2025 MAI. 24 - 00:00h Giza eskubideen defendatzaile afrikarren erronkak ezagutuz eta babesa pentsatuz Bi egunez, Afrikako zenbait giza eskubideen defendatzaileri beren borrokak eta esperientziak partekatzeko gune bat eskaini zien eLankidetzak Gasteizen. Haien erronkak ikusarazteko eta irtenbide zehatzak emateko, babesteko, eta aldaketarako eragile gisa haien legitimitatea handitzeko gune izan zen. “Giza eskubideen defendatzaileen autopertzepzioa, legezko izaera eta zilegitasuna” mahai inguruko irudi bat. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) Xabier Izaga Giza eskubideak urratzen diren lekuetan bizitzea arriskutsua izaten da, eta are arriskutsuagoa haien defentsan jardutea. Afrika gatazka askoren agertokia izaki, urraketa horietarako baldintza asko ditu. Gerraren, gosearen eta gaixotasunen biktimak milaka zenbatzen dira. Baina badira egoera hori aldatzeko lan handia egiten dutenak, giza eskubideen defendatzaileak, hain zuzen. Nork babesten ditu, baina, eskubideen defendatzaileak? Afrikako defendatzaileen lana ezinbestekoa da; hala ere, bai haiek, bai haien erakundeek mehatxuak eta jazarpena jasaten dituzte, haien bizia etengabeko arriskuan dela. «Egoera horren aurrean, funtsezkoa da Afrikako kontinentean dauden errealitate anitzei erantzuten dieten babes estrategia eta mekanismoei buruzko gure ezagutza sendotzea, bai eta euskal gizarteak aktibista hauen babes integrala bermatzen nola lagun dezakeen hausnartzea ere». Horixe izan zen eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak hil honen 6an eta 7an Gasteizko Europa Jauregian egin zituen jardunaldien xedea, bi egunez Afrikako giza eskubideen defendatzaileekin eta erakundeekin erronka nagusien inguruan eztabaidatzeko eta haien babeserako estrategiak partekatzeko aukera emanda. Halaber, aldaketarako eragile gisa duten zilegitasuna aitortzeko eta haien beharrak hobeto islatuko dituzten politikak antolatzeko baliagarriak izan zitezen antolatu zituzten jardunaldiok, baita EAEren eta Afrikaren arteko lankidetza eta elkartasun eragileen arteko lotura sendotzeko asmoz ere. Afrikako hainbat herrialdetako giza eskubideen defendatzaileek parte hartu zuten topaketetan. Izan ziren eztabaidetan, Afrikako defendatzaileek dituzten erronka nagusien testuingurua jorratu zuten: balio sozial ultrakontserbadoreen inposaketatik gatazka armatuetaraino, baliabide naturalen ustiapen arduragabea eta giza eskubideen emakumezko defendatzaileek eta sexu orientazioa eta genero identitate aniztasuna defendatzen dituztenek aurre egin behar izaten dieten arrisku handiagoak. Eskualde mailako, nazio mailako eta herri mailako babes-mekanismoak ere aztertu zituzten, haien eraginkortasuna baloratzeko eta hobetzeko arloak identifikatzeko. MAHAI INGURUA «Banaka edo beste pertsona batzuekin batera giza eskubideak sustatzeko eta babesteko neurriak hartzen dituzten pertsonak deskribatzeko erabiltzen da ‘giza eskubideen defendatzaile’ terminoa. [...] zer egiten duten eta zer testuingurutan lan egiten duten deskribatzea da terminoa azaltzeko modurik onena», dio eLankidetzak, eta horren inguruan aritu ziren William Amanzuru, Ugandako Friends of Zoka erakundearen koordinatzailea eta ingurumenaren eskubideen defendatzailea; Caddy Adzuba, Kongoko Errepublika Demokratikoko abokatu, kazetari eta emakumeen, haurren eta prentsa askatasunaren aldeko eskubideen defendatzailea; eta Aminatou Haidar, Mendebaldeko Saharako giza eskubideen defendatzailea “Giza eskubideen defendatzaileen autopertzepzioa, legezko izaera eta zilegitasuna” mahai inguruan. «Ez nion bidaia honi giza eskubideen defendatzaile gisa ekin, herritar gisa baizik», esan zuen Amanzuruk, eta eskubide horiek ez direla agintariek ematen duten zerbait, errespetatu behar den zerbait baizik; beraz, «ez dira eztabaidatu behar agintariek eman ditzaten, baina bai uler dezaten gobernantza aukeretarako, demokraziarako eta zuzenbide estaturako hartzen diren erabakien artean giza eskubideak bermatu behar direla». Caddy Adzubak esan zuenez, giza eskubideen defendatzailearen zeregina zoragarria eta oso zaila da. «Hori bizi egin behar da, grina sentitu, DNAn eraman». Bera ez zen jardun horretan sartu hala nahi zuelako, «beharrez sartu nintzen». Kongoko Errepublika Demokratikoan meatze baliabide asko daude eta pertsonen biziaren eta materialen artean aukeratu behar dela dio. «Gela honetan denok erabiltzen dugun telefonoa egiteko, kongoarrak hil behar dira, ibilgailu bateriak egiteko eta adimen artifiziala izateko, berdin. Ez dut zerikusirik bilakaera teknologikoarekin. Zergatik sakrifikatu behar dut nire bizia norbaitek arazo hori izan dezan? Zertarako? Orduan, galdera horiek guztiak eraman ninduten borroka honetan parte hartzera. Ulertu egin nahi nuen». William Amanzuru, Caddy Adzuba eta Aminatou Haidar, mahai inguruan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU) Aminatu Haidar ere bere herriko egoerak eraman zuen giza eskubideen aldeko jardunera: «Nire konpromiso aberkoia zela eta, era guztietako ankerkeriak jasan nituen okupazio agintari marokoarren aldetik. 20 urterekin inteligentzia zerbitzu sekretuek bahitu ninduten, eta lau urte eman nituen haien zaintzapean». Askatu zutenean, «aire zabaleko espetxe handi batean preso» aurkitu zuen bere burua, Marokok kontrolatuta eta jazarrita. Egoera horretan bizi izan dira sahararrak lurralde okupatuan; «beraz, giza eskubideen aldeko ekintzaile bihurtu gara urteetan zehar. Horrela ezagutzen gaitu gure jendeak, giza eskubideen aldeko aktibista gisa. Marokorentzat traidoreak gara, etsaiak gara. Baina gure jendea harro dago gutaz. Eta urteetan zehar, nazioartean giza eskubideen defendatzaile gisa ezagunak bihurtu gara». Adzubak ere kontatu zuen nola gobernuek etsaitzat hartzen dituzten: «Gure gobernuari esaten diogunean zein den gerraren egoera, Kongoko armadak egiten duena, etsai bihurtzen gara». Eta, dioenez, errebeldeentzat, giza eskubideen defendatzaileek ez dute bizitzeko eskubiderik. Eta emakumezko defendatzaileen egoera are larriagoa azpimarratu zuen: «Bitan gara biktima: giza eskubideen defendatzaile gisa eta emakume gisa». LEGEDIAK ETA JENDARTEA Ugandako legeek LGBT komunitateko kideak ez dituzte gizakitzat hartzen, Amanzuruk esan zuenez. «Jarrera penala da ez direla gizakiak, bizitzaren salbuespen bat bizi dutelako». Hala, ikuspegi zabalago baten beharra jarri zuen mahai gainean: «LGBT komunitateko pertsonak jaio ziren; orduan, jaiotzeagatik, beren jaiotza eskubideagatik, errespeta ditzakegu?». Jaiotza eskubideen aldeko aldarri horrek legegileei eta botere judizialari bidalitako mezu bat zeraman: «Ez dut zuen gizaki definiziorik behar». Giza eskubideen defendatzaileen lana legezkoa da, eta ordezkatzen duten jendarte zibilak legitimatzen du lan hori. Bigarren horretan bat etorri ziren hirurak. «Legitimitatea dugu, komunitatearen babesa dugulako», esan zuen Adzubak. Hala ere, giza eskubideen defendatzaileak babesteko legeak indarrean egon arren, «aplikazioa oso mugatua da, eta bereziki gatazka guneetan, ez dago halakorik. Giza eskubideen defendatzaile bati erraz leporatuko zaio Estatuaren segurtasunaren aurkako atentatua, eta delitu hori heriotzarekin zigortzen da». Sahararen kasuan, «gaur egun, dozenaka giza eskubideen defendatzaile ditugu Marokoko espetxeetan», kontatu zuen Haidarrek. Adzubak gaztetatik bizi izan duen esperientziatik, iheslariak ekarri zituen gogora: «Nire bizitza bakean bizi nahi dut, baina etxea uztera behartuta nago, basoak oinez gurutzatzera, errefuxiatu bihurtzeko. Eta Europara etortzen naizenean asilo eske, ukatu egiten didate. Baina zergatik botatzen naute nire etxetik?». REINE ALAPINI-GANSOU, LEGELARI BENINDARRA: «EUSKAL HERRIKO ETA AFRIKAKO ERAGILEEN ARTEAN ZUBI GERO ETA SENDOAGOA EZARRI BEHAR DUGU» (Jaizki FONTANEDA / FOKU) Afrikako giza eskubideen defendatzaileen egoeraren ikuspegi orokorra eman zuen Reine Alapini-Gansou legelari benindarrak Gasteizen, Defendatzaileak Babestuz jardunaldien inaugurazio hitzaldian. Egun berean eta leku berean, GAUR8rekin mintzatu zen. Giza eskubideen defendatzaileek Afrikan bizi duten egoeraren azaleko deskribapen bat egingo duzu? Giza eskubideen egoerari buruz hitz egiteko, prozedurari dagokionez, gogoratu behar duguna da Giza eta Herrien Eskubideen Afrikako Batzordeak, kontinentean giza eskubideak ezartzeko organo nagusia denak, urtean bitan egiten dituela bilkurak, eta saio bakoitzean giza eskubideen egoera orokorraren eta giza eskubideen defendatzaileen egoera espezifikoaren azterketa egiten dela. Hala ezarri zen, 2004ko 69 ebazpenean, giza eskubideen defendatzaileen egoerari buruzko Errelatore Bereziaren figura sortu zenean. Hala, sei hilean behin giza eskubideen defendatzaileen egoera aurkezten du mekanismo horren titularrak. Oro har, pertsona horiek atxiloketa arbitrarioak jasaten dituzte, baita jazarpena ere, eta askotan justiziari aurre egin behar izaten diote. Larderia eta indarkeria fisikoa jasaten dituzte; zaintza eta zentsura digitala daude, eta sexu-orientaziorako eskubidearekin lotutako arazo askori eta genero- eta sexu-arrazoiengatiko diskriminaziorik ezarekin lotutako gaiei ere aurre egin behar diete, bereziki emakumeek. Beraz, hauxe da, oro har, giza eskubideen urraketen diagrama. Pertsona horiek guztiak babestea da erronka, noski. Zer estrategia daude abian horri heltzeko? Eta zer mekanismo legal edo ofizial? Hori da, erronka da giza eskubideen defendatzaileen babesa indartzea. Ondo iruditzen bazaizu, lehenik mekanismoei buruz hitz egin beharko genuke, eta ondoren, pertsona horien babesa indartzeko behar diren estrategiei buruz. Mekanismoei dagokienez, judizialak eta judizioz kanpokoak daude. Alde batetik, Giza eta Herrien Eskubideen Afrikako Batzordeak neurri baterainoko tresnak ditu giza eskubideen defendatzaileak babesteko. Giza Eskubideen Afrikako Gortea ere badugu, Giza eta Herrien Eskubideen Batzordearen osagarri dena. Horiek Afrika osokoak dira, eta horietatik kanpo, Afrikako azpieskualde mailan, Mendebaldeko Afrikako Estatuen Ekonomia Erkidegoko Justizia eta Giza Eskubideen Auzitegia ditugu, giza eskubideen defendatzaileen salaketak jaso ditzakeena. Eta mekanismorik garrantzitsuena Errelatore Berezia da, abian jartzeko prozedura asko dituena, hala nola alertak, premiazko eskariak, fiskalari edo Estatuei gutunak bidaltzea informazio gehiago eskatzeko... hori guztia giza eskubideen defendatzaileei beren lana egiten laguntzeko. Hala ere, gaur egun planteatzen dugun arazoa da mekanismo horiek egon arren giza eskubideen urraketak daudela, eta galde daiteke zer estrategia jarriko ditugun martxan haiei laguntzen jarraitzeko. Uste dut, alde batetik, gizarte zibilak Shelter Cities [arriskuan dauden giza eskubideen defendatzaileekin lan egiten duten hirien, erakundeen eta pertsonen mugimendu globala] bezalako ekimenak sortu ditzakeela, alde guztietatik instalatzen ari direnak. Eta beste estrategia bat, bereziki, lankidetza izan daiteke. Lankidetza bertikala eta horizontala. Horizontalak, Afrikan, aktore afrikarren arteko lankidetza behar luke. Eta bertikala, eskualdeen arteko lankidetza dugu, hau da, Euskal Herriaren eta Afrikaren artean oraintxe bertan abian jartzen ari garena, esate baterako, Afrikako gizarte zibileko eragileei tokian bertan egiten duten lana sendotzen laguntzeko. Lankidetza horri, gainera, eragileen arteko beharrezko elkarrizketa gehitu beharko litzaioke. Giza eskubideen defendatzaileen inguruko jardunaldiak, hain zuzen ere, lankidetza eta estrategia bertikal horren adibide lirateke, ezta? Bai. Aztertu behar da zein den egoera, ikus dezagun zein neurritan egin dugun aurrera eta zein neurritan dauden oraindik konpontzeko erronkak, eta nola ziurtatu zubi gero eta sendoagoa ezarriko dugula Euskal Herriko eta Afrikako eragileen artean. Jardunaldien erronketako bat euskal gizartean gogoeta sustatzea da, Afrikako giza eskubideen defendatzaileak babesten laguntzeko moduaren inguruko gogoeta. Iradokizunen bat, hemendik egin daitekeenari buruz? Oraingoz, argi eta garbi ikusten dut hemen euskal agintariek-eta gai horren inguruan lan egiteko erakutsi duten borondatea, baita etorri diren afrikar ordezkarien gogoa ere, beren esperientziak tokian bertan partekatzeko, esperientzia horiek dituzten erronkak erakusteko eta puntu positiboak zein diren ikusteko. Hori, lehenengo gauza. Nire ustez, garrantzitsuena, egiten ari garena, zubiak eraikitzeko eta esperientziak partekatzeko premiarekin zerikusia duen gai global baten aurrean gaudela ikustea da. Beste gai espezifiko batzuk ere eztabaidatzen ari gara, hala nola gobernantza, ingurumenaren babesa, haurrak, emakumeak eta beste batzuk, zeinen inguruan Afrikak arazo handiak dituen. Ideia horiek guztiak elkartzen ditugunean, agian dokumentu bat sortuko dugu, zein arlo espezifikotan hasi behar dugun lantzen jakiteko. Etorkizuneko lanari buruzko ibilbide-orria garatu behar dugu, kezka garrantzitsuenak eta lehentasunak islatzeko, nahiz eta giza eskubideei dagokienez dena den lehentasunezkoa. Baina benetan giza eskubideak hobeto babesten lagundu nahi badugu, lehentasunak ezarri behar ditugu, eta nire kezka denbora ez galtzea da; denborarik ez galtzea da kontua. Testuinguru globalak, hau da, orain munduan gertatzen ari den erregresioak, politika-mailan gobernu askotan islatzen denak, giza eskubideen defendatzaileen egoera eta haien babesa zaildu edo okertzen du? Munduan gertatzen dena da estatuak oro har nolabaiteko bake egoeran daudenean eta gatazka handirik ez dagoenean erosoago sentitzen direla, eta giza eskubideen defendatzaileentzako erreserbak egin ditzakete. Baina nik premia egoeratzat joko nituzkeen egoeretan daudenean, arlo batean edo bestean borrokatzeko politikak abiatzen dituzte, halako edo bestelako kontu baten aurka borrokatzeko politikak, eta giza eskubideen defendatzaileei laguntzeko proposamenak gutxitu egiten dira, nonbait. Beraz, gaur egun gertatzen ari dena normala dela uste dut. Ez diegu kargu hartuko gaur egun giza eskubideen defendatzaileak zaintzeko baliabide guztiak ez dituztela esaten ari zaizkigun estatuei. Nire ustez, itxaron egin behar da, garrantzitsuena borondatea egotea da, eta gero atertu arte itxaron behar da; izan ere, atertzen duenean, berriro egongo da bakerako eta giza eskubideen defendatzaileen defentsarako interes hori, eta pertsona horiek kemen berritua izango dute beren lanarekin jarraitzeko. Gaur egun hainbat gerra eta eskubide urraketa gertatzen dira Afrikan, milaka biktima eragiten dituztenak. Badirudi beste leku askotakoak baino oharkabeago gertatzen direla. Ez dut esan nahi Palestinakoak, esaterako, arreta handirik merezi ez duenik, guztiz kontrakoa, baina eman lezake tratamendu desberdina dagoela hedabideetan eta nazioarteko politikan. Gauzak horrela ez hautemateko promesa egin nion neure buruari, ez bainaiz aktore politikoa, nazioarteko justizia penalean eta giza eskubideetan aditua naiz. Badago egin duzun ohar horren egiaztapena, baina garrantzitsuena da maila bakoitzean zer egiten ari den ikustea. Bestela, ikuspegi hori hautatzen baduzu, benetan zeure buruari traba egiten diozu. Beraz, uste dut kasu bakoitzari bakarka heldu behar zaiola, orokortu gabe, eta jakin, oro har, aktore politiko bakoitzak bere interesen arabera lan egingo duela. Nik askotan esaten diet gure aktore politikoei, bereziki gure aktore politiko afrikarrei, lehenik eta behin beren arazoei beren mailan heltzeko, eta ez itxaroteko beste pertsona batzuk arazo horiek konpontzen laguntzera etorri arte. Horrela ikusten ditut gauzak, ez dut inor salatzen, nahiago dut neure buruari exijitzea.