Mijo Lizarzaburu
EHUko ikerlaria eta militante transfeminista

Argitalpen akademikoen mafiari erresistentzia

Filosofiako doktoretza tesia egiten ari naiz Euskal Herriko Unibertsitatean, eta, horretarako, liburutegi publikoen baliabideak erabiltzen ditut normalean, jakinda langileek ahalegin handia egiten dutela jasotzen duten diru publiko gutxiarekin azpiegitura mantendu eta materiala eguneratzeko. Hala ere, ikerketan sarri gertatzen zait behar dudan artikulua ez egotea berehala eskuragarri, harpidetzen eta sarbide-baldintzen mende dagoelako. Horregatik, nahiz eta eztabaida juridiko eta politikoen erdian egon, Sci-Hubek nire eguneroko lanean bibliografia lortzeko laguntza handia ematen dit. Baina Sci-Huben erabilera azaldu baino lehen, beste zerbait azaldu behar dut: argitalpen akademikoen mafia.

Argitalpen akademikoen negozio sistemak garrantzi handia dauka unibertsitate munduan lana lortzeko orduan, plazak meritu ezberdinen arteko konparaketa bat eginez esleitzen baitira, eta meritu horien artean ikerlariak egindako argitalpen akademikoek eta lan hori zabaltzen duen aldizkariaren prestigioak pisu handia hartzen baitute. Horregatik, akademian lan egin nahi dugunok argitalpenak lortzeko irrikan egoten gara.

Argitalpen akademikoen merkatuak oligopolioen ezaugarriak ditu, hau da, enpresa gutxi batzuek kontrol handia dute merkatuan. Larivièrek, Hausteinek eta Mongeonek 2015ean Web of Science zerbitzuko datuekin egindako ikerketak erakusten duenez, bost argitaletxe komertzial handienek (Elsevier/RELX, Springer, Wiley-Blackwell, Taylor & Francis eta SAGE) unibertsitateetako ekoizpen intelektualaren erdia baino gehiago argitaratu zuten. Argitalpenen prezioa dela-eta, unibertsitateek eta liburutegiek harpidetzak edo lizentziak ordaindu behar dituzte komunitateak artikuluak eskuratu ahal izateko. Instituzio batek ezin badu ordaindu, sarbidea murriztu edo eten egiten da, eta horrek zuzenean kaltetzen ditu irakaskuntza-kalitatea eta ikerketaren gaitasuna. Horrez gain, gero eta ohikoagoa da ikerlariari bere lana argitaratzeagatik kobratzea, ezagutzaren kontsumoaz gain haren produkzioa ere errentagarri bihurtuz. Hau da, argitalpenaren oinarrian dagoen ikerketa, artikuluen idazketa, peer reviwe-a (besteen artikuluen berrikusketa) ikerlariek egiten dute askotan finantzaketa publikoarekin, baina, hala ere, produzitutako jakintza, artikulua bera, parasitoz osatutako argitaletxeen oligopolioen esku geratzen da.

Kapitalismo digitalean, komunikazioaren teknologiek sortutako produktuek gero eta pisu handiagoa dute ekonomian. Testuinguru horrek Malthusen planteamendu ekonomikoen aurkako paradoxa batera garamatza: ez dago eskasiarik, ezagutza digitala (kostu ekologikoaren afera albo batera utzita) ia kostu ekonomikorik gabe kopiatu eta banatu daiteke. Hala ere, sistema ekonomiko-juridikoak eskasia artifizialki sortzen du, jabetza intelektualaren (patenteak, copyright-a) araudi gero eta zorrotzagoen bidez.

Eskasi artifizialaren paradoxa horri aurre egiteko sortzen dira ezagutzaren eta kulturaren pribatizazioaren aurkako erresistentziak, jakintza eta kultura jabetza gisa ulertzen dutenei “lapurtu” eta mundu guztiari dohainik eskuratzea ahalbidetzen digutenak, eta Sci-Hub horren guztiaren funtsezko adibidea da. “Zientziaren Erregina Pirata” ezizendun Alexandra Elbakyanek sortua, Sci-Hubek milioika artikulu zientifikoren sarbidea eskaintzen du. Estatu ezberdinen araudi pribatizatzaileak ekiditeko, bere jarduna desterritorializatuta dago: zerbitzua domeinuz eta azpiegituraz mugi daiteke. Horrela, Sci-Hubek ez ditu soilik “edukiak partekatzen”, pribatizazioaren logika hausten du eta ezagutza digitalaren izaerarekin koherenteagoa den zirkulazioa ahalbidetzen du. Jabetza intelektualaren erregimenek ezagutza eskasia ezarri eta oligopolioen etekinak lehenesten dituzten bitartean, beharrezkoa delako zientziaren publifikazioagatik borrokatzea. •