Baina, Davisek dioen bezala, esperantza bera diziplina denez, harrapa gaitzala urteak antolatuta eta lanean, datorrenari heltzeko eta, batez ere, etorriko direnak eragiteko. •

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»

Kantina eraberritua, elikaduratik komunitatea egin eta goxatzeko

«Bizitzen ari garen garai hauek kristoren ‘mala ostia’ sortzen didate»
