2025 MAI. 17 - 00:00h Alloko irin-errota, 1920ko hamarkadan (GABINO SANZ HERMOSO DE MENDOZA. NAFARROAKO ERREGE ARTXIBO OROKORRA.) Juantxo EGAÑA Nafarroako Artxibo Nagusiak, bere funtsen artean, Gabino Sanz Hermoso de Mendoza Lizarrako argazkilari afizionatuak beirazko plaketan egindako negatibo batzuk gordetzen ditu. 1902an Lizarran jaioa eta 1990eko ekainaren 24an herri berean hila, «Gabino el Peletero» bezala ezagunagoa zen bere lanbideagatik. XX. mendearen lehen erdian, Gabinok Lizarrako eta inguruko beste herri batzuetako eszena kostunbristak harrapatu zituen bere kamerarekin, Lizarrerriko eguneroko bizitza, tradizioak eta paisaia islatuz. Joan den mendeko 20ko hamarkadan Allon hartutako irudian, 25 pertsona ageri dira irin-errotaren kanpoaldean. Irudian, badirudi jabeek goiko aldea eta erdigunea okupatzen dituztela, besteen gainean duten posizioa nabarmenduz. Langileak beste plano batzuetan agertzen dira, lantaldeko kide izan daitekeen emakume bakarra barne. Haur talde bat ere badago.