GAUR8

Konfort klimatikoa

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Herrialde bakoitzak bere paisaia material propioa du. Paisaia propioak tokiko baliabide material eta errealitate sozioekonomiko bat irudikatzen du. Herrialdeko gizarte-jakintzak lekuko baliabide materialekin paisaia materiala eraikitzen du. Horrek guztiak kultura material bat aurkezten du.

Eraikuntza egiten deneko laneskua eta erabiltzen diren material eta teknikak lekuaren informazio-iturri dira, tokiaz dihardute, arkeologiako arrastoen antzera funtzionatzen dute. Harrien memoriaz hitz egin ohi da. Eraikuntzen harriek gordetzen duten informazioaren artean, garai kultural bakoitzak klimarekin erlazionatzeko izandako modu jakin bat dago. Eraikuntzak gorputzen fisiologia eta kanpoko meteorologiaren arteko babes-geruza bat izan nahi du. Gorputzaren fisiologia ezaugarri biologiko bat bada ere, gorputzaren eta gorputza bizi den klimaren arteko harremana kulturala da. Eta beraz, eraikuntzaren harriek klimaren aurreko kultura material bat kontatzen dute. Hau da, gorputzak klimaren berora eta hotzera nola egokitu nahi duen desberdina da kultura bakoitzean, eta, beraz, eraikinak egin behar duen eragiketa lurralde bakoitzean desberdina izango da.

Gizartearen kulturak hotza nola ulertzen duen adierazgarri egiteko, japoniarren kasua kontatu ohi da, esanez, japoniarrek 15 graduko konfort klimatikoa dutela etxeetan, gurean 20 gradukoa denean. Kontua ez da gorputz japoniarren tenperaturak eramangarriago egiten duela termometro baxua, baizik eta kultura japoniarrak ohitura duela gorputza arroparekin babesteko espazioaren giro hotzari aurre egiteko. Konfort klimatiko kultural horren lekuko da kimonoa. Kimono tradizionalaren barnealdeko poltsiko txikitxoak banbu txingarretan sartzeko diseinatuta daude; gorputza berotzeko teknologiadun arropa. Horregatik Mendebaldeko kulturan eraikuntza isolamendu termikoaz janzteko aroan gauden bitartean, Japonian pareta eta arotzeria finez egindako eraikinekin jarraitzen dute, hemengo arautegiek kuantifikatzen duten konfort klimatiko estandarretatik arras urruti.

Konfort klimatikoak, kulturala izateaz gain, garai bakoitzaren erosotasun mailarekin ere topo egiten du. Espainiakoa duela gutxi arte aire giroturik gabeko gizartea zen; eguzkitik babesteko, pertsianak, zuritutako paretak, patioak, ura, zuhaitzen gerizpea erabiltzen ziren etxeetako konfort klimatikoa lortzeko. Gaur egun, espainiar etxe berriak aire girotuarekin eraikitzen dira, teknologiak eta energiak eskaintzen duen makinan oinarritutako konforta eskuratzera ohitu garelako (egun beroenetan tenperaturek gora egin dutelako ere bai). Batzuetan, hori bai, konforta eta erosotasuna nahastera irits gaitezke; leihoen irekitze eta ixteekin sortzen diren aire bero edo hotzek espazioetara ekar dezaketen onurak arbuiatzen ditugu on/off gailu bat eskuartean dugunean.

Konfort klimatikoaren pertzepzio aldakortasunak dauden arren, bero denean itzal fresko batean edo hotz denean negutegiko berotasunean egotearen sentsazio atseginek badute kutsu unibertsala. Eta sentsazio horiek gida dezakete eraikin baten arkitektura, konfort klimatikoaren ulermen material batek paisaia kultura bat eraikitzeko bidean. •