
Sare digitalen ondorioz, fenomeno sozial berriak sortzen eta hedatzen ari dira. Batzuk marjinalak badira ere, beste askok azkar egiten dute aurrera. Eguneroko bizitza eta sareetako dinamika elkar elikatzen ari dira etengabe, eta horrek eragin zuzena du gazteen bizimoduan. Fenomeno guztiak jarraitzea ezinezkoa den arren, batzuk ezagutaraztea garrantzitsua da.
EMOJI HIZKUNTZAK ETA LENGOAIAN ALDAKETAK
Emojiek funtzio pragmatikoak betetzen dituzte: tonu-markatzaile gisa, ironia adieraztea edo intentsitatea gutxitzea, besteak beste. Esanahia belaunaldiaren arabera alda daiteke, eta nerabeen erabilerari buruzko ikerketek erakutsi dute kode partekatuak daudela gazteen artean.
Beste emoji batzuek esanahi ezkutuak hartu dituzte, “manosfera”-rekin (gizon nagusitasunean eta feminismoaren ukapenean oinarritutako ikuspegia) edo eskuin muturrarekin lotuak: babarrunak, incel komunitatearen sinboloa; OK zeinua, eskuin muturrari lotua, emakumeen aurkako misoginia; trikua, neonaziak adierazteko ikurra.
Gainera, badira sexu-adierazpenak, drogen erabilera edo jarrera sozialak sinbolizatzeko emoji ugari. Horrez gain, hizkuntzaren eraldaketan eragin zuzenak ere neurtu dira. Fenomeno normala dena azkartzen ari dela dirudi, bereziki adimen artifizial generatiboko tresnek sortutako testuak erabiltzeagatik.
ERREKONOZIMENDU-BILAKETA ETA IDENTITATEAREN ERAIKUNTZA
Sare sozialak «ispilu sozial digitala» dira. Elkarrekintzek, auto-adierazpenek eta atzeraelikadurak norberaren identitatea eraikitzen laguntzen dute nerabezaroan. TikTok eta Instagram dira eragin handiena dutenak: lehenean informazioa azkar eta zatituta jasotzen dute, baina aldi berean kontrol-sentsazio gutxiago sentitzen dute; bigarrenean, proiektatutako irudiak eta jasotako erreakzioek gazteen autoirudian zuzenean eragiten dute, beren identitatean eraginez.
Mezu jario jarraituak goranzko konparazioa eragiten du sarri (besteei hobeto doakiela irudikatzea), eta horrek eragin negatiboa izan dezake. Gazte askok egoera horren kontzientzia badute ere, aplikazioak uztea edo erabilera murriztea zaila egiten zaie, testuinguru sozialagatik. Hala ere, elkar-laguntza mekanismoak ere garatzen dituzte dinamika horiei aurre egiteko.
Fenomeno muturrekoen adibide da NGL aplikazioa: gazteek galderak egin eta besteek anonimoki erantzuna eman dezakete, eta gero Instagramen argitaratu.
TEORIA «AZIENTIFIKOAK» ETA KONSPIRAZIOAK
Inkestek erakusten dute gazteek konspirazio teorien esposizio handia dutela, eta askok sinesteko joera ere bai. Horiez gain, informazio «azientifikoa» ere zabaltzen ari da, bereziki TikTok bezalako plataformetan. Nerabeen osasun mentalerako arriskuak ere neurtu dira.
Eduki efimeroek gamifikazio-mekanismoak baliatzen dituzte, eta horrek FOMOa (zerbait galtzeko beldurra) eta atxikipena handitzen ditu. Askotan informazio hori iturri ez fidagarrietatik dator, eta gazteen esku gelditzen da iragaztea.
Horrez gain, mikro-influencerrak ere fenomeno bihurtu dira. Audientzia txikiekin aritu arren, konfiantza eta eragin handia lortzen dute. Batzuetan gertuko erreferentzia positiboak dira, baina beste batzuetan desinformazioari edo merkantilizazioari loturik jarduten dute.
TXATBOTAK KONFIDENTE ETA ORAKULO
Gazte askok ChatGPT bezalako tresnak erabiltzen dituzte sekretuak partekatzeko edo laguntza emozionala bilatzeko, harreman-arazoak eta estresa arintzeko. Tresna horiek eskuragarritasuna eta berehalako erantzunak eskaintzen dituzte, eta maiz psikologoaren alternatiba merkeago gisa erabiltzen dira. Anonimotasun sentsazio faltsu bat ere sortzen dute, epaituak sentitzeko beldurrik ez dutelako, baina datuak enpresa horien esku geratzen direla kontuan hartu gabe.
Txabot hauen erabilera intentsiboak isolamendua areagotu dezake, nahiz eta beste ikerketa batzuek kontrakoa ere erakutsi, bakardadea arintzeko balio dezaketela, alegia. Nolanahi ere, gero eta gazte gehiagok hartzen dituzte etorkizuneko erabakiak txatbot hauen laguntzaz.
AZKEN MUGA: GIZA-MAKINA HARREMAN AFEKTIBOAK
Gazteengan ez ezik, helduengan ere aldaketa sakonak gertatzen ari dira. Adimen artifizialeko lagun birtualen aplikazioek, hala nola Replika edo antzeko harreman-simulagailuek, gero eta harrera hobea dute. Milioika deskarga dituzte aplikazio hauek, eta jendea maitale edo lagun birtual hauekin elkarreragiteagatik ordaintzeko prest dagoela frogatu da. Replikak, adibidez, «zaintzen zaituen AA lagun» gisa aurkezten du bere burua.
Erabiltzaileengan konexio pertsonalak sortzeko helburuarekin, teknologiaren antropomorfizazio hauek pertsonak lotzeko pentsatuta daude. Ez hori bakarrik, bakardadea arintzeko edo osasun mentalari aurre egiteko ere baliatzen hasiak dira honezkero.
Hasierako esperientziek onura batzuk erakutsi badituzte ere, aditu eta ikertzaile askok ohartarazi dute arrisku eta galdera ugari sortzen direla oraindik erregulaziorik gabe garatzen ari den eremu honetan: eragin psikologiko kaltegarriak, datu intimo eta pribatuen filtrazio posibleak, gizarte-harremanetan eragin kaltegarriak...
Gizabere kooperatibo gisa, norbanako izateaz gain, kolektiboan bizitzen den izakia gara. Kolektibotasun horretan eraikitzen ditugun harreman-sareek egiten gaituzte gizaki. Bada, muga hori ere lausotzen ari da, eta jada, gizakiekin baino, algoritmoekin harreman afektiboak garatzeko bidea aukeratzen ari da jende asko.