Ahozko iturri zahar-berria

Fisioterapian hasi nintzenean, segituan konturatu nintzen nire lanetik gehien gustatzen zitzaidan alderdia edadeko jendearekin berba egitea zela. Kaletarra izaki, baserri mundua ezezaguna zen niretzat eta ia egunero hitz eta esamolde berriak ikasten nituen; oraindik gordeak ditut orduko agendaren atzealdean idazten nituen apunteak. Horren barruan, garbizaletasun bolada batek jota -nork eta nik-, aldi batez arreta berezia eskaini nion osasunarekin eta anatomiarekin lotutako berbak jasotzeari: bihurrituak, kontrakturak, bizkarreko atalak, giltzadurak... Egunero haiei buruz idatzi behar nuenez, gazteleraz ikasitako kontzeptu haiek guztiak modu egokian ipini nahi nituen, eta nire euskara herdoilduak ez zituen nahikoa baliabide horretarako: ildo horretan, nire pazienteei esker asko aberastu nuen hizkera. Baina laster konturatu nintzen nahi nuen hori lortzea -osasun berba bakoitzarentzako euskara jatorrezko ordaina izatea-, ezinezkoa izango zitzaidala. Izan, ere, ez zen bakarrik hizkuntza kontua: aurrez aurre zeuden herri hizkera versus hiztegi teknikoa.
Lehen arazoa, izendapenen inespezifikotasuna zen. Xarmagarria da, etnografikoki ezin interesgarriagoa, gorputz atalen izendapena askotan eskualdetik eskualdera aldatzen dela. Esate baterako, “lepoa” hitza, Eibar inguruan, bizkar osoa da. Gipuzkoako zenbait eskualdetan, ostera, “kolumna zerbikala” esan nahi duela deskubritu nuen (gure inguruan “kokota” izango litzatekeena alegia). Zein da egokia? Biak, noski... bakoitza bere eremuan. Baina, terapeuta eta pazientea jatorri ezberdinekoak direnean, kontuz ibili beharra zegoen historia klinikoetan gaizki ulerturik ez egoteko. Izen zerrenda handituz joan ahala, argi ikusi nuen ezinezkoa zela denendako balioko zuen hiztegi bakarra eratzea; hobe zen tokian tokiko aldaerak ikastea eta solaskidearen arabera bata edo bestea erabiltzea.
Anatomiaz gain, inespezifikotasuna osasun arazoei ere bazegokion. Jose Migel Barandiaranek eginiko bilketa etnografikoetan gaitz zein erremedio ugariren izenak aurkitu nituen, baita segituan ikusi ere gaixotasunen herri-izendapenak ez zetozela bat nik karreratik nekartzan kontzeptuekin. “Zaintiratu” hitza, adibidez, hasieran muskuluen uzkurdura patologikoarekin parekatu nuen, baina laster ikusi nuen eremu semantiko zabalagoa hartzen zuela, giltzaduretako lotailuen bihurritu batzuekin, edo are zenbait tendoiren patologiekin konpartituz. Pazientearen arabera, noski, zeren eta gorputz atalekin bezala, ez zen arraroa izaten bi pertsonak hitza ezberdin erabiltzea. «Gure etxean horrela esaten da» diotsunari, nola ezetzik esan? Beste izen askorekin ere gertatzen da hori: “karranpa” (cramp ingelesetik?), “korapilo”, “gaingil”, “haize batek ematea”, “eten”... Berba horiek, hiztunaren arabera, osasun arazo oso ezberdinez hitz egiteko erabil daitezke.
Etnografiara itzulirik, herri-medikuntzako izenok hitz interesgarriak dira, jaso beharrekoak zalantzarik gabe, eta are, herritarrek erabiltzeko modukoak. Baina osagileok, gure artean, hitz tekniko zehatzagoak erabili behar ditugu. Alde horretatik, beste etnografo handi bat aipatuko dut, eibartarra eta espeleologoa ni bezala: Juan San Martin. Izan ere, irribarrez kontatzen zuen Mendaroko Aitzbeltz esploratu zutenean, pena pixka bat ere eman ziola leize hartan bizi omen zen zakur beldurgarriaren kondaira desegitea esplorazio zientifikoaren argitan.
Hau guzti hau kontuan hartuta, zer egin? Bada, nire kasuan, logikoena: lanean garbizalekeriak eta neologismoak baztertzea, maileguak beldur barik hartuz, hitz jator zehatza falta denean (“kontraktura”, “esgintze”, “tendinopatia”...). Hori bai, agendaren atzealdean beti lekutxoa gordeta pazienteei ikas diezaiekedan hitz eta esamolde zahar-berriendako! •
www.abante.eus


