GAUR8

Ezkerra, memeak eta komunikabideak

Iratzar Fundazioak eta UEUk antolatutako "Badago alternatiba!" ikastaroan, komunikazioaren esparruari eta ideien lehiari ere heldu zioten. Hiru aditu eta aritu elkartu zituzten: Iñaki Soto, GARAko zuzendaria; Goizeder Taberna, Mediabaskeko kazetaria; eta Maialen Arteaga, iritzigile eta kazetaria.

Andoni Olariaga dinamizatzailea eta Maialen Arteaga, Iñaki Soto eta Goizeder Taberna hizlariak, hurrenez hurren, Eibarko Markeskoa Jauregian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Bataila kulturaren garrantzia, komunikazio politikoan gauzatzen ari diren aldaketak, informazioaren aroko desinformazioa... Ikastaroko lehen mahai inguruan horiek aipatu ostean, horietan sakondu zuten bigarrengoan: nola irakurri behar dira aldaketa horiek? Nola eragin daiteke hor?

AHO BIKO EZPATA

Tabernak azaldu zuenez, sare sozialek sekulako aldaketa ekarri dute kazetarien lanean: «Lehen denbora asko behar izaten zen informazioa egiaztatzeko, gaur egun bi klikekin informazio asko lortzen da». Alabaina, paradoxikoa iruditu badaiteke ere, «sare sozialek gure lana zaildu dute». Zergatik? Batetik, informazio gehiegi heltzen delako, eta informazio horrekiko «zuhurtzia handiagoa» behar delako. Bestetik, «gure irakurlearen disposizioa aldatzen du, ze, gero eta gehiago, jendea kanal horietatik elikatzen da. Horietan mezu laburrak dira nagusi, irudiak leku handia hartzen du… Beraz, irakurleak jarduera atsegin bat bezala kontsumitzen du informazioa, distraitzeko, eta ez duzu arreta hain erraz erakartzen». Ondorioz, «entzunarazteko, ahalik eta ozenen egin behar da garrasi».

Ipar Euskal Herrian zer esanik ez. Izan ere, «pixkanaka gure lurraldea ikusezina da, Akitaniako departamentuaren arabera pentsatzen delako». Horren lekuko, Ipar Euskal Herrian monopolioa luzaz izan duten hedabide pribatu eta publikoak urruntzen ari dira. Horrek, aukerak sortzen baditu ere, zailtasunak ere biderkatu egiten ditu: «Gure berezitasuna da hurbileko hedabide bat garela. Sare sozialek urruntzen ahal gaituzte, oso zaila da algoritmo horien aurka borrokatzea».

Horren aurrean, kanalak biderkatzen eta interakzioa sortzen ahalegintzen dira. Harreman horiek ez dira beti atseginak izaten, ordea: «Adibidez, segurtasuneko gertakariak, eraso sexista bat edota arrazakeria arazo bat lantzen dugun aldi oro, sare sozialetan ideia atzerakoiak areagotzen dira. Eta irudi du aldi oro su berri bat pizten dugula: irainak izaten ahal dira, nomaden kontrakoak, mezu arrazistak… denbora pasatzen dugu mezu iraingarriak ezabatzen».

Hori kontuan izanik, edukiak sareetan nola zabaldu etengabe hausnartzen dute. Tartean, honako irakaspena atera dute: «Kazetariok gizartearen bestelako ikuspegia ematen dugunean, erreakzioak ezberdinak izaten ahal dira».

ARNASKETA LAGUNDUAREKIN

Sotok aldaketa horrek hedabideetan izandako eragina aztertu zuen. Bere iritziz, komunikazio moldeak aldatu ahala, «hedabideen bitartekaritza funtzio hori ahuldu egin da. Ez gara honezkero erakundeen, eztabaida publikoaren eta jendartearen arteko bitartekari pribilegiatuak».

Hori dela medio, «masa medioak izateari aspaldi utzi genion, eliteentzako medioak gara, baita Diario Vasco ere». Zergatik? «Gure eragina, modu zuzenean baino, bitartekari batzuen bidez egiten delako». Argitu zuenez, eliteak esatean ez du Iberdrolako burua esan nahi: «Kirolariak, sindikalistak, irakasleak… bere ingurunean eragin gehien daukan jende hori» du gogoan.

Aitzitik, eliteak, definizioz, ez dira asko izaten. Horren ondorioz, Sotorentzat «arazo nagusia da enpresa bezala gure bideragarritasuna kinkan dagoela». Aho bizarrik gabe, «kiebran dagoen sektore bat» dela esan zuen, «arnasketa lagunduari» esker bizirauten duena: «Lehen finantziaketa klientelar bat zegoen, baina egun urteroko erreskatea egiten zaie komunikabide nagusiei».

Sotoren ustez, «beti jokatzen da bihar derrigor aterako bagina bezala, eta hori ez dago bermatuta. Horren kontzientzia hartu behar dugu». Bide batez, sektore horren ezinak ikuspegi demokratiko batetik zer ondorio dituen hausnartu behar da, «herri batek termino intelektual, kultural eta politikoetan garatzeko daukan gaitasunari nola eragiten dion».

Adibide futbolistiko baten bidez azaldu zuen garrantzia hori: «Europan jolasten ari zarenean, Nico Williams aldageletan baloi batekin ateratzea eta Tic-Tok bidez zabaltzea bikaina izan daiteke; baina Bigarren Mailara jaisteko zaudenean, edota zure komunitatea alde ez dagoenean... zure zilegitasuna ahuldu egiten da, eta berriro ere bitartekari bat behar duzu. Eta komunikabideek bitartekari horiek izaten jarraitzen dute. Ahuldu egin dira, baina zilegitasun bat izaten jarraitzen dute».

SARE BIRTUAL BEZAIN ERREALAK

Arteagak sare sozialek ekarritako iraultza komunikatiboari heldu zion. Berak azaldu zuenez, unibertsitatean komunikazioa sistema bertikal bezala ezaugarritzen zuten, igorlea eta hartzailea argi bereizita. Horren aurrean, «sare sozialekin hartzaile hutsak ginenak informazio igorle bilakatu ahal gara. Sistema askoz korapilatsuagoa da, zirkularragoa. Hor, informazioaren boterearen kokalekua aldatu egin da, eta sistema kapitalistak hori nola dominatu birpentsatu behar izan du».

Arteagak nabarmendu zuenez, askotan esaten denaren kontrara, ez da mundu irreala: «Plaza publikoa bilakatu da. Bada joera bat mundu birtual gisa izendatzeko eta gutxiesteko, errealitatetik aparteko mundu bat izango bailitzan. Uste dut hori bukatu dela. Mundu birtual izendatzen dugun hori mundu errealaren ispilu edo erakusleiho bat da». Zehazten zuenez, «patriarkala, kapitalista eta abar da», jakina, munduaren parte baita. Hala ere, agenda markatzeko gaitasun erreala du, eta eraldatu nahi bada, «hori asumitzea inportantea da».

(Raul BOGAJO / FOKU)

Eremu horren nagusitzeak baditu arriskuak, noski. Arteagak azaldu zuenez, «gizarte hiperazeleratu batean, pertsona bati lau minutuz artikulu bat irakurtzeko eskatzeak mirari bat dirudi. Eta noski, esaldi konplexuak irakurtzeko ohiturarik ez baduzu, eta mundua bere konplexutasunean ulertzeko denborarik hartzen ez baduzu, erantzun azkar eta sinpleak behar dituzu».

Gainera, horren ondorioz, «oso zaurgarri bilakatzen zara: bat-batean zu bilakatzen zara filtrazio lan hori egin behar duena, eta egiaren-krisiaren eta gain-informazioaren garaian ariketa hori egitea oso exijentea da».

Dena den, argiak ere baditu: «Adibidez, laugarren olatu feministan edota ‘Me too’ mugimenduaren zabalpenean izandako inpaktua. Horrek belaunaldi oso bat feminismotik politizatzea ekarri zuen, agian sekula mugimendu feministan militatu gabe».

ESTRATEGIAK

Hortik abiatuta, zer egin? Leninen galdera zaharra urgaineratu zen enegarren aldiz. Sotoren hitzetan, «askotan gure diskurtsoa oso tragiko eta suizida da». Zorionez, baina, «pozoiei oso erresistenteak garen espezie bateko kideak gara. Ez dakit euskal herritarrak den, edo ezkertiarrak... baina gu Super Popekin, speedarekin eta Cronicas Marcianasekin hezi gara, eta izan duen eragina ez da izan gure diskurtsoek iragartzen zuten bezain tragikoa».

Espezie gisa ez dago erabat immunizatzerik, ordea. Sotorentzat, «estrategia da gakoa». Bere hitzetan, «askatasunaren aldeko mugimendu bat izaten jarraitzea, garapenaren ideiari eustea eta eskubideei lotutako garapen politikoa gauzatzea». Bide horretan, konpromiso komunitarioak eta politika publikoak uztartuz, proposamen zehatzak egin zituen: tabernetan egunkari guztiak egon daitezen bermatzea, unibertsitateko ikasle guztiei harpidetza guztiak doan eskaintzea...

Arteagak sareetan garatu beharreko estrategiez hitz egin zuen. Bere ustez, «sare sozialen hater-ak izateak ez garamatza inora». Gaur egun gazte batek batez beste bost ordu ematen ditu pantaila aurrean, eta hori ez disputatzea eskuinari «sekulako oparia» egitea da, bere hitzetan: «Esaten denean ‘lubaki bat ere ez utzi eskuinari’, ‘hau ere ez’ esan nahi du».

Nola lehiatu? Ezkerrak memeak ere sortu behar ditu?, galdetu zuen entzuleetako batek. Arteagak argi du: «Bai! Jende bat hortik politizatzen bada, eta ondo pasatzen badu…». Are, troll feministak behar ote diren ere planteatu zuen, gorputza eta ahotsa jartzen duten horiei «babes-sareak» eskaintzeaz batera. Bere ustez, ezkerra askotan «zintzoegia» da, eta eduki «serio eta sakonak» hobesten ditu. Zornotzarrak aldarrikatu zuenez, ordea, euskarak eta ezkerrak «dena behar du, eta arrotzak diren eremu horiek ere esploratu behar ditu».

Ildo horretan, Tabernak egun urrun dauden sektoreetara heltzeko beharra azpimarratu zuen. Bere esanetan, «ez daude zertan aurreklasifikatu», eta «beraien arazoez hitz egin behar da, boza eman».

Amaitzeko, esperantzarako argi printza utzi zuen: «Euskal Herrian badugu bide alternatiboak bilatzeko joera; halabeharrez, inposatzen digutena saihesteko. Eta bide horretan, bestelako eredu ekonomikoak dituzten tresnak eraikitzeko gaitasuna eta esperientzia erakutsi dugu. Nire ustez, hori izango da gure gizartea babesteko manera eraginkorrena».