GAUR8

Colorado ibaiaren delta bere onera ekartzeko pauso motelak ematen hasi dira

Colorado ibaia Estatu Batuetatik igaro eta Mexikoraino iristen da, bertako hirietara ura eramanez. Azken urteetako eurite eskasek, gizakiaren kudeaketa kaxkarrari gehituz, Mexikora ur gutxi iristea eragin du. Kezkatuta daudenez, ibaiaren inguruak bere onera ekartzeko pausoak ematen hasi dira.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Colorado ibaia Mendi Harritsuetan jaiotzen da eta Estatu Batuetako hego-mendebaldetik doa, zelaiak eta hiriak elikatuz. Baina Mexikora iristen denerako, ur gehiena agortu egin da.

Urteek aurrera egin ahala, uharkek eta desbideratzeek ur-hari batera murriztu dute Colorado, eta garai batean hegaztien eta beste espezie batzuen bizileku zen delta hilzorian dagoen ekosistema bihurtu dute.

«Gogoan dut lehen abenduaren 6a baino lehen hasten zela euria. Abenduan, urtarrilean, otsailean eta batzuetan martxora arte. Eta horrela ibiltzen ginen, ereiten eta lanean, eta orain ezer ere ez. Ingurumena asko aldatzen ari da», dio Cayetano Cisneros nekazariak. Bere lurrak lehorrak daude.

Azken 15 urteetako eurite eskasek Estatu Batuetako urtegiak txikitu dituzte. Ibaiak Mexikoraino daraman ur apurra Tijuana bezalako mugako hirietan eta laborantza-eremuetan erabiltzen da. Horrek esan nahi du hiri hori eta inguruko beste herri batzuk Mendi Harritsuetan erortzen den elurraren menpe bizi direla.

«Hiri hau guztia, Mexicali haraneko ekoizpen guztia, Tecateren zati handi bat —hor baitaude putzu oso garrantzitsuak— eta Ensenadaren zati bat, Colorado, Wyoming eta Utahko mendietatik iristen den uraren menpe gaude», azaldu du Marco Antonio Samaniego Historian Doktoreak.

Gatazka Estatu Batuekin

Urari buruzko eztabaidak gatazka diplomatikoa sortu zuen duela gutxi; Mexikok ur gehiago eskatu zuen eta Estatu Batuek uko egin zioten horri, orain arte adostutakoa mantenduz. Errealitatea hau da: ez dago denentzako urik.

«Dagoena baino ur gehiago banatu da Colorado ibaiaren erabiltzaileen artean. Hori da arazoaren oinarria», aipatu du Enrique Villegasek. Honek, ibaiaren delta biziberritzeko helburua duen programa bat zuzentzen du, Sonoran Instituteko Colorado River Delta programa. Mexikoko mugatik Kaliforniako Golkoko goiko estuarioraino du eragina.

2014an, ibaiko ura presa batetik zehar pasatzea baimendu zieten, bertako espezieen ernamuin naturala estimulatzeko. Gainera, lurrak erabiltzeko eta ureztatzeko baimenak lortu zituzten, zuhaixka inbaditzaileak kendu zituzten eta bertako milaka zuhaitz landatu zituzten.

«Bertako landaredia duten gune horiek sortu eta antzerako lanak urteetan egin ostean, lortutako emaitzak honakoak dira: makal eta sahatsez jositako baso bat lortu dugu Colorado ibaiaren ertze batean, fauna itzuli da, hegazti asko itzuli dira», argitu du ekintzaileak.

Gaur egun, Laguna Grandeko hezeguneak eta basoa ez datoz bat inguruko nekazaritza-lur lehorrekin. Ekologistek ohartarazi dute lehortea abisu bat besterik ez dela, eta deltaren osasuna berreskuratzeko, jendeak uraren erabilera-ohiturak aldatu behar dituela.