Gazako errefuxiatu kanpamentuetako familien bizitza benetan gogorra da. Haurrek haur izateko eskubidea aspaldi galdu zuten genozidioaren erdian. Lamis Deeb eta bere bi seme-alabak ahal bezala bizirauten saiatzen dira.
Lamisek amaren eta aitaren papera betetzen du senarra Israelek eragindako eraso batean hil zenetik. Eraso berean bere aita ere hil zen.
«Dendan egiten dugu lo. Horrek ez gaitu babesten neguko hotzetik edo udako berotik. Baina ez dugu beste aukerarik. Lo egiten dugu eta goizean esnatzen gara sua nola piztuko dugun pentsatzen. Hiru ordu behar ditugu te-ontzi bat berotzeko», azaldu du.
«Hamaika bat aldiz lekualdatu gaituzte. Iparraldea utzi ondoren, Khan Yunisera eraman gintuzten, gero Rafahra, gero Al-Mawasira, berriro Rafahra eta gero Nuseiratera. Lekualdatze bakoitza heriotzari ihes egitea bezala sentitu dut, eta gure arimak uzten gintuela ere sentitu dut. Zure seme-alabak eramaten dituzu, besarkatzen dituzu eta korrika egiten duzu. Ez duzu atzean zer dagoen ikusteko aukerarik ere», kontatu du.
Nuseiraten aterpe hartzen ari zirela, erasotuak izan ziren. Egun hartan gertatutakoa oso gogorra izan zen Lamisentzat.
«Erasoa gure gainean zegoela sentitu nuen, beraz, laugarren solairura igo eta teilatuko atea ireki nuen, eta eszena deskribaezina zen. Denak hilda zeuden. Nire senarra itxuraz ondo zegoen, bizirik egongo zela pentsatu nuen. Esnatzen saiatu nintzen. Baina zauria hemen zuen [burura seinalatuz] eta berehala jakin nuen bera ere hilda zegoela», dio saminez.
Kanpamentuetako dendek eskaintzen dieten babes eskasaz aparte, ez dute beste ezer. Jateko osasungarririk ere ez. Lamisen desira gehienok duguna da: genozidioa amaitzea eta Palestinak bakean bizi ahal izatea: «Espero dugu egoera honek hobera egitea, eta gerra hau amaitzea eta segurtasunez bizi eta gure etxeetara itzuli ahal izatea. Suntsipena ez da arazoa, onartu dugu eta gure herria berreraikiko dugu. Baina segurtasun eta bake pixka bat nahi dugu, seguru lo egin ahal izateko».

Itsasoa maitatu eta babestuz
Gaitzari aurre hartu

Eskola Kirolaren inguruko epaiak berriz azaleratu du lehia goiztiarraren eztabaida

Baterajotzea: Gazte komunitate feminista batu eta indartzeko elkargunea Zaldibarren
