GAUR8

«Belen» ia hiru urtez egon zen kartzelan Argentinan; Zinemaldiak izen bereko filma eskainiko du

Haurdun zegoenik ere ez zekien 2014an Tucumaneko ospitalera joan zenean. Zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten abortatzeagatik eta ia hiru urtez preso egon zen. Dolores Fonzik «Belen» pelikula aurkeztuko du Zinemaldiaren Sail Ofizialean.

2020ko abenduaren 30ean Argentinan abortua onartu zuteneko mobilizazioa Kongresuaren atarian. (Alejo Manuel AVILA | EUROPA PRESS)

Haurdun zegoenik jakin gabe, Belen -ez da bere benetako izena- Tucumaneko Nicolas Avellaneda ospitalera joan zen 2014ko martxoaren 21ean, goizaldean, sabelaldean min handia zuelako. Amak lagundu zion. Seruma jarri eta lasaigarri bat eman zioten. Goizean, logela garbitu behar zutenean, ohez aldatu zuten eta orduan jabetu ziren maindireak odoleztatuta zeudela. Ginekologia zerbitzura bideratu zuten.

Medikuak 22 aste zituen fetu baten abortua izan zuela esan zion eta poliziari deitu zion, nahiz eta abortua «naturala» izan zela aitortu. Orduan jakin zuen haurdun zegoela. Bost gizonezko polizia logelan sartu ziren haren atal intimoak ikuskatzera. Bi psikologok zaintza lanetan ari ziren poliziak emakumezkoak izatea eskatu zuten alferrik. Bien bitartean, komunean fetu bat aurkitu zuten. Erizain batek Belen komunera bost minutuz joan zela adierazi zuen eta aurkitutako fetua berea zela ondorioztatu zuten DNA froga edo bestelako analisirik egin gabe. Ohean etzanda zegoela, gertatutako guztia erabat ulertu eta barneratu gabe, umekia kutxa batean sartuta eraman zioten bere semea zela esanez eta irainduz. Ospitalean bertan atxilotu zuten 25 urte zituela. Soilik bost ordu pasatu ziren sabelaldeko minarekin erietxera sartu zenetik. Handik lau egunera alta eman eta zuzenean Tucumaneko Santa Ester emakumezkoen espetxera eraman zuten «homizidio larriagotua» leporatuta. Epaiketak hiru egun iraun zuen. Zortzi osasun langilek deklaratu zuten. Fiskalak 15 urteko kartzela eskatu zuen. Zortzi urteko zigorra ezarri zioten. 26 hilabetez preso egon zen.

Dolores Fonzi aktore argentinarra Zinemaldian izan zen 2021. urtean; «Distancia de rescate» filma aurkeztu zuen. (Alberto ORTEGA / EUROPA PRESS)

Belen espetxeratu eta hilabetera, apirilaren 20an, ingresatuta egon zen ospitaleko psikologo batek Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Katolikoak gobernuz kanpoko erakundearen abokatu Soledad Dezari deitu zion abortu batengatik emakume gazte bat kartzelaratu zutela esateko. Auzia bere gain hartu zuen.

Kartzelan egon zen lehen aste haietan, hiru abokatu izan zituen Belenek. Hirurek haren abokatua izateari uko egin zioten baliabide ekonomikorik ez zuelako edo ez ziotelako sinesten.

50 orrialdeko espedientea hartu orduko kontraesanez beteta zegoela ohartu zen: besteak beste, ordutegi desfasatuak, bi ernaldi-denbora, fetuaren sexua aldatzea eta DNArik ez izatea. Belenek ez zuen txostena sekula irakurri.

«Medikuek egindako adierazpenetan oinarritu ziren froga guztiak. Legez debekatuta dute beren pazienteen osasun egoeren berri ematea», nabarmendu zuen Dezak. Medikuek beren lanbidearen egikaritzan eskuratzen duten informazioaren konfidentzialtasuna babesteko betebeharra dute. Pazientearen baimenik gabe ezin dute informaziorik eman, ezta polizia funtzionarioei ere. Zuzenbidearen arabera, pribatutasunerako eskubidearen urraketa da hori

Belenek pairatutako guztia tratu krudel, anker eta apalgarritzat har daiteke nazioarteko zuzenbide humanitarioaren arabera. Bere auzia abortu eskubidearen aldeko aldarrikapen nazional bihurtu zen Argentinan, baita emakumeen eskubideen urraketaren sinbolo ere. Amnesty Internationalek baldintzarik gabeko eta berehalako askatasuna exijitzen zuten 120.000tik gora sinadura aurkeztu zituen.

«ZENBAT BELEN DAUDE MUNDUAN?»

2016ko abuztuan Tucumaneko Auzitegi Gorenak aske utzi zuen. Ana Correa abokatu eta komunikatzaile feministak Belenen testigantza eta auzia «Somos Belen» liburuan jaso zuen. Hitzaurrea Margaret Atwood poeta, saio-idazle eta kritikariak idatzi zuen, ondorengo hausnarketa mahaigaineratuz: «Zenbat Belen daude munduan? Zenbat emakume hil dira, berezko edo nahita eragindako abortu batengatik, ospitalera joateko beldurra izan zutelako, hilketaz akusatuko ote zituzten beldurrez? Nola jakin? Maiz emakumeekin gertatzen den bezala, bidegabekeriak ezkutuan daude, isilune eta eufemismoetan lurperatuta. Bidegabekeria hau ezagutzera eman zutenekin zorretan gaude».

Atwoodek “Neskamearen ipuina” eleberri ospetsua idatzi zuen. Istorioa etorkizun hurbilean, irudizko herrialde batean, Gilead-eko Errepublikan hain zuzen ere, eta estatu kolpe teokratiko baten ostean sortutako sistema politikoan garatzen da. Botere politikoa elite erlijioso ultrakontserbadore baten esku dago, emakumeek eskubide zibil guztiak galdu dituzte eta ezin dute beren gorputzen inguruan erabakirik hartu: batzuk neskame bihurturik, klase agintariaren ugalketarako esklabo bihurtzen dituzte».

Filmaren afixa. (BELEN)

Soledad Dezari esker Belenekin harremanetan jartzea lortu zuen Correak. «‘Liburua idaztea nahi dut eta benetako istorioa kontatzeko nire ahotsa edukitzea nahi dut’, esan zidan Belenek berarekin elkarrizketatu nintzenean. Hilabete luzez mintzatu ginen. Tucumanera ere joan nintzen, ingresatuta egon zen ospitalera, eta Belenen alde eta kontra egin zutenekin hitz egin nuen. Horrela eraiki nuen bere istorioa. Harritu egiten nau, demokrazia batean egonik eta jada bere askatasuna agindu zuen epaia izanda, emakume gazte horrek klandestinitatean jarraitzeak. Kartzelatik atera ondoren, Belenek Tucumanetik alde egin zuen. Oraindik ere anonimoa izaten jarraitzen du», nabarmendu du Correak. Liburua 2019ko amaieran aurkeztu zuten Zuzenbideko Fakultatean.

«Oihartzun izugarria izan zuen; batez ere, bizi genuen momentuagatik. 2018. urtean senatari batzuek zioten Argentinan ez zegoela emakumerik preso abortatzeagatik. Liburua ondorengo urtean kaleratu zen, eta 2020ko eztabaidan inor ez zen ausartu horrelakorik esaten; are gehiago, beraien botoa zergatik aldatzen zuten argudiatzeko, liburuaren pasarteak irakurri zituzten diputatu eta senatariek», gogoratu du Correak. Aurkezpenean Belen bera egon zen, baina isilean. Entzuleen artean, Alberto Fernandez ere bazegoen, presidente hautatu berria. Argentinan abortua legeztatzeko lege-proiektua aurkezteko konpromisoa hartu zuen. Dolores Fonzi aktore eta zinemagilea -“Blondi”- ere bertan zegoen. Aurkezpena izan eta sei urtera, Ana Correaren liburua oinarri hartuta, “Belen” pelikula estreinatu berri du. Zuzentzeaz gain, Fonzik Deza abokatuarena egiten du. Zinemaldian Sail Ofizialean leihatuko da.

Bere hitzetan, film honek, momentu honetan, berezko garrantzia du, zeren «jakintzat ematen genituen eskubide asko murrizten ari dira edo horiek indargabetzeko saiakerak daude. Beraz, inoiz ez dator gaizki jada lortu ditugun eskubideak berrindartzea. 2020ko abenduaren 30ean legeztatu zuten abortua Argentinan.