2025 URR. 11 - 00:00h Txondorretik alfonbra gorrira “Hatsa” mikrodokumentalaren kartela. (GAUR8) Josu Ozaita Aste mugituak izan dira. Gogorrak eta ederrak! Irail hasieran esan ziguten Donostiako 73. Zinemaldiko “Eusko Label” sailean lehiatuko zela gure mikro-dokumentala. Bertan, gaur egun oraindik egiten den ikatz txondor baten prozesua kontatzen da. Basotik hasi eta parrilla batean amaitzerainoko bidea azaltzen da, egur izatetik ke izateraino. Ondoren “Hatsa” izenarekin bataiatu genuen filmaren sinopsia: egurra hilda dago, eta txondorrean berpizten da. Hatsa hartzen du, lurruna, usain indartsua, arnasaldi sakona. Desagertzear dagoen izpiritua da, zapore eta ke forman. Arbasoen bizimodua, mendiarekin batera lan egiteko aukera. Eta ikusezin den arima hori zure gorputzean sartuko da. Gure mendietara eramango zaitu, eta kez inguraturik, eraldaketa bat sentituko duzu. Momentu horretatik aurrera, ikatz guztiak ez direla berdinak konturatuko zara. MOMENTU BEREZIA HARRAPATU NAHIAN Euskal Herriko hiru jatetxerekin egiten ari naiz ikerketa, plateretik abiatu eta atzerako etnografia eginez, produktu bakoitzaren atzean dauden paisaia, pertsona eta istorioak jasoz. Getariako Elkanorekin arrantza eta itsas kultura aztertuko ditut, Tolosako Ama jatetxean, baserria eta baratzea, eta Kanpezuko (Araba) Arrea! jatetxeak, berriz, mendialdea lantzen du, bere eskualdea interpretatuz eta gastronomiatik kontatuz: basurdea, goroldioak, basoko fruituak, boilurrak, mendiko gatza... eta baita inguru horietan egiten den ikatza ere. Edorta Lamo sukaldariak bere lurraldeko ateak ireki eta etnografia burutzeko giltzak eman dizkit, horien artean Jose Mari eta Marisol Nieva anai-arrebena. Bere aitari eta arbasoei jarraituz, oraindik ikatz txondorrak egiten jarraitzen dute. 2024 urteko udan txondorraren prozesua bizitzeko aukera izan nuen, zazpi egun desberdinetan bertaratuz. Etnografiako momentu berezia zela aurreikusiz, mobil on eta garesti horietako bat erosteko erabakia hartu nuen, agian inoiz gehiago biziko ez nuen momentu hori jasotzeko. Hala, goizeko 6.30erako bertan izaten nintzen, Araba eta Nafarroa arteko Biloria herrian. Galdera askorik ez nuen egiten, tarteka soilik, modu informalean, Jose Marik lan egiten zuen bitartean. Argazkiak atera eta bideoak grabatu nituen erosi berri nuen jostailu berriarekin. Herrian, herritarrek zorteen zozketan “las suertes” parte hartzeko eskubidea dute, ikaztegietarako egurra edo etxeko sutarako egurra eskuratzeko sistema komunala. Basozainak lursailetan banatzen du basoa, moztu daitezkeen zuhaitzak markatzen ditu, eta, konpentsazio gisa, bizilagunak lurra garbitu behar du. Ingurunea aprobetxatzearen eta zaintzearen arteko oreka islatzen duen praktika da. Edorta Lamo eta Jose Mari Nieva, txondorra zaintzen. Jose Marik 43 urte egin zituen lantegi batean, baina ez zion aitari ikaztegiarekin laguntzeari utzi. Gaur egun, urtean zazpi ikaztegi egiten ditu, zerealak, behorrak eta zaldikoak hazten ditu mendian. Bere bizitza oso lotuta dago lurrarekin, suarekin eta kearekin. Neguan, arteak moztu, herrira jaitsi eta lehortzen uzten dira. Ondoren, txondorra muntatzen da: enbor sendoenak erdian jartzen dira -bihotza- eta kontu handiz pilatzen dira. Izarrez, lastoz eta lurrez estalita egoten da, sumendi bat osatuz. Kokotetik sua pizten da, eta egur hila berpizten. Espiritu bizi hori inguruan hedatzen da, herriaren airea eta oroimena blaituz. Ikazkinak izaki bat zaintzen duen bezala zaindu behar du txondorra. Jose Mari goizaldeko hiruretan jaikitzen da egunero, bera zaintzeko... egun osoan bisita egiten diolarik, zer moduz dagoen ikusteko. Zauri bat irekitzen bada, tapatu egiten du, ez sutzeko. Jaten ematen dio, betagarriarekin. Zazpi egunez, ikaztegiak arnasa hartzen du, zehaztasunez irekitzen diren zuloetatik. Ke zuria urdin bihurtzen da: egosketa perfektua izan den seinale. Gozamena izan da etnografia burutzea. Pixkanaka gozatuz eta sendotuz joan da gure harremana, antropologiak eman dizkidan beste oparietako bat. Sagardoa eta piper batzuk eman nizkion lehen egunean, esker onez. Hamaiketakoa egitera gonbidatu ninduen bigarren egunean. Arrea! jatetxean elkarrekin bazkaltzen dugu urtero. Harreman estu bat sortzen hasi zen... TXONDORRAREN “HATSA” “Hatsa” hitzak hiru esanahi ditu euskaraz: arnasaldi sakona, usain indartsua eta arima edo izpiritua. Hirurak egokiak dira txondorra zer den azaltzeko. Ia ez dago hitzik mikro-dokumentalean, soilik bi esaldi, eta Anari abeslariaren “piromania” abestiko zatiek jartzen die musika irudiei. Eta orain, ke usain eta mendiko bizitzatik, pantaila handira; Donostiako zinemaldira. Sukaldariak, ikazkinak eta antropologoak plana egin genuen, “Eusko Label” lehiaketa elkarrekin Aquariumean ikusteko, herri txikietako bizimoduari omenaldi egin eta duintasuna emanez. Aurten hirugarren urtez burutuko da “Eusko Label” lehiaketa, zeinak hurbileko produktua zinemaren bidez zabaltzeko eta laguntzeko helburua duen, baita nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren munduan jasangarritasunarekin lotutako guztia sustatzeko eta ezagutarazteko ere. Gehienez hiru minutuko iraupena izan behar dute film laburrek, telefono mugikor batekin eginak izateaz gain. Marisol eta Jose Mari Nieva, Josu Ozaita eta Edorta Lamo. EGUN HANDIA Donostiako Aquariumean izan zen Zinemaldiko sekzio honetako finala. Aurreko egunetan urduritasunak gain hartu zidan, bihotza eztarrian izan nuen egun batzuez, eta lotarako garaian, nahiz eta nekatuta izan, gorputza bizi izaten zen, ezin egonean. Arrea! jatetxeko Edorta Lamok ekarri zituen autoz Marisol eta Jose Mari Nieva anai-arrebak Donostiara, eta elkarrekin izan ginen zinema aretoan. Bertan, 14 film labur ikusi genituen, tartean “Hatsa”. Mendiko beraien lan isila pantaila handira ekarri genuen, eta modu batean, omenaldi modukoa izan zen, egiten duten horri balioa emateko nahia. Film bakoitza mundu bat zen, ikuspegi bat, bizitzeko moduen testigu. Bigarren saria esan zuten: “Gatz harana”, Añanako gatzaren irudi ederrekin. Jada irabaziko ez genuenaren lasaitasunez, lurrikara etorri zen: gure izena eta “Hatsa” filma. Besarkadak, irribarreak, oihuak... eta emozio leherketa. Hitzartzean, Jose Mari eta Edortari goraipamen hitzak, herri txikietako bizimodu horri: bati ikatza egiteagatik, besteari, ke horren istorioa kontatu eta defendatzeagatik. Ederra izan zen gure harremana, baita Zinemaldirako helbururik ez zuten momentu txiki haiek halako batean saria izatea ere. 2025 urtean oraindik txondorrak egitea ez da arrazoi ekonomiko bat, emozio, sentimendu eta bizimodu baten defentsa da, Tasioren moduan. Poz handia hartu nuen Marisol, Jose Mari eta Edortarekin batera momentu hori bizi izanagatik, eta baita nigatik ere, antropologo bizimodu “eroa” hautatu eta errekonozimendua jasotzeagatik. Harrikadekin amesten dugu, eta tarteka, hegan egiten. Oraingo honetan hegaldiak luze iraun zuen, egun batzuk. Maria Cristinan aperitiboa, luxuzko autoan Kursaaleko alfonbra gorria, photocall, Miramar jauregiko afari eta festa... Txondorrean listu beltza izan eta arropan hats indartsu izatetik, argazki kameren flash eta alfonbra gorriaren glamourrera igaro ginen. Gustura aritzen gara lokatz artean, eskuak zikinduz, ke indartsu hori usainduz... eta hori dena jaso eta interpretatuz. Baina ze kristo, alfonbra gorria ere gustura zapaldu dugu, antropologia bera ere balioan jarriz.