Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Entrevue
ONINTZA ENBEITA MAGUREGI
BERTSOLARIA ETA KAZETARIA

«Errekonozimendu barik pasatu den emakume belaunaldi bateko kide da Feli»

«Bizitza baten txatalak. Andre bat lurrari emana» liburua idatzi du “Argia”-ren Bizi Baratzea sailean. Feli Madariagaren bizitzaren txatalak josi ditu, baina bizi soineko hori baserriko emakume askoren neurrikoa da.

Feli Madariaga eta Onintza Enbeita.
Feli Madariaga eta Onintza Enbeita. (ARGIA)

Feli Madariaga Torrealdai (1932, Baldatika, Forua) lurrari emana bizi den andre bat da. Onintza Enbeita Maguregi (Muxika, 1979), emakumea eta lurra korapilatzen diren lur eremuaren miran zebilen. Eta bat-batean konturatu zen pare-parean zuela bere liburuko protagonista, Muxikako Igertu baserrira ezkondutako Feli. Bere bizitzaren txatalak josi ditu Enbeitak liburuan, eta beste askorenak bistaratu dira.

Zein da Feli Madariaga zuretzat?

Bada, niretzat, gure herrira ezkondu zen andre bat da. Orain dela urte batzuk esango nuke gure herrikoa den andre bat, baina orain uste dut berarentzat inportantea dela esatea Muxikara ezkondu egin zela, bera izatez Baldatikakoa dela. Bere belaunaldiko andre askoren moduan, bizitzan bide bat egin duen emakume bat da, inork ezer errekonozitu barik, euren burua eraiki duten belaunaldi bateko kide. Euren burua eraiki sinbolikoki, fisikoki, ekonomikoki... Eurek egin dute dena. Eta uste dut errekonozimendu barik pasatu den belaunaldi bateko kide dela Feli.

Zuk esana da, «emakumea eta lurra gurutzatzen diren leku baten bila nenbilen». Nondik sortu zen lan hau?

Berez proposamen batetik sortu zen. Argia-ko Bizi Baratzea proiektuan, euren etengabeko hausnarketa horretan, norbaitek esanda konturatu ziren baserritarrei buruz jende askok hitz egiten duela baserritarrei galdetu gabe. Proposamena egin zidaten baserritarrei hitza emateko, dena libre. Bakarrik gustatuko litzaiekeela oinarria izatea emakumea eta lurra. Eta emakumea eta lurra, emakumea eta lurra... momentu batean konturatu nintzen Feli oraindik bizi dela, hor dagoela eta badela emakumea eta lurra gurutzatzen dituen gorputz bat; agian bi hitz horiek sinbolikotik lurrera ekartzen lagunduko digun protagonista bat.

Zuretzat oso gertukoa da Feli.

Bai. Umetan ikusten genuen bere baserria piperrez beterik eta irudi hori buruan geratuko zaigu betiko. Eta gero herrian gurutzatu gara mila aldiz, mila gauzatan. Herriko emakumeak antzerkia egiten hasi ginen, hamar-hamabi urtetan oso indartsu iraun duen proiektu batean. Eta hor ja Feli zuzen-zuzenean ezagutzeko aukera eduki nuen. 83 urterekin antzerki baten protagonista egin genuen, eta berak oso ondo erantzun zuen.

Askotan neure buruari galdetzen nion, bai Felik eta bai hor antzerkian egon ziren beste emakume batzuek duela 40 urte horrelako gauzak egiteko aukera izan balute, orain dela 40 urte norbaitek agertoki batera igo izan balitu, zein desberdina izango litzatekeen euren bizitza. Beti egon direlako itzaletan, bigarren planoan, lan isiletan. Hor hasi nintzen Feliren beste alde hori ezagutzen, ezta? Feli langilea bakarrik barik, beste Feli bat. Bazkariak egiten genituenean, dantza egitea eta kantatzea zenbat gustatzen zitzaion ikusi nuen ,adibidez.

Liburuan berak esaten du dantza egitea asko gustatzen zaiola. Ederra da adin horretako emakumeak ondo pasatzeko eskubide hori aldarrikatzea.

Dudarik gabe. Felik berak esaten du ‘gauza alegreagorik ez dago niretzat dantzan egitea baino’. Eta hasten zara pentsatzen hemen gaudela gu, Erresuma Batuko anarkista batek orain dela ez dakit zenbat urte esan zuen ‘ezin badut dantza egin ez da nire iraultza’ esaldi horri bueltaka. Eta hemen badaude emakumeak beste modu batera hori esaten digutenak: ‘gure bizitza ez da erraza izan, baina guk ere egin dugu dantzan eta gure momentu libre batzuk edo aske izateko momentu batzuk izan ditugu, eta dantzak egin gaitu alegre eta egin gaitu libre’. Orduan, askotan konturatzen zara biziraupenetik izan duten bizitza askok dibertsiotik ere izan dutela.

Bere bizitzaren kronika bat egiten da liburuan. Nolakoa izan da prozesua?

Feliren inguruko zerbait izango zela erabaki nuenean, artean ez nekien zer egingo nuen; nobela bat, ipuin bilduma bat... Proposamena egin nion, berak baietz esan zidan eta arratsalde batzuetan joan nintzen bere etxera; grabatu, galdera batzuk egin, berari kontatzen utzi, eta gero hori transkribatu. Orduan hasi nintzen erabakitzen zer egin, une batean pentsatu nuen bere bizitza fikzionatzea, baina iruditu zitzaidan tranpa egitea izango litzatekeela. Orduan erabaki nuen, berarekin ahalik eta leialen izateko, berak izan behar zuela bere historiaren jabe, eta erabaki genuen lehenengo pertsonan uztea. Azkenean, bere kontaketaren txatal batzuk hartu ditugu, politenak edo bizitza baten irudia emango dutenak.

Feliren bizitzaren txatalak dira, baina, era berean, jendarte oso baten mamia, hezurrak eta zainak erakusten ditu kontaketa horrek.

Azkenean, berak kontatzen du berak bizi izan duen bizitza, eta bere begietatik kontatzen du; gaztea izan zenean bere begietatik ikusten zuen Gernika eta orain bere begietatik ikusten duena. Eta orduan konturatzen zara azken 60 urteetako kronika polit bat egiten duela. Kronika horretan ikusten da nondik gatozen; orain dela ez urte asko andreak ez zirela sartzen tabernara, lana uzten zutela ezkontzeko, umeak lanera joaten zirela 13-14 urterekin... Ez dira hainbeste urte hori guztia gertatzen zela. Garai hartan aberatsak nortzuk ziren kontatzen du, zer jaten zuten... Eta pentsatu dezakezu hori dena tontakeria bat dela, baina ez da. Gernikarra bazara eta liburua irakurtzen baduzu, familia asko kokatzen dituzu eta gauza asko ulertzen duzu. Baina zuk hori Erratzutik irakurtzen baduzu ere, seguruenik familia batzuen izenak aldatu eta kronika sozial hori zure egin dezakezu. Uste dut Feliren begietatik oso ondo esplikatu daitekeela mundua.

Zaintzari buruz ere gogoeta argigarriak egiten ditu. Azaltzen du baserrira ezkontzea, han dagoen lana egiteaz gain, bertan bizi diren guztien zaintza onartzea dela. Belarretatik etorri eta denak mahaian eserita egotea, Felik afaria egiteko zain. Hortik gatoz.

Hortik gatoz, bai. Ez dezagun geure burua engainatu, baserrian jaio garenok badakigu gure ama eta amama askoren bizitza hori izan dela. Nik beti aldarrikatu dut gauza bera; gizonek baserrian lan egin dute, baina emakumeek lan egin dute baserrian kanpoan eta barruan. Eta gizonek deskantsua hartu duten momentu horretan ere emakumeek lan egin dute. Hori Felik oso ondo kontatzen du.

Baina hori ez da Feli eta Julianen historia bakarrik; izenak aldatuta, hori gure baserrietako historia da, gure historia bizia, eta ez dira hainbeste urte joan historia horretatik. Hortik gatoz eta oraindik ere gizartean gauza batzuetan, zoritxarrez, hor gaude, errekonozimendu falta horretan, eta arrakalak ez ditugu ikusten. Esaten dugunean soldata-arrakala, maiz ez dugu ikusten, eta askotan arrakalak ez daude zenbakietan, baina hartzen ditugun rol sinbolikoetan arrakala asko dago.

(Gorka RUBIO / FOKU)

Feli eta bere amaginarrebaren arteko harremana aipatzen da liburuan. Ez zen erraza, amaginarrebak ez zion bidea samur jarri. Bitxia da, amaginarrebak berak Feliren errealitate bera bizi izan baitzuen lehenago bere azalean.

Inguruan emakume askorekin hitz egin dut honetaz, eta amaginarreba eta errain askoren harremana horrelakoa izan da, baserriaren gobernuaren gatazka hori egon da. Nik batzuetan pentsatzen dut guri sinetsarazi zigutela matriarkatuaren kontu hori, Euskal Herrian matriarkatua zela. Guk uste dugu dena gezur handi bat dela, eta ez dakit horren ondorioz edo, baina baserrietan batzuetan egon da gobernantza gatazka bat. Hau baserri askotan gertatu da. Liburua irakurri duen jende askok esan dit ezagutzen dituela emakumeak hortik pasatu direnak.

Askotan, oraindik ere, sartu izan digute buruan emakumeak ederrak izan behar dugula gizonentzat, eta konpetentzia horretan biziarazten gaituzte. Nik uste dut garai bateko gobernantza gatazka hori ere hortik zetorrela, emakumeen arteko lehia matriarkatuaren gezur horretan ezkutatuta. Sistemarentzat, elkarren artean aliantzak eginda baino askoz interesgarriagoak izan gara emakumeak elkarren kontra.

Emakumeen gaineko epai sozialak ere badu pisua kontaketan. Feli noraino ote zen langilea, alabak parrandan ateratzen zirenean nola ibiltzen ote ziren...

Egia da alaben ingurukoa nahita bilatu dudan kontaketa bat dela. Gu ere hiru ahizpa gara, baserrian jaio gara eta Felik ere hiru alaba izan zituen. Hor nik horrelako berdintasun bat ikusten nuen, guk bizi izan ditugun gauza batzuk haiek ere bizi izan dituztela, nahiz eta Feliren alabak gu baino apur bat zaharragoak diren. Hor ikusten da oraindik ere gaur egun jarraitzen dugula mutilei ez ezer esaten eta neskei beti ‘kontuz’ eta ‘ondo’ ibiltzeko eskatzen. Feliren kasuan ere, hiru alaba izateak, etxean denak neskak izateak, zer-nolako epaia ekarri zion ikusten da. Berak ere esaten du, seme bat izan balu agian ez litzatekeela epai hori gertatuko. Agian gertatzen ari den bitartean ez zara kontziente, baina gaur egungo talaiatik bera kontziente da gauza asko gertatu zaizkiola emakumea delako eta alabak bakarrik izan dituelako. Emakumea bazara, berdin da zer egiten duzun; parrandan asko ateratzen bazara, gaizki, eta ez bazara ateratzen, gaizki. Beti egongo da epai sozial bat, orain dela 60 urte bazegoen eta orain ere badago.

Felik bere bizitza imajinatzen du baserrian geratu izan ez balitz, fabrikako lanari eutsi izan balio eta senarrak bizartegi bat jarri izan balu Gernikan. Ariketa interesgarria egiten du.

Bai, berak esaten du igual Gernikan biziko ziratekeela eta baserriari lotuta egin duten guztia ez zuketela egingo. Eta niretzat polita da hori kontatzea, ze hor ikusten da askotan bizitza horixe dela, zirkunstantziak eta aukerak. Batzuetan ahal dugun neurrian erabaki egiten dugu, baina gero beste batzuetan gure bizitza neurri batean zirkunstantziala da. Gu jaio izan bagina beste familia mota batean edo jaio izan bagina hiriburu batean, ba desberdinak izango ginatekeen. Orduan, oso polita iruditzen zait berak kontzientziaz hori islatzea. Gure bizitza izan zitekeen desberdina. ‘Guri bai, baserria eman ziguten, ez dugu hipotekarik ordaindu, baina igual Gernikan bizi izan bagina gure bizitza errazagoa izango zen, ez?’. Eurek euren aukerekin ahal izan zuten bizitzarik onena egin zuten, eta besteok berdin. Eta uste dut hori dela biziraupenaren ardatzetako bat.

Feli erabakitasun handiko emakumea dela sumatzen da.

Saiatu naiz hori islatzen. Irudipena daukat guk imajinatzen dugula gure aurreko belaunaldiek bizitza erabat zirkunstantzialak izan zituztela; ezkontzera derrigortzen zituztenak edo halabeharrez ezkontzen zirenak, ez dakit zenbat ume izan zituztenak edota baserrira ezkondu zirenak... Eta uste dut, bere aukeren barruan, Felik gauza batzuk erabaki egin zituela. Eta hortik estrapolatu dezaket egon zirela gauza batzuk aukeratzeko modua izan zuten emakumeak, bizitza guztiak ez direla izan erabat halabeharrezkoak. Zure zirkunstantzien barruan, zure aukeren barruan, erabakitzeko gaitasun hori oso inportantea iruditzen zait. Guk askotan imajinatu dugu gure aurrekoen bizimodua halakoa edo bestelakoa, haiei galdetu gabe. Eta batzuetan pentsatzen dut ez dugula ezer asmatu. Guk gure aukeren barruan ahal duguna egiten dugu, eta lehen berdin egiten zuten.

Oso deigarria da Felik etxeko ekonomian izan duen pisua. Berak erabakitzen du basotik ez dutela jango, behi gehiago jarriko dituztela... Eta, aldi berean, berak ederto batean esaten duen moduan, ‘guk lan asko egin dugu geure buruaren kontra’. Bizitza ateratze horretan, azkenean, zenbat eta piper gehiago jarri, gehiago saldu. Baina beti izan dira lau esku lanerako, eta hori izan da euren arazoetako bat.

(ARGIA)

Lanerako lau esku aipatu dituzu. Oso polita da Felik nola kontatzen duen bere bizitza esnatzen denetik oheratzen den arte Julianen ondoan.

Hunkigarria da nola hitz egiten duen Juliani buruz, begiak pizten zaizkio eta oso presente dauka. Harremana ulertzeko modu oso eder bat da. Bidelaguna izan da Julian beretzat, lankidea, maitalea eta, batez ere, bidelaguna. Berak esaten du ez duela sinisten inoiz haserretzen ez diren bikoteen kontaketa hori. Felik esaten du bera haserretzen zela Julianekin, baina ohera beti elkarren lagun joaten zirela.

Zeruari begira eta lurrari lotuta bizi izan dira, oso jakintsuak dira Feli eta Julian.

Momentu batean esaten du orain baserritar asko dagoela, baina ganora askorik ez. Eta egia da badagoela produzitzeko joera bat, edo baserriari begiratzeko modu produktibista bat. Azokara joaten gara eta, nola ohituta gauden dendan edozer izaten, edozein sasoitan, dena nahi dugu pixka bat lehenago. Sortu dugu lurra lantzeko modu bat, lurrari begira baino salmentari edo gaur egungo bizitzari begira dagoena. Tenplea, esateko ‘lurra ez dago ezer jartzeko moduan, 15 egun itxarongo dugu’, hori gaur egun oso jende gutxik izango du. Gizartearen erritmoak galarazi du patxada hori. Azkenean, bezero batzuk dituzu eta eskura behar duzu generoa, ze bestela oso erraza da gaur egun beste leku batera joan eta edozer erostea edozein garaitan. Horrek asko apurtu du lurrarekiko harremana, lurrari begira egote hori. Orain ez daukagu hainbeste denbora lurrari begiratzeko.

Gernikako azoka partekatu duzu zuk Felirekin.

Niri asko gustatzen zait azoka eta, horrez gain, militantzia moduan bizi dut. Askotan esaten dut, ahal izango balute, gu hemendik kenduko gintuzkete eta hemen beste gauza bat jarriko lukete. Turistak pasatzen dira argazkiak egitera, baina gero hor gaude gu urte osoan; neguan hotza pasatzen dugu eta udan beroa, eta hor konpon. Niretzat azokak badauka militantziatik. Eta gaur egungo erosketa ereduen aurrean, badauka azokak zeresana. Azkenean, nik ulertzen dut astelehen goiza ez dela egun egokia azokara joateko, baina astelehen goizean Gernikan Mercadonara, Lidlera, Aldira, Alcampora edo BMra bazoaz, guztietan dago jendea. Jende hori guztia azokara etorriko balitz, begira zenbat jendetza egongo litzatekeen azokan, ez?

Gaur egungo erosketa eredutik ateratzen gaitu azokak. Eta bide bat da baserritarrok geure burua eraikitzeko, ze gaur egun baserriak eta lurrak iraungo badute, merkatuko logikatik atera behar gara. Bestela, sostengaezina da. Nik uste dut azoka dela bide bat, erakusleiho bat, lurraren zikloak zeintzuk diren ikusteko eta ulertzeko. Edo egiten dugu egin behar duguna, eraikitzen dugu geure burua merkatuaren logikatik kanpo, edo ez dugu zereginik izango.

Felik esaten du txerrikeria asko jaten direla gaur egun, eta ez txerrikiak. Gauza batzuetan hobera egin dugula, baina beste batzuetan txarrera.

Oso ondo esplikatzen du Felik Julianek nahiago izaten zuela oilo zaharra jan harategiko paparrak baino. Haragia zegoenean jaten zuen belaunaldi batetik, edozein egunetan edozein haragi mota kontsumitzen duen gizarte batera pasatu gara. Hor, bidean, jakintza galtzetik aparte, zenbat ongizate eta zenbat osasun galdu den. Azkenean, ez da jasangarria. Dendara goazenean ikusten ditugun barazkiek-eta zer pentsatua eman beharko ligukete. Edonoiz erosi dezakegu edozer, baina ze preziotan? Ez da bakarrik lurra zigortzen dugula, geure buruari ere ez diogu ez osasunik ez plazerik ematen. Tomateek ez daukate zapore bera martxoan eta abuztuan. Orduan, bidean galdu dugun guztiaz ez dakit asko pentsatzen dugun.

Felik oso presente dauka hori.

Oso kontziente da. Libururako, eta baita bestela ere, nik asko hitz egin dut bai Felirekin eta bai Muxikako beste baserritar batzuekin; esnearen zaporeak edo lehen etxeko esnearekin egiten ziren postreak eta orain tetrabrikekoarekin egiten direnak, ez daukate zerikusirik. Eta nik beti esaten dut; geure buruaren alde egin beharko genuke, gustuari emango geniokeen gozamenagatik bakarrik, beste era batera erosten hasi beharko genuke.

Zer moduz dago Feli?

92 egingo ditu orain eta baserrian jarraitzen du. Nik askotan esaten dut handia naizenean Feliren modukoa izatea gustatuko litzaidakeela. Aurten oraindik ortuan ibili da, babarrunak biltzen eta aitzurrarekin.

Zahartzaro duina aldarrikatzen dugu askotan, eta nik uste dut hori dela zahartzaro duin bat, bizitzaren amaiera onartzeko modu lasai bat ere bada. Eta inbidia ematen dit Felik eta Feliren belaunaldiak zentzu horretan. Jakin dute bizitza osotasunean onartzen euren esparruan. Gu bizi gara, bidaiatu nahi dugu, urrutira joan nahi dugu, aisialdian ez dakit zer egin nahi dugu... eta askotan ez dugu ezer egiten. Eta haiek beste lasaitasun batekin bizi izan dira. Eta 90 urterekin, gauza mordoa egin ditu. Zertan ari gara denok korrika batean?