GAUR8

Hezkuntzaren digitalizazioa: bidegurutzean norabidea aldatu, baina nahikoa al da?

Teknologiaren erabilera berraztertu eta mugatu beharra aldarrikatzen duten ahotsak ugaritu dira. (Miguel LLACER | GETTY IMAGES)

Hezkuntzaren digitalizazioa eztabaidagai izan da azken urteotan, bereziki COVID-19 pandemiak bizkortutako digitalizazio azkar eta behartuaren ondorioz. Azkenaldian, teknologiaren erabilera berraztertu eta mugatu beharra aldarrikatzen duten ahotsak ugaritu dira. Horren adibide dira mugikorren erabilera murriztearen aldeko ekimenak, hala nola Altxa Burua edo HezkuntzArtea-ren iritziak. Hala ere, eztabaidak ez du soilik digitalizazioaren intentsitatea aztertzen, haren norabidea eta izaera ere aztertzen ditu. Horretan, Hezkuntzan Librezale-k azpimarratzen du badirela teknologia burujabetzaren ikuspegitik beste begirada ugari ere. Nola egin digitalizazio burujabe, etiko eta arduratsu bat orduan?

LEGEAREN AURRERAPAUSOAK

2023-2024 ikasturtea aldaketa nabarmenekin iritsi zen. Batetik, EAEko Hezkuntza Lege berriak digitalizazio etiko eta arduratsuaren beharra aitortu zuen. Legeak jasotzen duenez, digitalizazioak pribatutasuna eta ahalduntze digitala bermatu behar ditu, eta hori tresna teknologiko libre, garden eta entzungarrien bidez egin behar da.

Ipar Euskal Herrian ere urratsak egin dira norabide horretan: Seaskako zenbait ikastola tresna libreekin digitalizatzeko prozesuan murgilduta daude, eta Euskal Herriko Ikastolen VII. Batzarrean digitalizazio ereduaren norabidea aldatzea erabaki zen.

Hala ere, araudi berriak eta lege-testuak ez dira beti nahikoa. Praktikan, EAEko Administrazio Orokorrak 2022ko udaberrian Google-ekin hitzarmena sinatu zuen hezkuntza zentroetan Google Workspace for Education erabiltzeko. Horrek eztabaida piztu zuen, eta herritar batzuek salaketa aurkeztu zuten Datuen Babeserako Euskal Agintaritzaren aurrean. Azken honek ebazpen argia kaleratu zuen: hitzarmenak Datuen Babeserako Erregelamendua urratzen zuela ebatzi zuen, eta Hezkuntza Sailak ikasleen datuen babesa arriskuan jartzen zuela.

IRADI PROIEKTUA: AUKERA ETA ZALANTZAK

Google-ren hitzarmenaren inguruko eztabaidaren testuinguruan, EAEko legebiltzarrak IRADI proiektua abian jartzea onartu zuen. Proiektu honen helburua hezkuntzan tresna teknologiko entzungarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiltzea da. Hala ere, hainbat zalantza agertu dira:

• Zergatik ez da interesa eta esperientzia zuten eragileekin abiarazi?

• Nahikoa al dira baliabide tekniko eta ekonomikoak?

• Plataforma guztiz libre bat sortu dela iragarri arren, zergatik behar da Microsoften posta elektronikoarekin sartzea?

Bestalde, EAEko hezkuntza digitalizatzeko plana 2021-2024rako onartu zen, baina 2023ko abenduan onartutako legearen markoan oraindik ez da egokitu. Hau da, ezarpenak zaharkituta jarraitzen du. Gauza bera gertatzen da Berritzeguneei buruzko dekretu-proiektuarekin: proposatutako aldaketek ez dituzte lege berriak ezarritako digitalizazio helburuak eta printzipioak kontuan hartzen.

Hori ikusita, 2025eko martxoan EH Bilduk, EAJk eta PSEk IRADIren aldeko apustu irmoago bat egiteko beharra adostu zuten, EAEko markoan. Espero da hurrengo ikasturteari begira albiste onak ekarriko dituela.

BIDEA IREKI DA, BAINA JARRAITUKO AL DUGU?

Lege eta testu ofizialei erreparatuta, iruditu liteke digitalizazio demokratiko, libre, etiko eta arduratsu baterako bidea irekita dagoela EAEn. Hezkuntza Legearekin eta IRADI proiektuarekin urratsak egin dira, eta Ikastolen Elkarteak ere norabidea zuzendu du. Hala ere, kezkarako arrazoiak badaude:

• Digitalizazio-planaren egokitzapenik ez da egin.

• IRADI proiektua ez da behar bezala garatu.

Hezkuntza Librezale-k digitalizazio etiko eta arduratsu baten alde lanean jarraituko duela adierazi du. Horretarako, erakunde publikoetako hezkuntza arduradunek, zentroetako zuzendariek, guraso elkarteek, sindikatuek eta bestelako ekimenek indarrak batzea beharrezkoa izango da. Bide egokia markatua dago, baina elkarrekin lan egin ezean, norabide aldaketa horrek benetako eraldaketa ekarriko ote duen zalantzan dago.

Bestalde, hezkuntza publikoaren esparruan, eragile eta sindikatu ezberdinek gai hau beren aldarrikapenetan txertatzeko ahalegina egitea garrantzitsua litzateke. Ez bakarrik lehen eta bigarren hezkuntzan, baita unibertsitate mailako ikasketetan ere.

ESPERIENTZIA ARRAKASTATSUAK

Badira hezkuntzan maila ezberdinetan arrakastatsuak izan diren adibide batzuk. Horien artean Kataluniako DD, Madrilen eginiko EducaMadrid eta frantses estatuan sortutako La Digitale ekimena.

DD Xnet ekimenak eta zenbait familiak sustatutako hezkuntzarako plataforma digital integrala da. Plataformak software libreko tresnak integratzen ditu tresna bakar batean, datu burujabetza eta eskubide digitalak bermatuz. Plataforma honek ikaskuntza kudeaketa, hodeian biltegiratzea, posta elektronikoa eta bideodeiak bezalako funtzionalitateak eskaintzen ditu, guztiak kudeaketa bateratuan eta saio bakar baten bidez. Horrez gain, bere diseinuak erabilerraztasuna, interoperabilitatea eta segurtasuna lehenesten ditu, eta ikastetxeek beren datuen eta komunikazioen gaineko kontrola izatea ahalbidetzen du.

EducaMadrid hezkuntza komunitateari, irakaskuntzarako, ikaskuntzarako, zein gaitasun digitalak eskuratzeko, zerbitzu pedagogiko ugari eskaintzen dizkion plataforma da. Software librean diren tresnak integratzen ditu, posta elektronikoa, hodeian biltegiratzea, webguneak, formulario sorrera, bideodeiak etab. eskaintzeko. Plataforma honek ezinbesteko papera izan zuen pandemia garaian, eskola publikoei zerbitzua eskaintzerakoan.

La Digitale tresna sorta ekimen autonomoa ere adibide bikaina da. Bere helburuak hauek dira: irakasleentzat tresna digital libreak sortu eta garatzea, hezkuntza alorrean software librearen erabilera bultzatzea, eta irabazi asmoan eta datuen bilketan oinarritutako zerbitzuei alternatiba eskaini ahal dioten ikuspegien eta ereduen ikusgarritasuna handitzea.

EUROPAKO MUGIMENDUAK

Europan gauzak mugitzen ari dira software libreari dagokionez. Zenbait estatuk software libreko tresnak soilik erabiltzeko erabakia hartu dute, eta beste batzuk bide horretan daude. Gainera, EU OS Europako sistema eragile propio bat sortzeko ahalegina egingo dutela iragarri dute.

Hala ere, hitzak bihurrituz, subiranotasuna ez da burujabetza. Hau da, estatuek gidatutako digitalizazio askeago honek ere bere mugak, kontrolak eta murriztapenak izango ditu. Teknologiaren unibertsalizazioa, demokratizazioa eta pribatutasuna bermatzen ez badira, hezkuntzan ez ezik, beste alor askotan ere arazoan sakontzeko arriskua dago.

X-net erakundea, adibidez, etengabe salatzen ari da Europako Batasuna osatzen duten zenbait herrialdek pribatutasuna erasanez egin nahi dituzten digitalizazioari lotutako erreforma legalak.

 

Testuan aipatzen diren elkarteak

• Hezkuntza Librezale: Irakasle, hezitzaile, guraso eta teknologia arloko adituek osatutako talde bat da. Hezkuntzaren esparruan eragitea du helburu, euskal hezkuntza komunitateetan software librearen erabilera sustatuz.

• Altxa Burua: Guraso talde batek osatutako sarea da, teknologiaren erabilera egokia sustatzeko helburua du.

• HezkuntzArtea: EAEko irakasle talde batek sortutako elkargunea da. Hezkuntza politiketan ikusten duten noraeza salatu nahi dute, burokrazia, metodologia aldaketa etengabeak eta IKTen erabilera desegokia kritikatzen dituzte.