
Traktoreek errepideak hartu dituzte beste behin; maizegi azkenaldian. Bakarrik egin dute protesta nekazariek, isolaturik baleude bezala. Eta, batzuetan, gehiegitan, gizartea baserritarrei begira geratu da, desagertze arriskuan dagoen espeziea balira bezala.
Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko akordioa ixten ari dira Europa eta Hego Amerikako zenbait herrialde (Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguai). Batzuentzat, «aukera ekonomikoa» da; historikoa. Beste batzuentzat, «Europako nekazaritzaren heriotza». Akordio horren helburu nagusia muga-zergak kentzea eta bi blokeen arteko ondasunen eta zerbitzuen trukea erraztea da. Paperean, itunak bidea ematen die Hego Amerikako produktuei -hala nola haragiari, azukreari eta arrozari- Europan kuota mugatuen bidez sartzeko, muga-zerga txikiekin edo batere gabe. Trukean, Europako produktuek -industria-ondasunek, teknologiak eta zerbitzuek- Latinoamerikako merkatuetarako sarbide lehenetsia lortuko lukete.
Itunak mesfidantza handia eragin du Europako lehen sektorean. Euskal Herriko nekazari eta abeltzainekin batera, Europa guztikoak dira kexu, bereziki frantziarrak eta alemaniarrak. Eta arrazoi dute: Hego Amerikako ekoizpen kostu baxuek europar nekazariek lehiakortasuna galtzea eragiten dute. Kezka eta protesta ez dira soilik arrazoi ekonomikoen ondorio; arrazoi etikoak eta ingurumenarekin lotutakoak ere badira tartean.
ZENTZU ONAREN AURKA
Elikadura negozio huts moduan ikusten da: dirutan soilik neurtzen da. Edo bestelako negozioak lehenetsi dira baserritarrak sakrifikatuz. Politikariek men egiten diete elikadura soilik diru bezala ikusten duten inbertsio funts kapitalistei. Ondorioz, 9.000 kilometro egingo ditu etxe askotako mahaietan egongo den xerrak. Nola bizi dira animalia horiek? Zenbat pestizida eta produktu toxiko erabili dira hainbeste kilometro egiten dituen jakia errentagarri izateko? Hemengo osasun ikuskapenak pasako al lituzkete produktu horiek? Europako legeak betetzen ez dituzten elikagaiak gurera ekartzea tranpa da, baita gure hankari tiro egitea ere. Nola eskatu hemengo baserritar bati “x” lege betetzeko, gero kanpotik lege horiek betetzen ez dituzten jakiak ekarrita?
Hemengo ganadugintza, oro har, jasangarria dela esan dezakegu. Gure mendietan bizi diren animaliek inguruotako paisaia zaintzen dute, bidenabar kalitate handiko elikagaiak sortuz. Bertatik bizi dira gure bizilagunak, herritarrak, eta gustura dastatzen ditugu euren lanaren emaitzak.
Mercosurrekin lortutako akordioa beste kolpe bat da Euskal Herriarentzat. Baserriko bizimodura aurrerapausoa emateko zalantzan zeuden gazteek atzera egingo dute, edo enpresetan curriculumak botatzen hasiko dira. Ia etsita zeuden adineko baserritarrek arrazoia zutela esango dute, eta hala zela onartzea besterik ez zaigu geratuko.
GERTUKOTIK HASITA
Europako Parlamentua da erabaki gunea, urrun geratzen zaigu; ia ez dago gure esku. Baina hemengo parlamentuetan eta udalbatzetan ere, gaiari ematen zaion lehentasuna ikusita, ez gaude su artifizialak botatzeko moduan. Betiko leloaren betiko leloa da Euskal Herria herri industriala dela. Bai, hala izango gara, baina baita beste gauza asko ere. Herri txiki asko ere bagara, eta bertan bestelako bizimodu, ikuspegi eta ogibideak dituzten ehunka pertsona eta proiektu bizi dira. Sakabanatuta askotan, eta, egiari zor, indar zein garrantzi hori erakusteko bitarteko askorik gabe. Hori bai, egunen batean, gure buruari ikusarazi beharko diogu torlojuak ezin direla jan, egunean hiru aldiz jaten ditugula elikagaiak!
“Aberatsa” hitza abere multzoa izatetik dator: abere asko izatea zen aberatsa izatea. Gaur, ordea, Euskal Herriak aberatsa izateari utzi dio, gero eta pobreagoa da herri bezala. Jaten dugunaren zenbat sortzen dugu hemen?

Behin, Andres Etxeberria artzainak hausnarketa hau oparitu zidan: «Haragia hemendik hara, eta handik honantz ekarri. Esnea eraman eta merkeagoa ekarri. Nik politikan dabiltzanak ez dakit nola ikusten duten, baina, hemen produzitzeko gaitasuna galtzen badugu, mendeko bilakatuko gara: nahi eta nahi ez, beste toki batetik erosi behar. Arazo ikaragarria da hori. Zer egingo dugu estatuen arteko krisi bat etortzen bada? Edo gerra bat? Edo beste pandemia bat? Zer jango dugu?». 84 urteko esperientziatik, kontuan hartzeko hitzak ardiekin eta gaztarekin bizimodua atera duen baten ahotik.
Alderdien gainetik, herria jarri behar dute politikariek gai honetan, etorkizuna eraikitzen hasteko moduko elikaduraren inguruko akordio indartsua. Europa urrun dago, baina gertu Eusko Jaurlaritza, gobernuak, departamenduak, udalak.... Bertatik gauza asko egin daitezke, eta ez dago alderdirik bere lehentasunen artean gai hau duenik. Ez dago estrategia nabarmenik; partxe asko, bai. Alderdiak baino, bertako pertsona jakin batzuk ari dira auzi honetan lanean, ia bakarrik. EAJri eta EH Bilduri gaia lehen lerrora ekartzeko eskatu behar zaie. Hitz egin behar da jantoki publikoez (ospitale, eskola eta beste), egunero ematen dituzten milaka eta milaka otorduez. Hori dena bertako produktuekin kozinatuko balitz, herri txikietako bizi baldintza eta jarduerak aldatu eta hobetuko lirateke, paisaiak aldatu, baserriak berpiztu. Eta, bide batez, hainbat sakoneko gai ere hobetuko lirateke. Estrategia bat behar da, etorkizuneko Euskal Herria irudikatuko duena, arnas luze eta begirada sakonetik. Ez, noski, lau urteko perspektibatik. Andresek esaten duen bezala, independentzia eskatzen dugu, baina ez da inoiz erabatekoa izango jatekoa kanpotik ekartzen badugu.
HERRIA HERRITIK
Dependentzia normalizatzen ari gara, etxe askotan “merke eta xuhur” parametroa beste guztiaren gainetik jartzen elikadurari dagokionez. Jada, kuadrilletan Mercadonako tortillaren apologia egiten den garaietan bizi gara. Elikadura arloan ere irizpide etiko eta politiko gabe erosteko ohitura sortzen ari da, salbuespenak salbuespen. Badirudi janaritan aurreztu behar dela, bestelako bizioen onuran. Argaia Goena baserriko Aintzane Garmendiak Instagram kontuan egin du hausnarketa: «Egoera honen aurrean, bertatik egin behar dugu, gure esku dagoenetik. Herria herritik eraikitzen da, herriak soilik salba dezake herria». Norabide horretan, herritarrei dei egin die bertako produktuak kontsumitzeko. Nabarmendu du horrek sekulako garrantzia duela baserritarrentzat, baina baita erosleen osasunarentzat ere.
Dena ez da Europa, edo Mercosur. Gure esku ere badago erosketa bakoitza kontzienteki egitea: zer erosten dugun aztertzea, erositakoa non ekoitzi den, zein baldintzatan, nor dagoen atzean... Botoa ematea garrantzitsua izango da, baina egunero hiru aldiz jaten dugu. Botoa lau urtez behin ematen da, baina erosketak ia egunero egiten ditugu.
MERKE ETA XUHUR
Gure bizilagunak, gure herritarrak, gure baserritarrak, gure elikaduraren zentroan jartzeko ordua iritsi da. Jakoba Errekondok esaten duen bezala, «jatekoan aurrezten dena, ospitaleetan gastatzen da gero». Merke eta xuhur pentsatu eta jokatzetik haratago, bada garaia herritik pentsatzeko.
Horrenbestez, aukera ere bada Mercosurrekin egindako ituna Euskal Herriarentzat; behingoagatik, akordio zabal eta praktiko bat lortzeko, akuilu izateko elikadura burujabetzaren bidean, eskuzabaltasun eta aberastasunetik. Herritik herriarentzat.


