GAUR8

«Ahaztutako krisien» multzoan egon arren, gatazka larria bizi du herrialdeak

Kongoko Errepublika Demokratikokoa «ahaztutako krisi» horietako bat da, egoera gordina izan arren. Urtarrilean eta otsailean, ia 10.000 bortxaketa eta sexu biolentzia kasu erregistratu zituen Unicefek. Ricardo Martinez, MSFko koordinatzailea, Goman izan zen. Bere lekukotasuna jaso du GAUR8k.

MSFko langile bat Nyabiounou eskolan, Goman, kontzientziazio kanpaina batean. (MSF)

Martxoak 23 matxino taldeak Goma, Kongoko Errepublika Demokratikoko ipar-ekialdeko probintziako hiriburua, eta Bukavu, Hego Kivukoa, kontrolpean hartu zituenetik, Afrikako herrialde honek hamarkada luzez pairatzen duen gatazka armatua larriagotu egin da. Bi probintzia hauek Ruandarekin muga egiten dute, eta urrea nahiz koltana bezalako mineraletan aberatsak dira. Mineral hauek industria teknologikorako eta telefono mugikorren fabrikaziorako funtsezkoak dira.

2022. urtearen amaieran hasi zuen berriro erasoaldia M23 mugimendua buru duen Alianza Rio Congo aliantzak. Ruandako genozidioa pairatu zuten tutsiek osatzen dute gehienbat M23.

Gatazkak Ruandaren eta Kongoren arteko krisia piztu du. Ruandak Kongori leporatzen dio FDLR talde armatua -Ruandan tutsien genozidioaren erantzule izan ziren hutuek sortu zuten- eta beste milizia batzuk tutsiak erreprimitzeko eta zapaltzeko erabiltzea. Kinshasak -baita Nazio Batuek eta Mendebaldeko zenbait herrialdek ere- M23ri laguntzea egotzi dio Kigaliri. M23k ofizialki errefusatu du Ruandak babesten duela, eta Felix Tshisekedi presidentearen gobernua boteretik kendu nahi duen mugimendu kongoar gisa aurkeztu du bere burua. Kongoko Gobernuak Estatu Batuei laguntza eskatu die matxino taldearen kontra borrokatzeko. Trukean, kotxe elektrikoak, mugikorrak eta ordenagailu eramangarriak egiteko oinarrizkoak diren mineralak erosteko lehentasuna emango diela esan du Kongok. Egun, koltan eta kobalto bezalako mineralen erosle nagusia Txina da. Donald Trump presidenteak lekua kendu nahi dio Pekini, eta Ipar eta Hego Kivu probintziak «baketzen» lagunduko diola esan dio Kinshasari. Munduko ekonomia hankaz gora ipini zuten muga-zergak iragarri zituen egun berean, Trumpen Afrikako berriemaile berezia, Ronny Jackson, Kongon zegoen.

Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren (UNHCR) datuen arabera, Kongon 6,7 milioi barne desplazatu daude. Otsailaren 13ra arte, 3.000 zibil hil ziren M23 eta Gobernuaren arteko borrokan, Ipar Kivu eta Hego Kivu probintzietan. Eta 1,6 miloi haur eskolarik gabe gelditu dira Kongoko ekialdean.

Pasa den urtarrilean, Goma bere kontrolpean hartu zuen M23k. 160.000 biztanle inguru ditu, eta baliabide naturaletan, batez ere mineraletan, aberatsa da Ipar Kivuko hiriburua. Ruandako mugari lotuta, produktuak atzerrira esportatzeko bide nagusietako bat da, errepide gutxi dituen eta egoera oso txarrean dauden herrialde batean.

Otsailaren 6an, Alianza Rio Congo aliantzak agintari politiko paralelo bat ezarri zuen Goman. Joseph Bahati Musanga izendatu zuten Ipar Kivuko gobernadore, eta Julien Katembo Ndalieni, Gomako alkate.

Otsailaren 16an, M23ko matxinoak Bukavun sartu ziren, Hego Kivuko hiriburuan. Milioi bat biztanle ditu. Indar Armatuek ez zuten inolako erresistentziarik jarri. Hiritik alde egin zuten armak utzita. Zibilek eta talde armatuek hartu zituzten. Armadari sostengua emateko, probintzian dauden Burundiko soldaduak ateratzea exijitu zuen M23 taldeak.

«Hiru hamarkadaz irauten duen gatazka bati buruz ari gara. Zibilengan, emakumeak eta haurrak barne, ondorio lazgarriak izan ditu. Krisiaren ezaugarri nagusia desplazamendu errepikatuak dira. Herritarrak beren bizitza hutsetik behin eta berriz hastera behartuta daude, biolentziaren ondorioz. Pazienteek eta komunitateek kontatzen dizkiguten istorioak icebergaren punta baino ez dira», adierazi zuen Alira Halidouk, MSFren operazioen Kongoko arduradunak.

Ricardo Martinez, MSFko logistika koordinatzailea, Goman zegoen M23 sartu zenean. GAUR8rekin telefonoz egindako elkarrizketan, bere kezka azaldu zuen.

«Goman nengoen sartu zirenean. Dena geldituta egon zen egun horietan. Prezioak izugarri garestitu ziren; banketxeak itxi zituzten; administrazioa eta zerbitzu publikoak geldirik zeuden; gizon armatuak txoko guztietan. Egunez itxurazko normaltasuna zegoen arren, biolentzia handia zegoen kaleetan -izan lapurretak izan exekuzioak. Lapur bat harrapatzen dutenean, harrikatu edo erre egiten dute guztien aurrean. Bertan nengoela, hiru pertsona erretzen ikusi nituen lapurtzeagatik-. Zibilak kezkatuta daude. Ez dakite zer opa dien etorkizunak», adierazi zuen Martinezek.

Ricardo Martinez, MSFko logistika koordinatzailea, Goman zegoen M23 matxino taldea Ipar Kivuko hiriburuan sartu zenean. (MSF)

«Goma bereganatu baino lehenago, Sake hartu zuten, 27 bat kilometrotara. Ehunka zauritu egon ziren, gizon, emakume eta haurrak tartean. Gomara iritsi nintzenean, aireportutik entzun nitzakeen bonbardaketak. Immigrazio bulegoan zegoen emakumeak egoera horretan zertara nindoan galdetu zidan. Ea gerrara nindoala ba ote nekien galdetu zidan. Baiezkoa erantzun nion, Mugarik Gabeko Medikuak Kongon urte asko daramatzala, badakigula non gauden eta horregatik gaudela bertan esan nion».

«Giro tirabiratsua zegoen Goman aurreko egunetan. Leherketak gero eta gertuago entzuten ziren heinean, jendea etxean sartzen joan zen, kaleak hustu egin ziren. Matxinoen eta Armadaren aldetik, erasoaldi bortitzak egon ziren hiruzpalau egunez. Egun gogorrak izan ziren. Arpilatzeak ere egon ziren. Beste gobernuz kanpoko erakunde batzuei bezala, MSFren biltoki bat eta farmazia bat arpilatu zituzten. Milaka hildako egon ziren, ez dago jakiterik zenbat hildako egon ziren egun horietan. Zanga eta putzuetan gorpuak agertzen doaz».

MATXETE ZAURIAK

Gobernuz kanpoko erakundeak «Bizirauteko beraien bizitzak arriskuan jartzen» txostena kaleratu berri du. Bertan, biolentzia testigantza lazgarriak jasotzen dira.

Horietako bat Bunian dagoen Salama klinikako langile batena da. 2024ko urriaren 16an elkarrizketatu zuen gobernuz kanpoko erakundeak.

«Asko hunkitu ninduen lauzpabost urteko haur baten egoerak. Desplazatuentzako eremu batean zegoen. Bere ama hil egin zuten eta bera zaurituta zegoen. Erasotzaile batek eskua matxete batekin moztu zion babeslekutik atera zuenean. Eskua berriro noiz haziko zitzaion galdetu zidan. Horrelakorik ez zela gertatuko esan nion, erabiltzeko beste modu batzuk aurkituko zituela». Beste eskuarekin eta besondoarekin garbiontzi bat hartzen ikasi zuen.

«2018an, nire herritik ihes egin nuen. Talde armatu bateko kideek nire herrixkari eraso egin zioten, pertsona asko hil zituzten. Gure ondasunak lapurtzeaz gain, gure etxea erre zuten. Nire anai zaharrena hil zuten. Erasoaren egunean, ihes egin nuen, ezer gabe. Bakarrik joan nintzen. Nire bi semeak beste norabide batean joan ziren. Astebete beranduago aurkitu nituen. Astebete bakarrik egon ziren basoan. Orain, 12 eta 15 urte dituzte; garai hartan, beraz, oso txikiak ziren», kontatu zuen 52 urteko emakume desplazatu batek. Une honetan Angumun bizi da, iheslarientzako kanpaleku batean Iturin, non biolentziak gora egin duen. MSFk biolentziaren gorakadaz ohartarazi du.

Bederatzi urteko haur batek, sabelean balaz zaurituta, bere ama eta bi anaiak matxete batekin zatika mozten ikusi zituen, kabina batean ezkutatu aurretik, heriotzatik ihes egiteko. Negarrez hasi zen erasotzaileek alde egin zutenean. Inguruan zegoen gizon batek haren oihuak entzun zituen eta osasun-zentro batera eraman ahal izan zuten.

MSFko langileek jasotako beste lekukotza bat 4 eta 16 urteko bi ahizpena da, behin eta berriz jo zituzten buruan eta besoetan aihotzekin.

SEXU INDARKERIAREN GORAKADA.

Biolentzia sexualak ere nabarmen egin du gora. Urtarrilean eta otsailean 10.000 bortxaketa eta sexu indarkeria kasu zenbatu zituen Unicefek. Horietatik, %35-45 haurrak izan ziren. «Gatazkaren faserik gogorrenean, haur bat bortxatu zuten ordu erdiro», salatu zuen James Elder bozeramaileak. Ohartarazi zuen egoera «are dramatikoagoa dela nazioarteko laguntzaren (bereziki Estatu Batuen) finantzaketan izandako murrizketen ondorioz, hain trauma handiko egoera batean biktimak ezinbesteko babesik gabe geratzea eragiten ari baitira».

Urtarrilaren 27tik otsailaren 2ra bitarteko astean soilik, 42 osasun-zentrotan artatutako bortxaketa kasuak boskoiztu egin ziren. Horietatik, %30 haurrak ziren. Hala ere, «litekeena da benetako zifrak askoz handiagoak izatea, bizirik irauten duten askok ez dutelako salatu nahi izaten. Azken urteetan ikusi dugun guztia gainditzen du honek», nabarmendu zuen Catherine Russellek, Unicefeko zuzendari exekutiboak.

Barne desplazatuak Gomatik gertu zegoen Kimachini kanpalekutik ateratzen, pasa den otsailaren 11n. (Daniel BUUMA | MSF)

Emakumeei, bereziki, eraso egiten zaie beren familiak elikatzeko bitarteko bila ateratzen direnean. Drodron, MSFk 2023an eta 2024an artatutako sexu indarkeriaren biktimen %84ri eraso egin zieten landa-lanean ari zirela, egurra biltzen ari zirela edo errepidean zeudela. «Erasotzaileek biktimei esaten diete ‘oihukatzen baduzu, hil egingo zaitugu’. Biktimek esaten digute nahiago dutela isilik gelditu eta lehenbailehen pasatzea. Ez dute erresistentziarik jartzen hil ez ditzaten, erasotzaileak armak, matxeteak eta makilak eraman ohi dituzte-eta», aditzera eman zuen 2024ko ekainaren 20an elkarrizketatu zuten MSFko emagin batek.

Nazioarteko komunitatea ea Kongok bizi duen muturreko biolentziaz jakitun den galdetuta, «ezezko» borobila ematen du Ricardo Martinezek.

«Ez gara jabetzen munduko alde hartan gertatzen ari denaz. Ez dugu ideiarik ere. Hain da larria han gertatzen ari dena, non ez baitakit nola azaldu», gaineratu zuen. «Goman ditugun bi kliniketara egunero 40-50 sexu indarkeria kasu iristen zaizkigu. Egunero, egunero», azpimarratu zuen.

Dena den, «ez dakigu sexu indarkeriaren zenbat biktima ez den etortzen estigmatizazioa dela eta. Langile humanitarioen bitartez, biktimengana iristen saiatzen gara. Klinikara etortzearen garrantziaz jabetzeko sentsibilizazio-kanpainak abian ipini ditugu. Auzoz auzo, komunitatez komunitate doaz, sexu indarkeria eta bortxaketak pairatu dituztenak eta haien ingurukoak kontzientziatzeko. Dagoeneko, suizidioak ikusten ari gara, sexu indarkeriaren biktima askok ezin dute gertatu zaienaren zama jasan. Horregatik, osasun mentala gure lanaren lehen lerroan dago».

«Gizakiak beste gizaki bati hainbeste kalte eragiteko duen gaitasuna ikustea izugarria da. Pertsonak sufritzen eta hiltzen ari dira gatazka armatu bortitz honen ondorioz, eta ez dugu ideiarik ere. Ez dakigu zer gertatzen ari den Kongon, eta, okerrena da, ez zaigu asko axola», plazaratu zuen.

MINERAL ESTRATEGIKOAK

Bere hitzetan, «ahaztu egiten zaigu energia berdeetarako trantsizio horretarako Kongo herrialde estrategikoa dela. Hemen mineral ugari dago, hala nola koltana, kobaltoa, eztainua, zinka, kuartzoa. Mineral horiek funtsezkoak dira guretzat, eta tenperatura globala murrizteko helburuak betetzea. Munduko Bankuak ikerketa bat egin zuen mineral horien ekoizpena %500 handitu behar zela ohartarazteko, planetaren tenperatura bi gradutan murrizteko helburua lor dezagun. Oso tristea da, justizia klimatikoa eskatzen dugunean, aldi berean Kongorako justiziarik ez eskatzea, nolabait haren aberastasunaren mendekoak garelako. Eta ez gara ohartzen zer gertatzen ari den han, inguru hark duen aberastasunaz baliatzen ari garenean. Pertsona horiek argazkiaren lehen lerroan jarri behar ditugu, hori da MSFk galdegiten duena, zeren justizia klimatikoa eskatzen dugun bitartean, ahaztu egiten ditugu. Biztanleria ondorio izugarriak jasaten ari da, interes handiko eremu batean jaio delako. Hori bidegabea da».

«Argi dago denok nahi ditugula energia berriztagarriak eta energia fosilik ez erabiltzea. Orduan zergatik ez ditugu kongoarrak argazkiaren lehen lerroan jartzen? Pertsona horiek beren bizitzekin ordaintzen ari dira. Bueno, bizitza esatea asko esatea da».

«Gure egunerokotasunak eta kongoarrenak ez du zerikusirik. Haien errealitatea eta gurea erabat paregabeak dira. Haiena eguneroko biziraupena da. Hurrengo egunera iristea dute helburu. Gurea, gure helburuak eta helburuak betetzea. Aldea hain da ikaragarria, ezen imajinaezina baita. Han egonda ere ez zara jabetzen».

«Adibide bat ipiniko dut. Gomaren inguruetan, 700.000 bat desplazatu zeuden. M23 taldeak hiriburuaren kontrola bere gain hartu zuenean, 72 orduko epemuga eman zien horiei alde egiteko, gobernatzen duen eremuetan desplazaturik ez baititu nahi. Erraz esaten da, baina hiru egunetan ia milioi bat pertsona kanporatu zituzten. Bi urteko umetxoak kilometro luzeak oinez egiten euripean, emakumeak fardel piloa buruan eramaten, eta bizkarrean haurtxo bat. Komuneko egur zatiak kentzen ikusi ditut, horiekin berotu ahal izateko. Beraien jatorrizko herrietara itzularazi dituzte, baina zer egingo dute bertan? Orain ez da lurra lantzeko garaia. Zer jango dute? Pertsona hauen mina eta sufrikarioa gizagabeak dira», plazaratu zuen Martinezek.

Emakume bat, Kongoren aldeko mobilizazio batean. (GETTY)

«Oso kezkatuta gaude, zeren gatazka honek ez du etenik. 30 urte luze hauetan bospasei milioi pertsona hil dira, Nazio Batuen arabera. Ez dugu konponbiderik ikusten. Eta bitartean, pertsonak hiltzen ari dira; haur eta amen heriotza tasa goi-goian dago. Malnutrizioaren eta sexu indarkeriaren adierazle larriak daude herrialdean. Munduak errealitate honi bizkarra ematen dio. Ez dago adjektiborik egoera deskribatzeko».

Gobernuz kanpoko erakundeak hiru hamarkada daramatza lanean herrialde afrikarrean. Hori dela eta, azpiegitura aldetik, «biltoki eta ekipamendu handiak ditugu. Kongoko Osasun Ministerioarekin lan hitzarmenak ditugu. Urtez urte osatzen joan garen oinarri honek baldintza hauetan lan egitea ahalbidetzen digu. Esan beharra dago gure abantailarik handiena bertako lankideak direla. Eremuaz duten ezagutza handia oso lagungarria da baldintza txar hauetan. Tokian tokiko langile humanitarioak dira edozein interbentzioren oinarria. MSF bezala, bertako lan taldeen ekarpena eta garrantzia nabarmendu nahi ditugu, funtsezkoak dira».

«ASKO DUGU IKASTEKO»

Bere hitzetan, «haiengandik asko dugu ikasteko. Gu haien herrialdean eta eskualdean gaude. Ezinezkoa da gatazka armatuaren ondorioz gertuko senide bat galdu ez duen lankide bat topatzea. Ez bada eraso batengatik, bala galdu batengatik edo lapurreta batengatik, guztiek galdu dute senideren bat. Okerrena da badakitela amaierarik gabeko egoera bat dela. Gerra testuinguru batean jaio, bizi eta hilko direla dakite. Bakea egotearen esperantza galdu dute».

Horregatik, ezinbestekotzat jotzen du kongoarrei «ahotsa ematea, Kongokoa ikusezina den krisialdi horietako bat da-eta. Bidegabea da ahanzturan gelditzea». Martinez oso kritikoa da Mendebaldearen jarrerarekin. «Ez zaigu inporta gure mugetatik kanpo zer gertatzen den. Gure egunerokotasuna besterik ez zaigu inporta, eta ez gara konturatzen zer-nolako basakeriak egiten ari diren Gazan -bertan ere egon da MSFren misio batean, genozidio bete-betean- edo Kongon. Egunen batean ordainduko dugu, bueltan etorriko zaizkigu sarraski horiek. Lotsatu egiten nau Mendebaldeak Gazako genozidioa edo Kongon gertatzen ari diren basakeriak geldiarazteko neurririk ez hartzeak».

UGANDAN ETA BURUNDIN, ERAGINA

Inguruko herrialdeetan ere, Ugandan eta Burundin, egoera larria da. Urtarriletik, 28.000 errefuxiatu kongoar baino gehiagok ihes egin dute Ugandara, hau da, iaz baino %500 gehiagok. Iritsi berrien testigantzek gatazkatik etsi-etsian ihes egitearen eta giza eskubideen urraketa larrien berri ematen dute. Ugandako harrera- eta zirkulazio-zentro gehienetan zazpi aldiz pertsona gehiago daude gaur egun, eta ez dute behar adina ur, saneamendu eta aterpe. Finantzaketa-murrizketek gainezka utzi dituzte osasun-zentroak, eta haurren nutrizio txarra areagotu egin da, iritsi berriak dauden eremuetan elikadura-zentroak itxi egin direlako, salatu du Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak.

Rugomboko komunan, Burundin, otsailetik hona iritsi diren 68.000 errefuxiatuetatik gehienak biltzen dituenean, instalazio egokirik ez egoteak eta estadioan eta pertsonak babesten aritu diren inguruetan pilaketak eta arreta mediko mugatua izateak gutxienez zortzi kolera kasu susmagarri eragin dituzte.