GAUR8

Elkar entzunez txirikordatzen dira hariak, eta eraldaketak

Manuela Carmena, Maialen Lujanbio, Katya Colmenares. Izenek berek jakin-mina sortzen dute, eta guztiak mahai beraren bueltan entzutea hiru kosmobisio elkartu eta belarriak zabalik ikastea da. Eraldaketa prozesuetarako ezinbestekoa delako entzutea, hirurak ados daude horrekin.

Ezkerretik eskuinera: Garai, Colmenares, Lujanbio eta Carmena. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Beirazko aretoa da Prisma, Tabakalerako azken solairuan dago, bertatik postaletako Donostia osoa ikus daiteke. Pasa den ostegun iluntzean, ordea, gonbidatu bereziak elkartu zituelako zegoen beteta bezain ikusgarri. “Hiru (H)ari: Pluridibertsitatea, kultura eta komunitatea” zuen izenburutzat, eta Manuela Carmena abokatu eta Madrilgo alkate ohia, Maialen Lujanbio bertsolaria eta Katya Colmenares filosofoa elkartu zituen Tabakalerak Emaus Fundazioarekin batera antolatutako jardunaldian. Beirazko gelan, gardenak izan ziren hirurak ere.

Bakoitzak bere mundu ikuskera, bere kezka eta oinak ezartzeko bere lur zatia ditu, eta Estitxu Garaik emandako hariei erantzuten ahalegindu ziren, gehiegi txirikordatu gabe, bakoitza beretik, baina dinamizatzaileak eskatutako «elkarrekin zentzu komuna berrasmatzeko» ariketari eutsi zioten.

“Hiru hari” zioen izenburuak, baina hari mutur komun batetik abiatu ziren norberarenei tiraka hasi aurretik. Parte hartzearen garrantziaz eta kulturarekin duten uztarketaz galdetu zien lehendabizi Garaik, eta Carmenak zuzen erantzun zuen: «Kulturak kontzientziazioan edota sentsibilizazioan eragiten du nire ustez».

Eta jarraian XVIII. mendera jo zuen, Giza Eskubideen sorrera azaltzeko, «niretzat giza eskubideen sorrerako elementu erabakigarriak eleberriak izan ziren», aurreratu zuen. Izan ere, 1700 urtera arte, gutxi gorabehera, narrazio guztiak «epikoak, belikoak, konkisten ingurukoak» zirela kontatu zuen, eta garai horretan abiatu zirela idazleak eleberriak idazten. Lehen eleberriak korrespondentzia teknikaren bidez idatziak izan ziren, «ondorioz, ni-a agertzen hasi zen, eta ni horrek sentimenduak zituen, nire ustez giza eskubideetan urratsak egiteko ezinbestekoa izan zen, besteen sentimenduak irakurtzen eta errespetatzen hasi zirelako». Eta gaineratu zuenez, «enpatia sozialek errazten dute eraldaketa».

Kulturaren haritik bere eremura, gobernantzara jota, eta parte hartzearekin lotuz, gobernuak zaindu egin behar duela azpimarratu zuen. Baina zer da zaintzea? Madrildarraren ustez argia da prozesua: «Lehendabizi aztertu egin behar da, zein behar dauden atzeman, bigarrenik eskatzen den hori eman behar da, eta hirugarrenik balorazioak egin behar dira ondorenera».

Jendetza bildu zen Tabakaleran hiru pentsalarien gogoetak eta hausnarketak partekatzeko asmoz. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kultura gertuagotik bizi du Lujanbiok, eta bera ere baiezkoan dago, «kultura izan daiteke gizarte eraldaketarako tresna». Mundu maketa txiki bat izan daiteke Euskal Herriko kasua bere ustez, arrazoi ezberdinengatik: komunitatearen neurria txikia delako, komunitatea trinkoa delako eta zubiak badaudelako kulturgintzaren, herrigintzaren eta herri mugimenduen artean. «Nahiko pozik egoteko moduan gaude herri mugimendua aktiboa delako eta bizia delako, taldeak ugariak eta askotarikoak dira», adierazi zuen.

Eta parte hartzeari eta kulturari lotuz, gizarte mugimenduak Euskal Herrian kultur sortzaileak ere badirela azaldu zuen: «Gizarte mugimenduek kulturgintza erabiltzen dute beren proiektuen zabalkunderako, beren mezua zabaltzeko. Gizarte mugimendu horiek kultur sortzaile eta hartzaile dira era berean, eta hor zirkuitu bat sortzen da, hari bat, lotura bat».

Kulturgintza «erresistentziarako leku kreatibo bat eta kreaziorako eremu komunitario bat» dela iritzita, bertsogintzari begira jarri zen: «Oso lurreko jarduna dugu, lurrean bizi dena, gizartearen kezketatik gertu, orduan gizarteko kezka horiek nolabait txertatzen dira artegintzan, eta arteak filtro poetiko batetik itzultzen ditu gizartera. Halako zirkulazio horrek sortzen du sentsibilizazio bat, eta ideia edo eztabaida batzuen zabalkundea sor dezake, kasurik onenean».

Hori horrela ulerturik, euskal sortzaile eta kulturgileei planktona sortzea dagokie bere ustez, «elikadura estetiko, kultural, artistiko, kritiko hori sortzea. Ozeano global eta kultura globaleko ozeanoen artean euskarazko itsasoarentzat planktona sortzea. Izan ahal izateko adina elikagai». Era berean, arteak, bere ustez, ozeano global eta odoltsu hauen artean «bestelako posibilitatea sortuko duen planktona» eskaini beharko luke, «elikagai bat edertasunaren, justiziaren, harremanaren, elkarrizketaren, eztabaidaren posibilitate bat sortuko duena», zehaztu zuen. Eta argitu zuen, plankton horrek ezin duela «bertan gozo geratzeko» izan, «ekiteko funtsa» eman behar diola gizarteari.

Colmenares argipen bat egiten hasi zen: «Ni Latinoamerikatik nator, Abya Yala zenaren gainean asmatu zuten lur horretatik. Eta hemen gizarte eraldaketa deitzen diozuena, guretzat heriotza da. Modernitatea esatean, munduarentzat ona bada ere, niretzat gure zibilizazioaren heriotza da».

Modernitateak mundu osoa hartzen duela kritikatu zuen, eta ikusmolde hori dela zabalduta dagoena, «proiektu zibilizatzaile bat da dominazio sistema batean jaioa, globalizazio prozesu bat abiatzen da, eta gizakia, subjektibitatea ulertzeko beste modu bat eraikitzen da, ni berri bat». Eta dominazio sistema horretan sortutako hierarkiak «lau genozidio epistemologikoen» bidez sortuak direla azaldu zuen: «Emakumeen genozidioa, beltzen genozidioa, musulman eta juduen genozidioa, eta jatorrizko herrien genozidioa».

Gainera, mundua modu dualista batean irakurtzen duela salatu zuen, «historian lehen aldiz, natura objektu bezala ikusten da orain, objektu-subjektu ikuskera banatzen delako, eta natura beti izan da subjektua, baina egun, objektu besterik ez da».

ZAINTZA ERDIGUNEAN

Protagonista bakoitzari, galdera bat, hari bat zuzendu zion Garaik. Atzeko pantailan «zaintza erdigunean» jarri eta Carmenarengana zuzendu zen: «Zer esan nahi du zaintzak gure bizitza kolektiboetan? Eta zerbitzu publikoak gizartearen mesedetan jartzeak?».

Carmenak zuzen, «ez dago zaintzarik ezagutzarik gabe, eta ez da ezagutzarik entzuketarik gabe». Izan ere, bere ustez, zaintzea «arduratzea da, arduratzea eta ezagutzea, eta hori entzunez egiten da». Politikariek nola entzun behar duten hausnartu zuen jarraian, eta entzuketarekin ez dela aski azpimarratu zuen, «entzun behar da, baina batez ere, entzuteko jarrera izan behar da». Bere ustez «entzuketa aktiborako egitura konstanteak» eraiki behar dira, alkate zela eskatzen zion orori eman omen zion bere telefono zenbakia, nahiz eta adituek hori ez egitea aholkatu, garrantzitsua iruditzen baitzitzaion: «Pertsona hori -herritarra- zaindu nahi baduzu, nolatan eta zertarako kenduko diozu komunikatzeko aukera?»

Norberak bere esperientzia, bizipen eta mundu ikuskeratik erantzun zien dinamizatzailearen galderei. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Beste eztabaida bat ere jarri zuen mahai gainean, CIS Inkesta enpresaren inguruan, zehazki instituzioek ematen dioten erabileraren inguruan. Izan ere, alkate ohiak salatu zuen egun Ikerketa Soziologikoetako Zentroa gizartean ezaguna dela «bozka nori ematen diogun» neurtzeagatik, eta izatez, bere funtzioa herritarren kezken inguruan galdetzea izan beharko litzatekeela gaineratu zuen.

Erakundeen eta herritarren edota kulturgileen harremanei lotuz, Lujanbiok aitortu zuen Euskal Herrian harremana «uzkurra» izan dela, baina hobetzen doala. Destilazioaren destilazioz, hitzezko formula «perfektura» iristearen sentsazioa du: «Norbanakoak egin, herri mugimenduetan batu eta herri mugimenduek eragin, eta herri mugimenduek gobernantzari eginarazi. Egin, eragin, eginarazi». Korrikaren 21. ediziorako idatzi zuen mezuko esaldi bat da, euskalgintzari zegokiona, baina oro har, estrapolatu daitekeela uste du.

Erakundeak, sarritan, ez direla «egon beharko luketen mailan» egon kritikatu zuen bertsolariak: «Gobernantzak, gatazka handiak, makro korapiloak utzi izan ditu mikro jendearen bizkar. Mikro jendeak atera ditu babak eltzetik, mikro jendeak egin die aurre makro korapiloei eta euskararena da adibide garbi bat». Eta gobernantza osasuntsu batek, bere ustez, berarekin kritikoa den jendea elikatu beharko luke. Carmenak galdera batekin erantzun zion; izan ere, bere ustez gobernantzaren funtzioa zein den argitu beharko litzateke, eta ados da, «guztiz», kulturak gobernantzarekin kritikoa izan behar duen ideiarekin. Eta dagokion ardura hartuz, beste galdera bat pausatu zuen: «Nola egingo dugu kultura loratu dadin? Kirolak, esaterako, baditu egiturak, federazioak eta abar daude, kulturak zergatik ez du egiturarik?».

Kulturaren barrunbeetan sartuta, bigarren harirako gaia Lujanbiori luzatu zitzaion: «Kultur fenomeno garaikidea da bertsolaritza, eta aldi berean, tradizioan sustraituta dago. Nola orekatu?».

Bertsolaritza «konplexurik gabe bertako eta erradikalki garaikidea» den kultur jarduna dela azaldu zuen. Bat-bateko jarduna izaki, plazaz plaza ari den jarduna derrigor delako garaikidea, bai bere testuinguruarekiko eta baita parean duen jendearekiko. Tokian tokiko gaiei zein gai globalei heltzen zaiela kontatu zuen, «eta materia horrekin egiten da bertsoa».

Gaur arte «osasuntsu eta garaikide» iraun badu bertsogintzak, «bizitzarako asoziazio batzuk» egin dituelako izan dela adierazi zuen Lujanbiok: «Asoziatu zen jardun tradizional bat eskolarekin, asoziatu da landa eremua hirigunearekin, asoziatu da jende zaharra bertsolarigai gazteekin». Eta aldi berean, zale berriak ere ekarri ditu moldatze horrek, feminismoaren adibidea jarri zuen, eta gehitu, «zaila da bertsolaritza ez gustatzea zure munduaz ari baldin bada. Eta jende gehiagorengana iristeko gakoa, jende berri, desberdin, horri lekua, ahotsa eta protagonismoa ematea da».

ELKARREKIN DIALOGO BAT

Bestalde, gai eta eztabaida sozialak presenteen dauden diziplina dela gaineratu zuen, «horrek guri gure ondoezak ere sortzen dizkigu, eztabaidak oso puri-purian baitaude», baina aldi berean, oholtzan sortzen diren eztabaida edo dialektikak gizartean «irradiatu» daitezkeela uste du, oso modu txikian bada ere.

Elkar entzutearen ideia lehenago ere atera zen solasaldian, eta Lujanbiok aipatu zuen elkarrekin dialogo bat sortuz osatzen dutela bertsolariek obra: «Bertsogintzan pertsonen arteko harremanak gertatzen dira, bertsogintzaren corpusa -80 urtetik 18 urte artekoa- nahiko anitza da jatorriz, gorputzez eta iritziz. Bi pertsona ezberdin jartzen dira amildegi baten aurrean, amildegi hori entzulea da, amildegi hori da 20 segundo dituzula pentsatzeko, amildegi hori izan daiteke gaur egungo mundu egoera, eta bi pertsona ezberdin elkarrekin sortu beharrean. Obra bat elkarrekin sortu behar dutenak, batek ahotsa hartu, besteak ahotsa eman eta aitortu ondokoari, eta entzun. Elkarrekin dialogo bat, obra bat sortu behar dute, amildegi horren aurrean».

Zer esan handia sortu zuen Manuela Carmenak Donostian hitzaldi bat emateak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Bakoitzak okupatzen duen lekuak pentsatzeko modu jakin bat ematen diola uste du Colmenares filosofoak, eta horrek eragiten duela egun garaikidetasuna eta tradizioa ulertzen ditugun moduetan. Hasieran aipatutako modernitatearen ideiari jarraiki, hizkuntzarekin lotutako adibide bat jarri zuen: «Guk ikasitako hizkuntza bat dugu, gaztelera. Hizkuntza horretan mugitzen gara, baina Mexikon badaude 60 hizkuntza, eta errealitate bizia dira; hala ere, gaztelerak hizkuntza emititzeko modu bat islatzen du». Eta argitu zuen gaztelerak «subjektu-objektu» forma duela, eta hori «modernitatearen egitura» dela.

Beste hizkuntza batzuetan, ordea, «harreman intersubjektibo» batzuk daudela ohartarazi zuen: «Badaude hizkuntzak objektuak ez direnak existitzen, antzinako herrietan badaude egitura horiek dituzten hizkuntzak».

BORROKEN ARTIKULAZIOA

Filosofoarentzat Garaik prest zuen hari muturra pluribertsitatea eta gizarte eraldaketen ingurukoa zen, nola artikulatu borroka ezberdinak ortzi-muga partekatu baterantz, galdetzen zuen. Eta hitzartzea hasteko baieztapen bat bota zuen Colmenaresek: «Modernitatea ez da dagoen mundu posible bakarra, ez gara amets batez ari».

«Baditugu gure komunitate txikiak jada, horiek handitu behar dira. Bizitza komunitarioa dela sinetsi behar dugu, guztiok gaude guztion menpe», azaldu zuen, eta jarraian, aurreko hitzartzean hizkuntzarekin lotuta subjektu-objektu harremanaren inguruan hasitako gogoetan sakondu zuen: «Modernitatea dosifikatu behar dugu, harreman hori deseraiki».

Eraldaketari lotuta, prozesu hori emateko egun indarrean dagoen sistemaren «biktimei» begiratu behar zaiela aldarrikatu zuen, «horrek sistemaren patologia zein den ikusaraziko digu. Non jarri behar dira hankak? Hor jartzen bagara, horiei begiratzen badiegu, denentzako bizitza duin bat eraikiko dugu». Eta prozesu horiei zein solasaldiaren abiapuntuan irekitako parte hartzearen inguruko hausnarketari lotuta, «Babelgo dorrearen bekatua» azaldu zuen. Argentinarraren arabera, Babelgo dorrearen fabulan, hizkuntza guztiekin dorrea egin zuten hartan, arazoa izan zen ez zirela «guztiak ados jarri, zuzenean eraiki egin zen, eta eraikin monolitikoa sortu zuten». Horrek hizkuntza bakoitzaren bereizgarriak galtzea eragin zuen bere ustez, hori eta lan egiteko modu hori hartzen du «bekatutzat».

Areto gardena gero eta gehiago ari zen iluntzen, eta oholtza gainekoek oraindik bazuten zer esan, haria ez zen eten, baina moderatzaileak Carmena hizketan ari zen artean ohartarazi zien bost minutu geratzen zitzaizkiela, ondoren, publikoari hitza eman nahi ziotelako. Bat-batean moztu zuen hitz aspertua Carmenak, esaldia ere amaitu gabe zuela, «elkar entzuteaz hitz egin dut, eta beraz isiltzea dagokit, eta entzutea».