GAUR8

Eskuinak naziotasuna lortzeko traba gehiago jarri dizkie migranteei Portugalen

Portugalgo Parlamentuak Naziotasun Legea aldatzeko proiektua onartu du aste honetan. Gobernu eskuindarrak bultzatuta eta ultraeskuindarren babesarekin, pasaporte portugaldarra eskuratzeko baldintzak gogortu ditu. Etorkinek ezegonkortasuna, beldurra eta babes falta sentitzen dute.

Portugalgo Parlamentuaren ikuspegi orokorra. Bertan, migranteei trabak areagotzeko hainbat neurri onartu dituzte. (EUROPA PRESS)

Brasildarrak dira Portugalgo etorkinen komunitaterik handiena. Gainerako migranteei bezala, zuzenean eraginen die Parlamentuak asteartean onartu zuen Naziotasun Legearen aldaketa proposamenak: oztopo gehiago izanen dituzte Portugalgo pasaportea lortzeko.

Etorkinek ez zuten uste legea «hain azkar eta hain bortitz» moldatuko zutenik, Ana Paula Costa Lisboako Brasilgo Etxeko presidenteak EFEri aitortu dionez. Casa do Brasilen egoitza Bairro Alto gune turistikoan dago. Dozenaka brasildar iristen dira bertara egunero laguntza legalaren bila. Bazekiten lehenago edo beranduago migrazioaren arloan aldaketak iritsiko zirela, azken urteetan migrazioaren kontrako diskurtso politikoa anitz indartu baita herrialdean.

Dena den, ez zuten espero «ateak hain bortitz» itxiko zituztenik. Izan ere, familiak berriz elkartzeko trabak areagotu dituzte, baita lana bilatzeko bisak eskuratzeko ere. Salatu dutenez, «ez dituzte prozesu honen parte diren pertsona guztiak entzun: instituzioak eta gizarte zibila».

Luis Montenegro Gobernu kontserbadoreko lehen ministroak, Chega alderdi ultraeskuindarraren babesari esker, Atzerritarren Legea aldatzeko proposamena onartzea lortu zuen lehenbizi, Legebiltzarrean eta Auzitegi Konstituzionalean gorabehera batzuk izan ondotik. Lege aldaketa horrek familiak berriro batzea eragotziko du, besteak beste.

Orain, Naziotasun Legea gogortzea izan da eskuinaren eta ultraeskuinaren hurrengo pausoa. Momentuz, aldaketek «beldurra eta segurtasun eza» sortu dituzte migranteengan, eta, «oro har, ongi etorriak ez direlako ideia» hori.

Orain arte Portugal «abegikorra» kontsideratzen zuten etorkinek, «gero eta humanistagoa» zen alde horretatik. «Ezaguna zen bere migrazio-politika onagatik», oroitu du Costak. «Ez zegoen banaketarik sortzeko saiakerarik, ez zegoen portugaldarren eta migranteen artean etsaitasunik sortzeko ahaleginik». Ikuspegi horri 360 graduko buelta eman diote, ordea.

Lan bisak, deseginak

Onartu berri den lege proiektuak lana bilatzeko bisak ezabatuko ditu. Portuges hizkuntza duten Herrialdeen Komunitateko herritarrek erabil zezaketen tresna zen. Komunitate horren parte dira brasildarrak ere. Hemendik aitzinera, «kualifikazio altua» duten pertsonei soilik emanen diete bisa, nahiz eta oraindik ez duten zehaztu zer erran nahi duen definizio horrek.

Costaren arabera, erabaki hori «ulertezina» da, Portugalen eskulana falta baita eraikuntzan, turismoan, ostalaritzan eta zaintzan. Horretaz gain, «erabat diskriminatzailea» ere bada.

Lege aldaketez harago, Brasilgo Etxeko presidentearen ustez, arriskutsuena eta gatazkatsuena zabaltzen ari den diskurtso politiko eta soziala da. «Hagitz bortitza da eta ez ditu migranteak pertsonatzat hartzen. Beraiena ez den erru bat egozten diete», erran du.

«Ez dago harreman zuzenik migrazioaren areagotzearen eta delinkuentziaren areagotzearen artean», argitu du. «Lotura hori, faltsua baldin bada ere, hagitz eraginkorra da, neurri handi batean, etxebizitzen prezio altuak direla-eta hauek eskuratu ezin izateak eta soldata baxuek eragindako ezegonkortasun sozialeko giro batean».

Aktibistaren iritziz, eskuin muturraren diskurtso arrazistak bultzatutako «tentsio sozial» hori aitzakia bat bertzerik ez da Gobernua egiaz axola duten eta jendearen biziari eragiten dioten arazoei buruz ez mintzatzeko.

Argi erran du: «Estatua da herrialdean bizi diren pertsonak modu duinean bizi daitezen baldintzak sortu behar dituena. Ez duenean lortzen, ezin ditu pertsonak errudun egin eta zigortu».

BABES ESKASA

Ana Paula Costak gezurtatu egin du «migranteen inbasio edo sarrera masiborik» egon denik, argudio hori erabili baitute Gobernuak eta Chega alderdi ultraeskuindarrak, migranteentzako arauak gogortu izana azaltzeko.

«Migrazioa hazi egin da, egia da -aitortu du aktibistak-. Baina ez da sarrera masiborik egon, baizik eta prozesu administratiboen pilaketa bat, bereziki 2020az geroztik. Egoera irregularrean zeuden lagunak egoera erregularrera pasatzea ekarri zuen horrek», esplikatu du. Kontaketa faltsuak diskriminazioa eta arrazismoa areagotzea dakarrela ohartarazi du, migratzaileak «izugarri nekatzearekin» batera.

Brasilgo Etxeko presidentea beldur da politika murriztaile gehiago onartuko ote dituzten, «tamalez migrazioaren kontrako diskurtsoa legitimatu» baita eta «mobilizazio gutxi» antolatu baitira legea salatzeko. Horren ondorioz, jatorri atzerritarreko herritarrak «isolatu samar» eta babes gutxirekin sentitu dira. «Ez dira eraikitzen laguntzen ari diren herrialdearen barrenean babestuak sentitzen, eta hori desmotibatzailea da pixka bat», adierazi du Brasilgo Etxeko presidenteak.

Luis Montenegro Portugalgo lehen ministroak (PSD zentro-eskuineko alderdikoa) migranteei ateak ixteko pauso gehiago iragarri ditu. (Andre RIBEIRO / EUROPA PRESS)

Arauaren bertsio berriak Portugalen jaiotako migranteen seme-alabei ere mugak jarriko dizkie herritartasuna lortzeko. Izan ere, espresuki adierazi beharko dute portugaldarrak izan nahi dutela eta gurasoetako batek behintzat legezko bizileku bat izan beharko du Portugalen, gutxienez bost urteko iraupenarekin. Orain arte, automatikoki eskuratzen zuten pasaporte portugaldarra, betiere gurasoetako bat legalki Portugalen bizi bazen.

Bikote mistoei -portugaldar batek eta atzerritar batek osatuak- ere eragingo die lege aldaketak: kanpotik datorren pertsonak naziotasuna lortzen ahalko du bikotekidearekin hiru urtez bizi bada -orain arte bezala-. Baina auzitegi batek horri buruzko erabaki judizial bat igorri beharko du. Hori berria da, lehen nahikoa zen aitortza zibila.

Zirriborroa lege gisa berresten bada, portugaldarrek adoptatutako atzerriko umeek ere espresuki galdegin beharko dute naziotasuna, orain arte automatikoki ematen bazitzaien ere.

EPE LUZEAGOAK HELDUENTZAT

Portugalgo herritartasuna eskuratu nahi duten migrante helduei dagokienez, gutxienez zazpi urtez bizi beharko dute bertan legalki, portugesa hizkuntza ofiziala den herrialdeetatik edo Europako Batasunetik datozenen kasuetan. Hirugarren estatuetatik badatoz, berriz, hamar urtera luzatuko da epea. Lehenago bost urte ziren denentzat.

Portuges hizkuntzaren, kulturaren, historiaren eta sinbolo nazionalen ezagutza frogatuko duen agiri bat ere exijituko dute. Lehen ez zen halakorik existitzen, eta nahikoa zen hizkuntzaren gutxieneko ezagutza bat izatea.

ZIGOR KODEA ERE MOLDATUA

Naziotasuna eskatzen dutenek beren kasa bizitzeko «gaitasuna» izan beharko dutela ere jasotzen da lege proposamenean. Aldaketa horrekin, ezingo dute naziotasuna lortu Nazio Batuen Erakundeak edota Europako Batasunak zigortutako pertsonek.

Hain zuzen ere, Zigor Kodea moldatzeko proposamen bat ere onartu du asteon Portugalgo Parlamentuak. Horren ondorioz, delitu larri bat gertatzen denean zigor gisa ezar dezake auzitegi batek Portugalgo naziotasuna galtzea. Lau urteko kartzela zigorra edo handiagoa jasotzen duten pertsonei aplikatuko diete neurri hori, delitua naziotasuna eskuratu eta hurrengo hamar urteetan egiten badute eta egilea bertze estatu batekoa bada. Ez dute aurreikusten, ordea, Portugalgo jatorria duen herritar bat naziogabetzea delitu bera egiten badu.

Naziotasun Legearen zirriborroak gaur egungo legearen 13. artikulua ere ezabatzen du. Bertan, judu sefardiek naziotasuna lortzeko erregimen berezi bat jasotzen zen.

GOBERNUA ETA CHEGA, BATERA

Azken orduko negoziazioen ondotik, Luis Montenegro lehen ministroaren Gobernuak lege proiektuan Chega alderdi ultraeskuindarraren hiru ekimenetatik bi sartzea onartu du: pasaporte portugaldarra «iruzur eginez» lortu duenari naziotasuna kentzea da bat, eta dirulaguntzen mende izan gabe norbere kabuz bizitzeko bitartekoak izatea bertzea.

Gobernuak ez du Chegaren hirugarren proposamena ontzat hartu: terrorismo, bortxaketa edo hilketa delitu larriak egiten dituztenei naziotasuna automatikoki kentzea. Hala ere, hori gertatzea nahi du, auzitegi batek erabakitzen badu.

Joan den larunbatean Lisboako Rossio Squaren egindako manifestazio bat, Portugalgo Gobernuak emakumeei espazio publikoetan burka erabiltzea debekatu diela salatzeko. Bertan argitu zuten arazoa ez dela burka, faxismoa baizik. (Jorge CASTELLANOS / EUROPA PRESS)

Naziotasunaren Legearen aldaketa proiektuaren testuak 157 aldeko boto jaso zituen astearteko bozketan, Gobernuko bi kideen -PSD kontserbadorea eta CDS-PP- eta Chega ultraeskuindarraren akordioari esker. Iniciativa Liberalek eta JPP erregionalistak ere babestu zuten. Ezker guztiak aurka bozkatu zuen, baina 64 boto baizik ez zituzten batu.

Jarraian, Zigor Kodea moldatzeko zirriborroa onartu zuten, delitu larriak egiten dituztenei naziotasuna kentzeko ideia jasotzen duena, betiere auzitegi batek hala agintzen badu. Ekimen honek ere aldeko eta kontrako boto berdinak izan zituen.

Bi testuak Portugalgo presidentearen, Marcelo Robelo de Sousaren, bulegora pasatuko dira orain. Honek berretsi, betoa jarri edo Auzitegi Konstituzionalera igortzen ahalko ditu, bere iritzia galdetzeko.

NEURRI GEHIAGO IRAGARRI DITUZTE

Luis Montenegro Portugalgo lehen ministroak (zentro-eskuinekoak) Gobernuak migrazioa murrizteko neurriak hartzen jarraituko duela abisatu du, eta hurrengoa deportazioak errazteko lege berri bat izanen dela iragarri du.

Naziotasun Legearen aldaketa proiektua onartu ondotik, telebistaz emandako diskurtso bat egin zuen nazioaren aitzinean. Hala iragarri zuen bertan: «Aurki Itzulera Legea aurkeztuko dugu, atzerritarrak beren herrira bidaltzeko mekanismo bat izateko. Duintasuna, eraginkortasuna eta ezarritako arauak errespetatzen ez dituzten migranteen jatorrizko herrialdeekin elkarlana hobetzea bilatuko dugu». Paraleloki, Gobernuak neurriak indartuko ditu atzerritarren «integrazio humanista» egiteko eta «talentu kualifikatua» erakartzeko.

Lehen ministroak erran duenez, azken urteetan Portugalen migrazio-politika «ez da kontrolatuta egon», eta «ordenara bueltatzen» ari dira orain.