GAUR8

Sahararen mende erdiko okupazioa labankada batez ospatu denekoa

50 urte bete berri dira Marokok Mendebaldeko Sahara inbaditu zuenetik. Nazioarteko legea eta sahararren giza eskubideak ez errespetatzeaz gain, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak Rabaten agenda hauspotu du: autodeterminazioa ez, «autonomia» izeneko mendekotasuna eskaini zaie okupatuei.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 45. urteurrenaren ospakizuna Tifaritin. (Andoni LUBAKI)

Hamazazpi urte zituela, Ehmudi Salemek txango bati ekin behar izan zion basamortuan zehar. 50 kilometro izan omen ziren, Polisarioko kideek bera eta beste asko erreskatatu zituzten arte. Dagoeneko mende erdia igaro berri da saharar horrek bere etxea atzean utzi zuenetik. Etxe hura, hain zuzen ere, Espainiar estatuaren menpeko Mendebaldeko Saharan zegoen.

1975eko azaroaren 6an, Rabateko armada lurraldean sartu eta sei egunera, ehun milaka marokoar zibilek Salemen herrira jo zuten. “Martxa Berdea” deiturikoak sahararren lurraldearen inbasioa eta ondorengo okupazio militarra baino ez zuen ekarri. “Afrikako azken kolonia” deitu ohi zaio Mendebaldeko Saharari: Erresuma Batuaren azalera duen lurraldeak ez du oraindik independentzia lortu. Gauzak horrela, Ehmudi Salemek Aljeriaren mendebaldeko Tindufeko kanpamentuetatik hitz egin du G8rekin, bideokonferentzia bidez. Aljer hiriburutik 2.000 kilometrora hegoaldera dagoen basamortu babesgabea da Tinduf. Baina huraxe izan da, mende erdiz, sahararren aterpea.

«Bi aukera genituen: Aljerian errefuxiatu gisa geratzea, edo bertan estatu-egitura bat sortzea, bere ministerioekin, parlamentuarekin eta gainontzeko erakundeekin. Bigarren aukerari heldu ostean, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu genuen, 1976ko otsailean», oroitu du Fronte Polisarioko ordezkari Salemek. 1973an sortu ostean, Nazio Batuen Erakundeak saharar herriaren “ordezkari legitimo”-tzat aitortu zuen Fronte Polisarioa. 1975ean Tindufera iritsi zenean, Salemek saharar errefuxiatu kanpamentuetan hezkuntza sistema abian jartzeko ardura hartu zuen. Kuban ikasten zuten gazte sahararren egoera ere gainbegiratu zuen hainbat urtez, eta Saharako parlamentuan nahiz bertako Justizia eta Kultura ministerioetan ere jardun du.

«Espainiak mende bat gure lurraldean pasatu ondoren, inork ez zuen espero Madrilek alde egingo zuenik, egun batetik bestera, gure etsaien eskuetan utzita. Gaur egun ez dago atzera-bueltarik: edo estatu independente bat lortzen dugu, edo gure herritarrentzako hilerri bat baino ez gara izango», dio Salemek, irmo.

1976an, Fronte Polisarioak independentzia aldarrikatu ondoren, NBEk sahararren autodeterminaziorako eskubidea berretsi zuen ebazpen baten bidez. Mendebaldeko Sahararako erreferenduma burutzeko NBEren MINURSO misioa 1991n sortu zen. Nolanahi, ez da bere eginkizuna betetzeko gai izan.

Tomas Barbulok ere 17 urte zituen Marokoko tropak lurraldean sartu zirenean. Espainiar militar baten seme, sei urte pasatu zituen Aaiun hirian, Mendebaldeko Saharako hiriburuan. Nolanahi, inbasioa hasi baina hiru hilabete lehenago Madrilera itzuli zen familiarekin batera.

Soldadu gaztea Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren urteurrenean. (Andoni LUBAKI)

«Sahararrek napalm eta fosforo zuria pairatu dituzte; jazarpena, erbesteratzea, euren baliabide naturalen lapurreta sistematikoa, beren identitatea desegiteko hamaika saiakera, ehunka mila kolono tartean direla…», azaldu du kazetariak, telefonoz, Madrildik. “La historia prohibida del Sahara” (Destino, 2002) liburuaren egilea ere bada; zalantzarik gabe, saharar herriari buruzko lan erreferentzialetako bat. Dioenez, Marokoren «jarrera aldaezinak» oztopatzen du bakerako saiakera oro. «Bitartean, NBEren Segurtasun Kontseiluko potentziek bizkarra eman diete sahararrei. Esan liteke NBEk amore eman duela Rabaten aurrean», damu du Barbulok. Paradoxa bada ere, NBE erakundeak ez du inoiz aitortu Sahararen gaineko Marokoren subiranotasuna: «Amaitu gabeko deskolonizazio prozesuaz» mintzo da beti.

«AIRE ZABALEKO KARTZELA»

ACNUR eta antzeko erakundeek kalkulatu dutenez, 170.000-200.000 saharar bizi dira Aljeriako basamortuan. Modu egonkorrean bizi dira gehienak, SEADeko agintariek kudeatutako bost kanpamentuetan, baina pertsona kopuru zehaztugabea mugitzen da kanpamentuen, Mendebaldeko Saharako lurralde liberatuen (Marokok kontrolatzen ez dituenak) eta erreferentziazko beste herrialde batzuen artean (batez ere Espainian, Mauritanian eta, neurri txikiagoan, Frantzian).

Marokok okupatutako lurraldean, alabaina, ezinezkoa da zenbakirik ematea, Rabatek ez baitu saharar herriaren existentzia onartzen. Era berean, zaila da oso hango errealitatea ezagutzea, maiz Sahara okupatua «aire zabaleko kartzela» esamoldeaz deskribatu da eta. 2024ko uztailean argitaratutako txostenean, NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek salatu zuen Marokok 2015etik etenda daukala Giza Eskubideen Goi Mandatariaren Bulegoak (ACNUDH) Mendebaldeko Saharan egin ohi zuen bisita.

Mina baten ondorioz hanka galdu duen Polisarioko militar ohia, Martir El Sheriffeko ospitalean. (Andoni LUBAKI)

«ACNUDHk oraindik jasotzen ditu giza eskubideen urraketei buruzko hamaika salaketa: mehatxuak, diskriminazio kasuak edota erasoak ohikoak dira, batez ere autodeterminazioaren alde egiten duten sahararren aurka», azpimarratu zuen Guterresek txosten hartan. Mugak eta debekuak izan arren, giza eskubideen etengabeko urraketak behin eta berriz salatu dituzte nazioarteko giza eskubideen erakundeek. 2024ko txostenean, Amnesty International-ek Marokok adierazpen askatasuna eta bilera eta protesta baketsuak «sistematikoki» zapaltzen zituela salatu zuen. Bestetik, Human Rights Watch-ek salatu du ohikoak direla aktibisten aitorpenetan oinarritutako epaiketak. Ildo berean, ez da ikertzen aitorpen horiek poliziaren torturapean sinatu ote diren. Eta ez dira, inondik ere, kondena arinak. Mohamed Dadach saharar disidenteak, esaterako, 24 urteko kartzela zigorra bete zuen. «Saharako Nelson Mandela» deitu ohi diote 1999an aske utzitako gizonari.

Rabatetik mila kilometrora dago Sahara okupatuko hiriburua, Aaiun. Adreiluaren kolorea duen hiria espainiar okupatzaileek sortu zuten duela 90 urte, lerro eta angelu zuzenetan. 1952an, Julio Caro Baroja bertaratu zen, eta inoizko monografikorik onenetako bat idatzi zuen bertan pasatutako urteetan. Francoren erregimenaren albistegiak «Atlantikoaren gaineko terraza bikainaren hiriburua» zela zioen. Gaur egun, Marokoren zapalkuntzaren erakusleihoa baino ez da; ez dago prentsa agentziarik, eta kanpoko kazetariek debekatuta dute sartzea. «Erlijioa, erregea eta Mendebaldeko Sahara marra gorriak dira Marokon dauden korrespontsalentzat», dio “El País” egunkariko kazetari Luis de Vegak. Marokon zortzi urte zeramatzala, Rabatek persona non grata izendatu eta herrialdetik kanporatu zuen 2010ean. Eta ez da bakarra izan. Gauzak horrela, okupazioaren menpeko egunerokotasun gorria Equipe Media izeneko gazte talde baten eskutik baino ezin da salatu.

Aaiuneko errefuxiatuen kanpalekuko irudia. (Andoni LUBAKI))

Ahmed Ettanji dugu taldekideetako bat. 36 urteko saharar hau 18 aldiz atxilotu du poliziak, eta askotan tortura pairatu du. Aaiundik hitz egin du G8rekin, telefonoz. Dioenez, giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeen babes mediatikoari esker bakarrik saihestu du kartzela «edo beste zerbait okerragoa». Gaineratu duenez, «azken 50 urteotan blokeo militar zorrotza, epaiketarik gabeko hilketak eta mota guztietako gehiegikeriak jasan ditugu. Milaka desagertu ditugu, eta hamarnaka mila izan dira atxilotuak. Botereen interes ekonomikoek giza eskubideek baino askoz pisu handiagoa dute beti».

Eskualdeko natur baliabide ugariei berehala erreparatu die Ettanjik: «Fosfatoak, arrantza, uranioa, urrea, litioa… Dena, jakina, gure baimenik gabe ustiatu eta saltzen da; okupatzailea baino ez da probesten, bai eta Espainia, Frantzia, AEBak edo Israel ere, besteak beste», dio aktibistak. Testigantzak Caro Barojak duela 70 urte Aaiunen idatziko hitzak ekarri ditu gogora: «Zuen jainkoak babes zaitzatela fosfatoaren, petrolioaren edo ekonomialari ospetsuen itxura hartzen duten deabruetatik».

Lotura zuzena duen arren, sahararren aberastasunen lapurreta ezin da giza dramaren maila berean lerratu. Ettanjik gogoratu duenez, badira Aljeriako basamortuan jaiotako belaunaldi osoak, bai eta banatutako familia ugari ere. Geroztik asko bideokonferentzia bidez besterik ez dira elkartu. Zailtasunak zailtasun, ez dirudi sahararrak etsitzeko asmorik duenik. «Okupaziopean jaio garenok asimilatuenak izan beharko genuke Rabaten begietan, Marokoren aldekoenak. Baina ez da hala gertatu. Autodeterminazioaren aldeko apustua bizirik eta osasuntsu dago gazteen artean».

SAHARAKO ESKUALDE AUTONOMOA

Mende erdian, Marokok mahai gainean jarritako irtenbide bakarra Mendebaldeko Sahara eskualde autonomo bihurtzea izan da. Rabatek 2007an aurkeztutako proposamenak Donald Trumpen babesa jaso zuen 2020an. Lau orri dituen egitasmoak sahararrek administrazio, justizia eta ekonomia alorretan eskumen propioak izango lituzketela dio, baina ez du argitzen nolakoa izango litzatekeen autonomia hori. Fronte Polisarioa aurka agertu da beti, baina horrek ez dio bermatu bere etorkizunaren jabe izatea.

Haurrak futbolean jolasean kanpalekuetan. (Andoni LUBAKI)

Urriaren 31n, NBEren Segurtasun Kontseiluak AEBek idatzitako ebazpena onartu zuen: Marokoren autonomia planaren alde eginez, Rabaten subiranotasun aldarrikapena babestu da. Horrelako keinua inbasio militarraren 50 urte betetzen diren egun berean egitea ez da kasualitatea sahararrentzat. Haietako asko krudeltasunaren seinale delakoan daude. Horrela ikusten du Garazi Hach Embarek urretxuarrak ere. Aski ezaguna da gure artean, Saharako auziari buruzko makina bat hitzaldi eman baititu eskoletan, unibertsitateetan, gaztetxeetan... Ama duela 50 urte lehen errefuxiatuei lagundu zien erizain euskalduna da, eta Fronte Polisarioaren sortzaileetako bat izan zen aita. Hach Embarekek, G8ri Urretxun emandako elkarrizketan, ez du bere etsipena ezkutatu: «Gaur egun nahasmenez betetako garai batean gaude, non dena zilegi den. Baina hau ez da ez justua, ez legala. Bake faltsu baten izenean, injustizia baten zilegitasuna bilatzen da», salatu du 47 urteko emakumeak. Erresistentzia aktiboa egitea «oso zaila» dela aitortu du, Marokoar lobby-a oso boteretsua dela gogoratu du. Etorkizunari begira ezinbestekotzat jo du «aliatu berriak bilatzea». Iraganaren ordaina zein den garbi asko du: «Kolonialismoa bizirik dago oraindik. Gurean, Afrikako azken kolonia den horretan, politika okerren biktima baino ez gara sahararrok».