GAUR8

Guzur Aretxa kultur elkartearen 40. urteurrena ospatuko dute bihar eta etzi Galdakaon

Guzur Aretxa elkartearen 40. urtemuga ospatzeko jarduerak prestatu dituzte Galdakaon, bihar hasi eta zapatu gauera arte. Mugimendu sozial eta kultural sendoa gorpuztu duen proiektuak parte hartze zuzena izan du bizitza komunitarioan eta kultur dinamismoan, jarduera herrikoiak antolatuz.

Guzur Aretxak prestatutako egitarauaren kartela, irudian (GUZUR ARETXA)

1985ean jaioa, 40 urte bete berri ditu Guzur Aretxa kultur elkarteak Galdakaon, eta lau hamarkadako ibilbide hori gogoratu eta ospatzeko jarduera sorta prestatu du bihar hasi eta zapatura arte. 

Elkartearen jaiotza bizi zuten herritarrak biltzeko aukera eskainiko dute ekitaldiek. Frankismotik atera berri zen Euskal Herrian mugimendu sozial eta kultural sendoa gorpuzten hasi zen proiektuak lotura zuzen bat izan du herriarekin, hainbat jardueratan parte hartuz.

Udalak gogoratu du «bere hasieratik» aritu dela Guzur Aretxa elkartea San Juan sua, Inauteriak eta bestelako ekintza kulturalak antolatzen, «herriko bizitza komunitarioa indartuz era tokiko nortasuna bizirik mantentzen lagunduz». «Lau hamarkada igaro ondoren, elkarteak galdakoztarren parte hartzearen eta dinamismo kulturalaren adibide izaten jarraitzen duela» adierazi dute.

Txupinazoak eta pregoiak zabalduko dute egitaraua bihar 19.00etan, Herriko Bentan. Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo dute 20.00etan Zamakoako bidegurutzean, eta ondoren, Ane Lindane eta Rakel Torres bakarrizketarien ikuskizuna izango da Iturrondo plazan. DJ Siwanabak girotuko du gaua 22.00etaik aurrera.

Zapatuan, ospakizunak Burdin Hesitik egingo duten mendi ibilaldi batekin hasiko  dira, umeentzako puzgarriak izango dira Iturrondo plazan, eta mahaiaren inguruan bilduko dira belaunaldi ezberdinak herri bazkarian.

Iluntzean, kontzertuak izango dira Iturrondo plazan: Zaunka, MDMA eta Samantha Hudson, eta TriDJ-ren saioak itxiko du programazioa.