Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Inflexio puntu bat

Bi aldarrikapen egun batu dira asteon, Langilearen Eguna eta Amaren Eguna, hagitz lotuak biak, zaintza baita lan guztietatik ikusezinena. Ez da ordaintzen eta egintzat ematen da. Yo No Renuncio elkarteak ematen dituen datuak ikaragarriak dira: senideen zaintzaileen %88 emakumeak dira espainiar Estatuan, %90ek gainkarga emozionala sufritzen dute, %19k lana uzten dute eta %30ek, egokitu. Amen %99k ez dute beren burua zaintzeko aukerarik kontziliazio faltagatik. %73k kirolarekin lotzen dute autozaintza, eta %27k soilik erlazionatzen dute osasun azterketak egitearekin. “Amok mundua gobernatuko bagenu...” leloarekin, Madrilgo Diputatuen Kongresura joanen dira astelehenean elkarteko kideak, eta Kontziliazioaren Aldeko Estatu Itun baterako proposamenak aurkeztuko dituzte.

Hilabeteak daramatza Amaren Eguna noiz den galdezka, “Doraemon”-en Nobita eta bere aita egun horretan amarentzako bazkari goxo-goxo bat prestatzen ikusi zituenetik. Berak gauza bera egin nahi du, ilusio guztiarekin. Nik ere poz-pozik erosten nizkion amari Todo A Cien-en zeramikazko gatzontzi eta esneontziak. Zer ikusi, hura ikasi izaten da, eta katu kosmikoaren marrazki bizidunen antzeko bilakaera izan da jendartean: eskasa.

Puntako zientzialari batekin elkarrizketan, bihotzera ailegatu zitzaidan bere testigantza: «Inflexio puntu bat egon zen. Laborategiko lana ederki zihoan, ikerlari ona nintzen, baina familia izatea erabaki nuen eta nagusiari lagunei baino lehen erran behar izan nion haurdun nengoela, X izpiekin aritzen nintzenez ezin nintzelako laborategian sartu. Maila horretan, hain da lehiakorra, pentsaezina da bederatzi hilabetez gehi auskalo zenbat gehiagoz gelditu eta gero berriz martxa hartzea».

Maila ezberdinetan, baina amen etenaldi horrek, eta amatasunak berak, ofizio guztietan eragiten du. Otsaileko Neska eta Emakume Zientzialariaren Egunean aldarrikatu zuten bezala, zientzia bizigarria behar dugu, eta lanbide eta bizi bizigarriak. •