GAUR8

Faroek hiru egun hartu ditu boluntarioak auzolanean aritzeko

Fenomeno berria da turismoa Faroe uharteetan, baina etengabe doa gorantz. Hazkunde hori kontrolatzeko, «Mantenurako itxita» programa egin dute pasa den ostegunetik gaur arte: ohiko bisitariei gune garrantzitsuenak zarratu dizkiete, eta mundu osoko boluntarioak hartu dituzte auzolanerako.

Boluntarioak bideak garbitzen auzolanean. (Bjartur VEST / TURISMO BULEGOA)

Faroe uharteak ez dira Europako lekurik bisitatuenak. Urrun daude Ipar Itsasoan, oso eremu euritsua da, eta garraioa ez dago erraz: aire-konpainia gutxi iristen dira; horrez gain, astean behin Danimarkatik Islandiara doan ferryak geldialdia egiten du bertan. Faroetar gehienentzat zail samarra zen, duela ez askora arte, bisitariak imajinatzea Ipar Atlantikoan galdutako artxipelago honetan, Kalsoyko itsaslabarretan mendi-ibilian, Gjogv-eko belarrezko teilatuei argazkiak egiten edo Mykines irlako lanperna-musu txoriei beha.

Hala ere, duela hamarkada bat turismoa sustatzen hasi zirenetik, bisitari kopurua gorantz joan da. Neurrigabe ez hazteko, eta beharrezko etena egiteko, «Mantenurako itxita» izeneko programa jarri zuten martxan 2019an: ohiko gune turistikoak pare bat egunez itxi zituzten eta, era berean, boluntario gisa laguntzera etorri nahi zutenei dei egin zieten. Hegaldia beren patrikatik onartu beharko zuten, baina bertakoek hartuko zituzten etxean lotarako eta otorduetarako. Milaka eskaera jaso ostean, ehun bat lagunek parte hartu zuten lehen edizioan. Geroztik, 600 lagun inguru izan dira hurrengo ekitaldietan (23.000k egin dute eskaera). Aurtengoa, ostegunean hasi zen eta gaur amaituko da.

«Programak pizgarri gisa balio du uharteen edertasuna mantentzeko funtsezkoak diren instalazioak sortzeko: bideak, begiratokiak, eta abar. Modu honetan, ingurumenaren zaintzan beti aurretik joatea bermatzen dugu», esan du Jóhan Pauli Helgasonek, Visit Faroe Islands-eko garapen-kudeatzaileak. «Harro gaude programaren mezuarekin, bat egiten baitu bidaia arduratsuaren joerarekin, eta jendeari, bidaiatzen duenean, zerbait bueltan emateko aukera ematen dio», gaineratu du.

Laino lodia eta euria eguzkia baino ohikoagoak diren lurralde honetaraino turismoa bertako gobernuaren bultzadaren ondorioz eta marketin kanpaina berritzaileei esker iritsi da.

Torshavn hiriburuko exekutiboak ekonomia dibertsifikatzeko helburua jarri zuen duela urte batzuk. Faroetarrak, Danimarkako herritartasuna izanik, badira Europako Batasuneko herritar, baina artxipelagoa bera ez da EBko kide, eta hemen ez dira Bruselako arrantza-kuotak ezartzen. Hala ere, itsas zabaleko arrantza eta izokinen hazkuntza ia ekonomiaren ardatz bakarra izatea arriskutsuegia zela iritzi zion gobernuak, eta balizko krisien aurrean beste jarduera batzuk ere izatea komeni zitzaiola ondorioztatu zuen.

Iaz, esaterako, Europatik kanpoko lehen kanpainetako batean, New Yorkerainoko hegaldi bat izan zuten udako denboraldian. Danimarkako erresumaren zati den lurralde autonomo honek 130.000 bisitari zenbatu zituen 2023an, eta 125 milioi euro utzi zituen eskandinaviar nazioan. Duela hamar urte, Faroeetako BPGaren ehuneko bat zen turismoa. Egun, % 6ra iritsi da.

Nondik begiratzen den, pentsa liteke ez dela asko (Bilbok zein Donostiak, kasu, milioi bat bisitari baino gehiago zenbatu zituen bakoitzak). Iparraldeko itsasoan aparte samar dagoen artxipelago txikia da Faroe, azken batean: Islandia, Norvegia, Danimarka eta Eskoziako Shetland uharteen erdian, eta lau lurraldeetatik aski urrun, hala ere. Baina pertsonak baino ardi gehiago dauden lurraldea da: 54.000 biztanle dira, Nafarroa Beherearen antzeko azalera daukan lurralde batean.

«Mantenurako itxita» programaren barnean, boluntario lanak egiten, 2022ko maiatzaren 6an. (Bjartur VEST / TURISMO BULEGOA)

Turismoa aho bikoitzeko arma dela argi geratu da azken urteotan. Askok, gehienek ziur aski, maite dute, ahal izatera, oporraldiren bat izatea, urruneko edo gertuko lekuak bisitatzea. Turista kopurua masibo bihurtu da Euskal Herriko eta Europako ez toki gutxitan, ordea, eta horrek dakartzan kalteak ere begi bistan daude.

Turismoak dakartzan balizko onura ekonomikoen eta hain onuragarriak ez diren beste ondorio batzuen arteko oreka bilatzea beti da zaila.

Faroeko kasuan, Islandia beti izan da erreferente garrantzitsu, anaia edo ahizpa handi baten gisara: Danimarkaren mende egotetik independente izatera igaro zen 1945ean, bi hizkuntzak ez daude urrun, antzeko ortografia darabilte, eta faroeera biziberritzeko islandieraren ereduari begiratu ohi diote. Turismoan, baina, «kontra-eredu» gisa ikusi dute Islandian gertatutakoa: 2023an bi milioi bisitari baino gehiago izan zituzten, 393.000 biztanle soilik izanda.

«Islandiaren akatsetatik ikasi dugu», adierazi zion 62° N agentziako Rannva Poulsenek “Le Monderi”. Gaztetan Berlinera joan ostean, ez zuen itzultzeko asmorik, baina turismoak aukera bat eman zion, «gure herriaz harro sentitzeko». Danimarkara ikasketak egitera doazen asko ez dira artxipelagora itzultzen. Turismoak arrantza industriatik kanpo aukerak eskaintzen ditu. Faroeko biztanleria gorantz hasi da berriz ere, baina badakite egun batetik bestera egoerak gainez egin dezakeela: «Beldurra diogu Airbnb gisako alokairuak ugaltzeari, horrek are zailago bihurtuko lukeelako herritarrek etxea aurkitzea», aitortu du. Mendi-ibilaldietan gertatzen diren istripuak ere kezka-iturri dira, erreskaterako helikopteroak erabiltzeak irla urrunenetan bizi diren biztanleei garraiobide hori kentzea baitakar.

«BOLUNTURISMOA»

«Faroe uharteek arrakasta izan dute zenbait urtez turismoa bultzatzen», dio Rune Hørslev-ek. «Mantenurako itxita» kontzeptua sortu zuen Danimarkako Mensch sormen agentziako kidea da. «Alde batetik, turismoa gora zihoan, baina, bestetik, modu jasangarrian kudeatu nahi zuten, tokiko komunitateak etekina ateratzeko, ez soilik ekonomikoki, baita gizarte bezala ere. Asteburu baterako ixteko kontzeptua bururatu zitzaigun».

“Voluntourism” edo «Bolunturismoa» kontzeptua sortu zuten, ingelesezko “volunteer” (boluntario) eta turismoa lotuta. Ez da kontzeptu berria ere, eta ezagunak ditu arriskuak, mundu osoan behin baino gehiagotan ikusi den legez: borondate onenean joandako pertsonek kontzientzia indartu, baina egiaz onura baino kalte handiagoa egitea bisitatzen dituzten komunitateetan.

Aurrekari horiek aintzat hartuta, Faroeetako berrogei bat lagunekin batera auzolanean ariko ziren ehun bat bisitari gonbidatzea pentsatu zuten, hain biztanle gutxiko nazioak behar-beharrezkoak zituen lanetarako. Mendi-bideetan harri solteak kentzea eta egurrezko seinaleak jartzea norabidea markatzeko, esaterako. Lehen edizioan parte hartu zuen Tim Ecott kazetariak aipatzen zuenez, «historikoki, harri solteak herritarrek garbitzen zituzten, baina gaur egun errepideak daude eta oso gutxitan ibiltzen dira mendian. Egun, turistak dabiltza batez ere mendi malkartsuen, itsas hegazti oparoen eta itxura basatiko ardien artxipelago hau arakatzen, eta haientzat berritzen dira gehienbat».

MARKETINA

Visit Faroe Islands-ek aitortzen du «Mantenurako itxita» programa «marketin kanpaina» ere badela, «baina esperientzia turistikoan benetako hobekuntzak egiteko ere badela, eta bisitariei eta bertakoei kultur truke egokia eskaintzeko. Turismoaren bertsio jasangarriago bat dela uste dugu, 50.000 biztanle besterik ez dituen herrialde baterako», dio Jóhan Pauli Helgasonek. Bera arduratu zen, 2019an, 25 herrialdetatik iritsitako lehen ehun boluntarioak hamar egitasmotan banatzeaz, eta beharreko logistika-kontuez. Lehen edizioan aukerarik izan ez zutenetako askok berriz ere eskaera egin zuten hurrengo urteetan, eta egun, Faroetara auzolan-egun hauetan joateko aukera egokitzea «loteria» gisa ikusi ohi dute. 80 lagun gonbidatzen dituzte, eta sei mila inguru eskaera jaso, mundu osoko ehun herrialdetatik, gutxi gorabehera. Hau da, %2tik beherakoa da lekua egokitzeko aukera.

Gonbidapenen %30 beharrizanen araberako profilei esleitzen dizkiete, baina gainerakoak zotz eginda aukeratu ohi dira, mendian ibiltzeko eta mailuak, palak eta bestelako lanabesak erabiltzeko gai izatea baino ez dute eskatzen.

«Bai, noski, marketina da» aitortzen du Vanja Davidsen boluntarioen talde bateko buruak, lan horrek guztiak egiaz onurarik uzten ote duen galdetutakoan. «Baina lagundu ere egiten du. Hemen egunero dago lanen bat, konpondu beharreko zerbait».

«Mantenurako itxita» kartela soinean eramaten boluntario bat, 2021eko irailaren 22an. (Polarfilms / @polarfilms.fo TURISMO BULEGOA)

Slættaratindur Faroeko mendi garaienaren tontorrera bidea garbitzea eta argitzea esleitu zitzaion aurreko urteko talde bati. Boluntarioak lerroka jarrita, batzuek harriak zulatu zituzten bidea argiago egiteko, beste batzuek zorua berdindu zuten, urrats seguruagoak izateko, eta espraiz markatu zituzten bideak.

Beste lanetako bat «pertsonen kontagailuak» jartzea izan da, mendi-ibilbideen eta kulturguneen sarreretan, leku bakoitzak jasotzen dituen bisitarien kopuruari buruzko estatistikak izateko. Amy MacPherson 2023ko boluntarioak kontatzen duenez, Tórshavn hiriburuaren eta Kirkjubøur herri zaharraren arteko bidean lanean zebilela ikasi zuen mendi-bideetan dauden cairn-ak (pertsonek egindako harri-pilaketak) ez zirela ukitu behar. «Jendeak uste du agian laguntzen ari dela, edo gurari bat gehitzen ari direla lehendik dauden cairn-etan arrokak gehitzen dituztenean», esan zien taldeburuak, «baina ez dira ohartzen zulo horien artean harri berriak sartuz, cairn baten euskarri-egitura kaltetu dezaketela; baliteke oso zaharra izatea eta erortzea».

BAKARRIK ETA IRUDIMENTSU

Gásadalur-en egin zuten lehen edizioko herri-lanetako bat, Vágar uhartean. Faroeetan argazki gehien egiten den txokoetako bat dauka Gásadalur-ek, itsaslabarretik Atlantikora zuzenean isurtzen den ur-jauzi bat, baina duela hogei urtera arte bertan geratzen ziren herritar bakanek oinezko mendi buelta egin behar zuten gainerako herrietara edo, sinpleki, medikuarenera joateko. 2003an oinezkoei eta 2006an ibilgailuei irekitako tunelak hori guztia aldatu zuen. Turista asko etortzen dira, baina oraindik ez dute biztanleria emendatzea lortu. Edozelan ere, herrialdean etengabe geratu diren aldaketen adibide da: ez dira mundu zabalera eta turismora soilik zabaldu, mendeetan itsasoak bereizitako irla gehienak lurpeko tunelen bidez lotu dira, sekulako ingeniaritza-lanei esker.

Mendeetan aurrera egiten jakin duen nazioa dira; azken batean, arrantzan historikoki, eta bestelako erronka modernoetan gaur egun. Duela urte gutxi, Google-k faroeera bere itzulpen-hizkuntzen artean sartzen ez zuela-eta, beren kabuz jo zuten, bisitariei bertako hizkuntza txikian komunikatzeko gaitasuna ere emateko.

Hala, online itzulpen zerbitzua sortzeko, herrialdean gora eta behera ibili ziren elkar grabatzen: eskolako irakasle zein nekazari, bertako herritarrak beren hizkuntzan entzun eta itzultzeko aukera ematen zuen. Bertakoen esaldi kuttunetako bat honakoa da: «Um tær ikki dámar veðrið, bíða so bara í 5 minuttir (ez baduzu atsegin eguraldia, aski da bost minutuz itxarotea».

Lehendik ere bestelako ekimen batzuk egin zituzten munduko joera teknologikoetatik baztertuta ez gelditzeko. Google Maps-en kale eta bideen Streetview zerbitzuan ez zeudenez, faroetarrek eurek eratu zuten artxiboa... kamerak ardien bizkarrean jarrita. Hala, Streetview beharrean Sheepview (ardi-ikuspegia) izena emanda, mundu osoan zabaldu zen ekimenaren ospea.

KONTRAESANAK

Aldaketak aldaketa, errezeloa ere badakar beti berrikuntzak, are gehiago kanpotar gutxi ibili izan den lekuetan turistak agertuz gero. Azken batean, turismoak sentimendu kontrajarriak piztu ohi ditu, eta Faroen ere antzera da. Torshavn hiriburuko ostatu eta negozio berriak pozarren dauden bitartean, herrietan batek baino gehiagok uste dute bisitariek dakarten ustezko onura ez dela haiengana iristen. Mendian dohainik ibili ohi diren askok, esaterako, ez dute ulertzen Faroeetako ibilbide ezagunenetako batzuk bertako nekazarien lurretatik igarotzen direla, eta ordainlekuak egotea naturaren erdian. Baina, era berean, nekazari eta artzainak ere kexu dira turistek utzitako arrastoaz, belardiak higatzeaz edo ardiak uxatzeaz. Instagramen hain eder geratzen den belarrezko teilatudun etxe hori, esaterako, familia baten baserria da, eta inork ez du maite turistak leihotik begira harrapatzea.

Programa diseinatu zutenean horrelako erreakzioak aurreikusi zituztela diote antolatzaileek, eta giro inklusibo bat sortzeko ahalegina egiten dutela. Egitasmoak lantzen diren bitartean, nekazari eta lur-jabeekin kontsultak egiten dituzte.

Duela hiru urte boluntario lanetan ibili zirenen taldeko argazkia. (Bardur EKLUND / FAROETAKO TURISMO BULEGOA)

Azken batean, Faroeetara doazen gehienak naturak erakarrita joaten dira. Eta azken urteotan ugaritu diren ekintza horietako batzuk, mendi-txangoak edo kayakean ibiltzea, esaterako, oso arrotzak egiten zaizkie. «Tradizionalki, faroetarrentzat, aire librea lan egiten duten lekua da», dio taldeetako baten gidari den Alda Magnusardóttir Egilstrøð-ek. «Faroeko natura oso muturrekoa da; beldurra eta errespetua izan behar zaio. Beraz, aisialdian mendi batera igotzearen ideiak ez du zentzurik bertakoentzat», esan du.

Elsa Maria gidariak, Imagine5 kazetari programa honekin berreraikitako bideak erakusteaz gain, programaren beraren garrantzia azpimarratu du. «Laguntza behar dugu mendizaleek ingurumenean eragindako kaltea konpontzeko. Euria egiten badu, bide hauek ezegonkorrak dira, eta batzuetan arriskutsuak. Nork ordainduko du berreraikitzea, turistek egin ezean? Nekazariek ez dute horretarako dirurik».

Programako boluntarioak Faroeko etxeetan geratzen dira, baina ez dira kanpotarrak bertan parte hartzen duten bakarrak. Urtez urte, faroetarrak eurak ere hasi dira izena ematen auzolanerako boluntario gisa. Bertakoen kasuan, ez dute hautapen-prozesurik egin behar, automatikoki sartzen dira. Helburua, kanpoko marketinarekin eta auzolanarekin batera, komunitatea elkartzea eta arrastoa uztea da. Urtez urte, gero eta gehiago omen dira bideak garbitzen eta berritzen aritzen diren faroetarrak.

Inork ez du aurkitu turismoaren izaera bikoitzean asmatzeko giltzarik oraindik, baina gero eta gehiago dira kontrolik gabeko hazkundeari aurre eginda norbere arima galtzea ez dakarren ereduren baten bila ari direnak. Hirietan, eta hirietatik kanpoko landa-eremuetan, komunitate guztiari onura ekarriko dion formula orekatua nahi dute Faroe uharteetan ere. Itsas-bidaien eredua maite ez arren, turisten ehuneko 30 itsasoz joaten da, kontinentetik Islandiara bidean doi-doi eguneko geldialdia egitera. Aireportu berria ere badaukate; Danimarka, Norvegia eta Islandiaz gain, Paris, Londres eta Bartzelonara ere izaten dira udan hegaldiak, baita Mallorcara eta Kanarietara ere. Turismoaren kontraesanetan baitago bertakoak ere turista direla kanpora joatean.