GAUR8
Entrevue
CATHERINE POLLOK
GAELERA IRAKASLEA

«Niretzat, hizkuntzak iragana begiratzeko leihoak dira, eta guretzat gaelera da leiho hori»

Catherine Pollock (Doire, 1981) ama gaztea da, Irlandako ipar-mendebaldeko hiri txiki batean jaio eta bizi dena. Bere lana hiritarren artean gaelera hizkuntzaren ezagutza eta erabilera sustatzea da. Kontu nahiko arrunta, hiriko alde unionistan jaio izan ez balitz.

(UTZITAKO ARGAZKIAK)

Catherine Doirekoa da (edo Derry, ingelesez onartutako transliterazio ezagunagoa, edota Londonderry, Britainia Handitik etorritako kolonoek eta haien ondorengoek deitzen dioten moduan). Hemezortzi urterekin Ingalaterrara joan zen ikastera, eta ikasketak bukatu ostean bere herrira bueltatu zen, baina ibaiaren beste aldera.

Ibai guztiek bi ertz dauzkate, eta batzuetan errekaren alde batean edo bestean sortu izanak nabarmen markatzen zaitu.

Doire hiria bitan zatitzen du Foyle ibaiak. Alde jendetsuenean, Citysiden, gehiengoak errepublikanotzat, nazionalistatzat edo katolikotzat jotzen du bere burua. Bertan 10.000 unionista inguru bizi ziren, baina “The Troubles” izenarekin ezagutzen den garaian gehienak beste aldera mugitu ziren. Gaur egun Waterside aldean bizi dira protestante gehienak, ia guztiak unionistak. Eta hori are nabarmenagoa da pobrezia mailak gora egin ahala; zenbat eta altuagoa izan, orduan eta segregatuagoak dira auzoak. Hori dela eta, komunitateak ia identitate bakarrekoak ziren. Katolikoak katolikoekin, protestanteak protestanteekin. Waterside-en orain aniztasun handiagoa dago, baina oraindik badaude alde bakarreko jendea bizi den auzo txiroak.

Waterside aldetik etorrita, nolakoa zen zure harremana beste komunitatearekin? Ba al zenekien gatazka zegoela?

1981ean jaio nintzen, Bobby Sands hil eta astebetera, baina nire bizitzan ez zegoen politikarik, oso babestuta nengoen ume garaian, beldurrak, bonbak, atxiloketak... ez ziren nire ardura. Gure eskola poliziaren egoitzaren parean zegoen, eta sarritan irten behar izaten genuen eskolatik lehergailuen mehatxuagatik, baina nik ez nuen inoiz beldurrik izan. Egia esan, Lehen Hezkuntza bukatu arte ez dut uste harreman zuzenik eduki nuenik beste komunitateko inorekin. Nire auzokideen artean, %90etik gora unionistak ziren.

Bigarren Hezkuntza 1992an hasi nuen Citysideko eskola batean, eta han bazeuden beste komunitateko ikasleak, nahiz eta eskola protestantea izan. Nolabait esateko, neska txiki bat nintzen eta ez nintzen mehatxua inorentzako. Segur aski horregatik ez nuen sekula inolako problemarik izan aske mugitzeko, baina hori ez zen nire anaien esperientzia izan.

Gatazkari buruz? Ba niretzat garai hartan kontua zuria ala beltza zen, “onak eta gaiztoak” zeuden. Alde batekoek ikuspuntu moral batetik beti arrazoia zeukaten. Poliziak, Estatuak eta Indar Armatuek zerbait oker egitea pentsaezina zen niretzat. IRAkoak ziren terroristak. Gu ginen onak. Bigarren Hezkuntzan, erlijiotik edo politikatik at, ni klase sozialen arteko borrokaz jabetu nintzen, nire eskolan oso nabaria zen nortzuk etortzen ziren familia aberatsetatik eta nortzuk ez. Nortzuk ziren pribilegiatuak, alegia.

Eta eskolan ezer ikasi zenuen Irlandako historiari buruz?

Bai, baina beti britainiarren ikuspuntutik. Adibidez, Irlandako XIX. mendeko gosetearen ardura patataren gaitza zen, bestelako azalpenik gabe... Inperioa ona izan omen zen munduarentzat, industria iraultza, ingelesa… Mendebaldeko kristau zurien baloreak munduko beste inorenak baino hobeak ziren, eta jendea bere buruarengandik salbatzea zen gure ardura.

Bigarren Hezkuntza bukatu eta gero?

18 urterekin joan nintzen Ingalaterrara ikastera, Middlesbroughera, Iparraldera. Komunitate itxi eta kontserbadore batean bizitzetik, politika deitoratzen zuen familia batetik, eskualde multikultural eta tradizionalki progresistago batera joan nintzen, meatze aldera. Baita pobreagora ere, drogaz eta prostituzioz gainezka zegoen, 80ko hamarkadan gobernu kontserbadorearen politikak pairatu zituen komunitatea zen. Nik kriminologia ikasi nuen, ikasleen borrokan sartu nintzen buru-belarri eta pakistandarren artean bizi nintzen. Hori dela eta, nire munduarekiko ikuspuntua goitik behera aldatu zen Doirera bueltatu nintzenerako, ikasketak bukatu eta gero.

Ezkertiartzat duzu zure burua, eta zure jatorria ikusita garbi dago hori ez zenuela ikasi etxean, ez eta auzoan ere. Noiz egin zenuen urrats hori?

Irakeko gerra izugarria izan zen niretzat, gobernuak gezurrak esaten dituela ohartu nintzen, eta gerrak ez direla inoiz jendearen onurarako, baizik eta dirua eta baliabideak eskuratzeko. Ingalaterran ari nintzen bizitzen, urte batzuk beranduago (2004ean) bueltatu nintzen Doirera, eta talde komunitarioekin hasi nintzen lan egiten. Banekien ezin nuela sistema judiziala barrutik irauli, eta nik zona errepublikanoan lan egin nahi nuen, gure historia euren ikuspuntutik ezagutzea zen nire asmoa.

Orduan, apropos egin zenuen zona errepublikanoan lan egiteko hautua?

Bai horixe, baina bueltatzerakoan topatu nuen lehenengo lana nire txikitako eremuan izan zen, bi auzoen artean elkarrekin proiektu komunitario bat sortzeko proiektua. Nahiz eta egoitza Watersiden izan, parez pare dauden bi komunitateren artean elkarlana sortzea zen helburua. Nire lehen urratsa komunitate nazionalistarekin benetako harremana sortzea izan zen, eta Bogsideko Gasyard zentro komunitarioko atea jo nuen.

Suposatzen dut nire jatorriak eta ezaguerak lagundu zidala, zerbait positiboa bezala ikusi zuten, nire jatorria zubitzat erabil nezakeen bi komunitateen arteko harremana sustatzeko. Fountain auzo aldera hedatzeko asmoa zuen Gasyard zentroak, eta ni Fountainen bizi nintzen orduan. Bogsidetik 200 metro eskasera zegoen, baina guztiz desberdina zen. Egia esan, esperientzia zoragarria izan zen.

Zu familia protestante unionista batetik zatoz, eta zure komunitatearen babesa zeneukan; zergatik mugitu zinen ibaiaren beste aldera?

Ez zen arrazoi erlijioso edo politikoengatik hartutako erabaki bat izan; nuen diruarekin etxe bat erosi ahal izateko aukera bakarra Fountain auzoa zen. Auzo txiki unionista bat da, identitate loialista sutsua duena, esango nuke, Riverside aldean, auzo nazionalistez inguratuta. Etxebizitzaren prezioa gorenean zegoen XXI. mendearen hasieran, eta protestante askok alde egin zutelako etxe asko hutsik zeuden.

Garai hartan bake prozesua aurreratua zegoen, Ostiral Santuko akordioa aspaldi sinatu zuten; ez zenuen ikusten auzo katoliko batera joateko aukera?

Ez neukan diru nahikorik, baina hala eta guztiz ere, garai hartan oraindik ez nintzen ausartzen Bogside edo Creaggan auzo errepublikanoetara mugitzen. Bazeuden beste auzo batzuk ez hain segregatuak, baina etxeak are garestiagoak ziren. Hogeita piko urteko gazte bat nintzen, lehenengo etxea erosteko asmoarekin, ez neukan aukerarik. Eta jatorriz familia unionista protestante batekoa izanik, errazagoa zen Fointainera mugitzea, ezaguna bainintzen auzoan, baita nire senitartekoak ere.

(UTZITAKOA)

Han ari zinen lanean, arraina uretatik kanpo bezala. Baina hori nahikoa ez, eta beste urrats bat egin zenuen, gaelera hizkuntzan murgiltzea erabaki zenuen. Orduan ba al zenekien ezer gaelerari buruz?

Tutik ez! Ez nekien ezta Doire esaten ere, edo nire inguruko izen asko gaelera jatorrikoak zirenik. Gaeleraz hitz egiten entzuten nuen pertsona bakarra Gerry Adams zen telebistan, eta bere ahotsa garai hartan bikoiztu egiten zen.

Gasyarden lanean nenbilenean, entzuten nuen hitzen bat han edo hemen, baina gutxi. Gutxi batzuen interesa besterik ez zela pentsatzen nuen, hilzorian zegoen hizkuntza bat, ideiarik ere ez nuen umeek ikasten zuten hizkuntza bat zela.

Nire eginkizunetako bat Lehen Hezkuntzako bi komunitateetako eskoletara joatea zen, bertan bizi zirenei harrotasuna pizteko. Halako batean, beste lankide batekin eskola batera joatea tokatu zitzaidan, non gaelera zen irakas-hizkuntza. Gasyardetik 20 metrora besterik ez zegoen, baina niretzat beste mundu batera sartzea bezala izan zen. Existitzen zenik ere ez nekien. Joan baino lehenago, nire lankideak esan zidan berak egingo zuela aurkezpena. Nik ez dakit zer espero nuen… hitz batzuk hizkuntza ezezagun batean-edo. Baina espero ez nuena zen gela bat 9 urteko umez beteta niri guztiz arrotza egiten zitzaidan hizkuntza batean berriketan. Aho zabalik gelditu nintzen. Umeek arazorik gabe hitz egiten zuten, Doireko hitz egiteko doinu bereziarekin, baina hizkuntza arraro batean. Eta ez zen IRAko errekrutamentu gune bat, eskola bat zen, ohiko eskola bateko marrazkiekin.

Nik neure burua inguruan gertatzen zenaz jakitun bezala ikusten nuen, hiritik mundura, baina ez nekien zer gertatzen zen nire sudur azpian. Hortik aurrera hasi nintzen kontaktuak egiten inguruko hainbat emakumerekin, euren esperientziatik ikasten, eta eurei esker nolabait beste mundu bat ezagutzen. Begiak beste errealitate berri batera ireki zizkidaten. Eta horrela ailegatu nintzen gaeleraren zulo sakonera. Haurdun gelditu nintzenerako garbi neukan nire umeak gaeleraz ikasiko zuela.

Gauza bat da zu gaelerako «zuloan» sartzea, baina umeak datozenean…

Lagun batzuek nire umeak espainol edo mandarin eskoletara bidaltzeko gomendatzen didate. Hasteko, elebitasunaren abantailak berberak dira, hizkuntzak bost zein bost milioi hiztun izanik ere. Gainera, hemen milaka urtetan hitz egin den hizkuntza bat dugu, badauzkagu irakasleak, gela laguntzaileak, administratzaileak... Giza baliabideak eta baliabide materialak. Gaeleraz irakasteko baliabide horiek jadanik hor daude, eta ez dira existitzen beste hizkuntzetan.

Eta zure familia?

Ahal bezain ondo prestatu nintzen, elebitasunaren onura kognitiboei buruz irakurri nuen, hitz egin nuen irakasleekin nire gaelera ezaz, horrek zelan baldintza zezakeen seme-alaben hizkuntz eboluzioa… Banekien familiaren erreakzioa nolakoa izango zen, beraz, prestatuta egon behar nintzen. Nire senarra zenak, nahiz eta errepublikanoa izan, ez zeukan interesik hizkuntzan. Baina nire ideia azaldu nionean guztiz alde egon zen hasieratik. Familia desberdina zen. Amak onartu du, eta orain ulertzen du zergatik egin dudan egin dudana, baina nire aitak oraindik arazoak dauzka onartzeko. Auzokideen artean, kuriositatez erreakzionatzen dute normalean, eta batzuetan hitz bat edo beste gaeleraz erabiltzen saiatzen dira. Momentuz ez da arazoa izan. Ezagutzen naute. Eta gainera, ordurako CulturLannen nengoen lanean.

Zer da CulturLann, eta zein da zure lana bertan?

Gaelera eskuragarri egiten saiatzen gara. CulturLannek “kultur etxe” esan nahi du, eta hor nik askotan egiten dudana nire historia pertsonala kontatzea da, zelan topatu nuen hizkuntza eta zein den nire umeen erlazioa gaelerarekin. Izen osoa CulturLann Ui Chanain da, Chanainen omenez. Hizkuntzaren aldeko borrokalari sutsua eta Sinn Feineko politikari oso ezaguna zen, eta horri gehitu behar diogu egoitza Bogside ertzean dagoela. Hori guztia kontuan hartuta, ba zenbaiti erreparoa eman diezaioke hona etortzeak. Horretaz aparte, jende askok pentsatzen du barruan sartzeko hizkuntza menderatu behar duzula. Hesi horiek gainditzeko antolatzen ditugu klaseak hemendik kanpora. Adibidez, Waterside aldeko eliza metodista batean.

Lan egiten dudan proiektuaren asmoa gaelera hizkuntza irisgarri bihurtzea da, eta izena emateko ez da behar inolako esperientziarik. Alde nazionalistan, askok ezer ez dakitela uste badute ere, hasi bezain pronto gogoratzen dira eskolan ikasitakoaz, zenbakiez, asteko egunez, eta abar...

Egia da, dena den, ezer ez baldin badakizu zaila dela ikastea. Samurtzeko, lekuen izenei buruzko tailerrak antolatzen ditugu. Irlandako leku gehienen izenen jatorria gaeleratik dator, eta harreman pertsonala daukaten lekuen izenekin egiten dugu lan, nongoak diren, nongoak ziren euren aitona-amonak… hortik jarduten dugu. Ezagutzen dituzten lekuen izenak nondik datozen, zelan sortu zen Derry, Doiretik, eta haritz egurra esan nahi duela. Adibidez, Bally, Baile izenetik dator, eta horrek “herri” esan nahi du. Eta hor inguruan Bally izena duten herri guztiak lantzen ditugu: Ballymena, an Baile Meanach, erdiko herria… Gero, begiratzen dugu zelan aldatzen ziren herrien izenak, transliterazioaz, eta zergatik. Eta hitz egiten dugu mitologiaz, eta Irlandako tradizioaz, Irlandako historiaz, feminismoaz… zelan Eire jainkosa baten izenetik datorren, adibidez.

(UTZITAKOA)

Baina kolonoen ikuspuntutik, eurak iritsi baino lehen ez zegoen ezer, basapiztiak besterik ez...

Oso zaila da “planter”-ei, gobernuak inposatutako metropoliko kolonoei, britainiarren ondorengoei, kolonoen iritsiera okupazio bortitz eta odoltsu bat izan zela azaltzea. Eurek sortutako azpiegitura guztia koloniala zen. Trenbideak ez ziren eraikitzen bertako jendearen onurarako, hango baliabide mineral edo naturalak ateratzeko baizik, eta etekin ekonomikoa ateratzeko. Baina ehunka urtetan, belaunaldi batetik bestera kontatutako historiaren bertsioa onartua bihurtzen da kolonoen ondorengoen imajinarioan. Eta oso zaila da beraientzat entzundako guztia gezurra izan dela onartzea, edo gutxienez ikuspuntu konkretu batetik ikusitakoa baino ez dela. Komunitate horretatik zatozenean errotik astintzen zaitu, zure ikuspuntu morala astintzen du, zure jatorriaren ideia, zein den zure posizioa munduan, zure sentimenduak, zure herria, zure jendeari buruz daukazun irudia... Oso zaila da hori barneratzea. Hizkuntza modu bat da zerbaiti heltzeko; nola bihurtu zen ingelesa hizkuntza erabilgarriena atzerriko lurraldeetan? Hori begiratuz gero, konturatzen dira ez zela eboluzio naturala izan, baizik eta inposaketa bortitza. Bai hemen, eta baita munduko beste leku askotan ere.

Eta zelan hartzen dute, horrelako errealitate baten aurrean jartzen dituzunean?

Gure ikerketak erakusten du komunitate unionistan interesa dagoela ikasteko, ze jende askoren ikuspuntuaren kontra, protestante guztiak ez dira Britainia Handitik etorriak, badaude Donegalen edo beste probintzietan jaiotako irlandarrak, protestante bihurtu zirenak, esaterako. Sustrai irlandarrak dauzkatenak, eta gaelera euren hizkuntza zutenak. Gogoa daukate berriz konektatzeko euren sustraiekin. Eta niri gertatu zaidan bezala, bat-batean beraien burua kolonizazioaren beste aldearen aurrean ikusten dute. Ez dugu ideia indarrez buruan sartzen, baina ideia ereiten da, eta ikusten dute hori kolonialismoaren ondorio izan zela, eta zein mingarria izan zen bilobentzat ez edukitzea euren aitona-amonekin hitz egiteko modurik. Horrek hizkuntza beste ikuspuntu batetik ikustea eragiten die. Historiari modu pertsonal batean begiratzeko aukera ematen die.

Askotan mespretxuz, eta beldurrez, ikusi da gaelera, eta ez bakarrik unionisten artean...

Hizkuntzarekiko jarrerak aldatu behar ditugu. Niretzat, hizkuntzak iragana begiratzeko leihoak dira, eta guretzat gaelera da leiho hori. Gaelerarik gabe, gure historia ehunka urte gutxi batzuetatik aurrera galdu egingo genuke.

Protestante/unionista askok ikusten dute gaelera kanpokotzat.

Bai, esaten dute kanpoko hizkuntza dela, ingelesez hitz egin ahala, hori ironia!