GAUR8

Aldiriko trenen erabiltzaileen kexak helarazi dizkiote Renferi Laudiok, Amurriok eta Urduñak

Laudioko Udala Renferekin jarri da harremanetan C3 aldiriko linean (Bilbo-Urduña) atzerapenekin eta ordutegi aldaketekin dauden kexak helarazteko. Arrazoi beraren harira, herritarren kexak biltzen ari dira Amurrioko eta Urduñako udalek hilaren 22an Renferekin izango duten bileran aurkezteko.

Renferen geltokia, Laudion. (LAUDIOKO UDALA)

Ainize Gastaka Laudioko alkatea Renferekin jarri da harremanetan aldiriko trenen erabiltzaileen kexak helarazteko. C3 linean, Bilboko Abandoko geltokia eta Urduña arteko trenetan, bidaiarien ezinegona areagotu da, azken hilabeteetan izaten ari diren atzerapen eta ordutegi aldaketengatik.

Udalak ohar bidez jakinarazi du alkatea Renferekin harremanetan jarri dela, eta herritarrek Udalari helarazitako ezinegona transmititu diola. Adif Bidebieta-Basaurin burutzen ari den lanak daude funtzionamendu eskasaren atzean.

«Trenen jarioa mugatu egin da obrengatik eta lanak amaitzeko hilabeteak falta dira oraindik». Auzokideak euren kexak edo iradokizunak zuzenean Renferi helaraztera animatu ditu, horien berri izan dezan.

Amurrio eta Urduña

Amurrioko eta Urduñako udaleko ordezkariak Renfeko arduradunekin bilduko dira datorren asteazkenean, urriak 22, Aldirietako (Abando-Urduña) C3 linearen ordutegiei eta aldaketei dagokienez bi udalerrietako herritarren artean jasotako zalantzak, kexak eta hobekuntza-proposamenak jakinarazteko.

Amurrioko Udalak ohar baten bidez azaldu duenez, «azken asteetan jasotako kontsulta eta kexa ugarien aurrean», bizilagunen kezkak batera bideratzea erabaki dute, Renferi helarazteko eta azalpenak eta konponbideak eskatzeko, «herritarren beharretara egokitutako zerbitzua bermatzeko».

Bi udaletako Herritarren Arretarako Zerbitzuak (HAZ) zabalik egongo dira herritarren ekarpenak jasotzeko urriaren 22ra arte, bileran ohar posible guztiak sartzeko.