Madrilen, Bartzelonan zein Bilbon gero eta ohikoagoa da inprobisazio antzerkia ikustea, baina gehien-gehienean gazteleraz egina izaten da antzerki hori. Sortu zela oraindik urtebete ere egin ez duen Supituki taldeak, ordea, antzerki inprobisatua euskaraz egiteari ekin dio, eta emanaldiak eskaintzen ari dira Euskal Herrian zehar.
Egoitz Aizpuru da taldearen arima eta bihotza, urte luzez antzerki munduan lanean ari den aktore eta aktoreen irakaslea, eta Nerea Lauzirika berekin izan da egiten duten lana ezagutzeko. Aipatu dionez, aspalditik zuen Egoitzek inprobisazio antzerkia euskaraz egiteko ilusioa eta orain prest dira lan hori jendaurrean erakusteko.
Eta aste honetako alean jorratu dugun beste gai bat Eskola Kirolean izandako aldaketa eta lehia goiztiarraren inguruko eztabaida izan da. Ezaguna den moduan, Pasaiako familia batek abiarazitako auzibideari erantzunez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 1990eko hamarkadatik ezarria zuen betebehar bat: 13 urtera arteko umeek talde kirolen bat klub batean egin ahal izateko, ezinbestean izena eman behar zuten Eskola Kirolean.
Aurtengo ikasturtean aplikatu da lehen aldiz araudi berria, eta behin-behineko datuek erakutsi dute Eskola Kirola programan izena eman duten haurren kopuruak nabarmen behera egin duela. Herriaren arabera zenbakiak desberdinak diren arren, zenbait lekutan beherakada hori %30-40 ingurukoa izan da.
Egoera aztertzeko Manu Urbietarekin hitz egin dugu. Futbolari eta entrenatzaile ohia, psikomotrizista ere bada Manu eta esperientzia zabala du gaztetxoen kirolean. Berriki, "Norgehiagoka" izeneko erakusketa ere antolatu du beste zenbait lagunekin batera. Iritzi desberdin asko egon daitezkeela jakinda, gaiari hurbilpen bat egin dugu bere laguntzarekin.

«Bost bat minutu egin nituen buruz behera, itsasoko ura tragatzen, badakit zer den hiltzea»

«Beste modu batera sartu naiz finalera, txapelaren ametsak ez du ezinezkoa ematen»

«Finalean kantatzeko ilusioa ez zait joan eta final on bat egiteko gogoa handitu egin zait»

«Nire erabakia ez da gai pisutsuei ez kantatzea, baizik eta drama handiak saihestea»
