GAUR8

Duela ehun urte jaio zen Lazkao Txiki bertsolari mitikoa

Duela ehun urteko irailaren 15ean piztu zen Joxe Miel Iztueta Kortajarena Lazkaoko Abaliñe baserrian. Oso gazte hasi zen bertsotan eta hasi orduko jarri zioten plazako izena: Lazkao Txiki. Eta mende bat igaro denean, Lazkao Txikik bizirik dirau gure kulturaren memorian.

Lazkao Txiki, Oñatin 1985an egin zitzaion omenaldian.
Lazkao Txiki, Oñatin 1985an egin zitzaion omenaldian. (Andrés ARLANZON | OÑATIKO UDALA / ARLANZON FUNTSA /GIPUZKOA.EUS)

Joxe Miel Iztueta Kortajarena (Lazkao, 1926ko irailaren 15a - Donostia, 1993ko apirilaren 3a) duela ehun urte jaio zen Lazkaomendiko Abaliñe baserrian. Bertsotan hasi orduko bihurtu zen Lazkao Txiki. Mitikoa bihurtu den bertsolariari «jenioa» deitu izan dio Amagoia Mujikak Zazpikan ‘Duela ehun urte piztu zen jenioa’ titulupean argitaratu berri den erreportajean. 

Hor ere hau irakur daiteke: «Hizkuntzaren akrobata zen, modu bizian eta bihurrian erabiltzen zuen eta gerora gogoratuak izateko forman josten zituen aparteko ateraldiak. Horregatik dago bizirik belaunaldi batetik bestera ematen den transmisioaren emari horretan, ahozkotasunaren harian zintzilik».

Hiru hamarkaden buruan presente jarraitzen dute bere esamoldeek. Unai Gaztelumendik ekarri du bat gogora GAUR8n bertan:  «Martxa honetan aurki erdaraz hitz egingo dugu euskaraz ari garelakoan». Euskararekiko utzikeriagatik asko sufritu zuela aitortu baitzuen, Joxepa Madariaga, Gerriko Kultur Elkarteko kideak, NAIZ Irratian 2022an aipatu zuen bezala.

Eta Lazkao Txikiren irrifarra eta begi biziak presente jarraitzen dute gure imajinarioan, 90. hamardakan Lazkao Txikiren istorioetan oinarritutako marrazki bizidunetan (EITBren Makusi streaming zerbitzuan daude ikusgai) edo Ordizia herrian, bere erretratua eraikin bateko metro luzeko horma-irudi batean. Kolore biziz margotu zuten Nextor eta Aitor Otaño aita-semeek.