GAUR8

BTS k-pop taldearen itzulera ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte Seulen

K-poparen zaleak Seuleko ibaiertzean antolatutako ospakizun batean elkartu dira. BTS megaizarrek disko berria kaleratu dute lau urteko etenaldiaren ostean, eta horren inguruan hainbat ekitaldi prestatu dituzte.

BTS k-pop taldea berriro kontzertuak eskaintzen hasiko da. 82 kontzertu eskainiko ditu mundu mailan, eta horren aurretik, jarraitzaileentzako emanaldi berezi eta doakoa izango da asteburu honetan Hego Koreako hiriburuan. Taldearen itzulera ospatzeko, Seulen hainbat ekitaldi prestatu dituzte egun hauetan. 

Izan ere, herrialdean soldaduska derrigorrezkoa da eta k-pop izarrek ere egin dute. Hori dela eta, azken lau urtetan etenaldia egin du taldeak, eta orain abeslari guztiek soldaduska amaitu dutenez, berriro kontzertuak eskaintzera ekingo diote. Birarekin batera, disko berria, ‘Arirang’, eta horren lehen bideoklipa, ‘Swim’, aurkeztu dituzte. Bideoa Seuleko eraikinetako pantaila erraldoietan proiektatu dute denek ikusteko. 

Horrez gain, asteburuan 260.000 pertsonen aurrean kontzertua eskainiko dutenez, mundu osoko zaleak (ARMY deiturikoak) joan dira Seulera, eta hori baliatuz, pop-up denda bat zabaldu dute BTSren produktuak saltzeko eta baita ‘Love Song Lounge’ deituriko gunea, non taldeak egindako ‘What is your love song?’ kanpainan botatako galderari (Zein da zure maitasun abestia?) erantzuteko txokoa ere egon zen bertan. 

Horrez gain, beste artista batzuek kontzertuak eskaini ahal izan dituzte gunean. Orokorrean, BTS hain talde garrantzitsua da herrialdean ezen Seul osoan prestatu dituzten albumaren kaleratzearekin lotutako ekimenak. 

Streaming bidezko kontzertua

Kontzertua larunbatean 20.00etan (11:00 GMT) izango da eta mundu mailan ikusi ahal izango da Netflix plataformaren bidez. Hego Koreako historia eta kulturari keinuak izango direla aurreratu dute. Era berean, adierazi dutenez, zazpi abeslariak Gyeongbokgung jauregitik –Seuleko garrantzitsuena– oinez joango dira kontzertua ospatuko den lekuraino (Gwanghwamun plaza, kulturalki eta historikoki pisu handia duena).