09 MAI 2025 - 12:44h Zazpi jarduera izango dira Araban, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko Maiatzaren 18an ospatzen den Museoen Nazioarteko Egunaren inguruan zazpi jarduera antolatu ditu Arabako Museoen Foru Sareak hilaren 15ean hasi eta 21era arte luzatuko direnak. Poesia errezitalekin, bisita gidatuekin edota esgrimaren artearekin jantziko dira museoak. Museoek gizartean duten funtzioa nabarmendu nahi dute Museoen Nazioarteko Egunaren harira. (Juanan RUIZ | FOKU) GAUR8 Arabako Museoen Foru Sareak zazpi jarduera antolatu ditu datorren maiatzaren 18an ospatuko den Museoen Nazioarteko Egunerako, museoek kultura-elkartrukerako, kulturak aberasteko eta herrien arteko elkar ulertzea, lankidetza eta bakea garatzeko duten garrantziaz kontzientziatzeko. ‘Museoen etorkizuna, etengabe aldatzen ari diren komunitateetan’ lelopean egingo dute ospakizuna, erakusketekin, poesia errezitaldiarekin, esgrima historikoaren erakusketarekin eta eskulturen bisita gidatuarekin. «Museoek iraganeko ideiak zaintzeaz eta erakusteaz gain, pertsonak konektatzeko, berritzeko eta kultura bizirik mantentzeko leku garrantzitsuak izatea da asmoa, munduak etengabeko aldaketetan aurrera egiten duen bitartean», aldarrikatu du Ana del Val Kultura diputatuak. Lehenengo hitzordua maiatzaren 15ean izango da, 19.00etan, ‘Komunitatetik sortutako museoak: erronkak eta etorkizuneko perspektibak’ gaiari buruzko solasaldi batekin Bibat Museoan. Maiatzaren 17an, Genealogiak taldearen errezitaldi baten bidez, ‘Topaketak Maiatzean Poetekin’ bezalako ekitaldiak egingo dira, 12.30ean, Arte Ederren Museoko hainbat koadroren aurrean. Egun eta ordu berean, ‘Musikarta’ aldi baterako erakusketa eta Arabako Fournier Karta Museoko erakusketa iraunkorra bisitatuko dira. Ondoren, 17.00etan, ‘150 años de esgrima en Álava‘ erakusketa aurkeztuko da Armagintza Museoan. Arte Ederren Museoko lorategiak Halaber, maiatzaren 17an, 17.45ean, esgrima historikoaren erakustaldia egingo da Arte Ederren Museoko lorategietan. Egun bat geroago eta 12.00etan Arte Ederren Museoko lorategiko eskulturen bisita gidatua egingo da. Azkenik, maiatzaren 21ean, 18.30ean, Arabako Fournier Karta Museoan, ‘Museoan topaketak, Musikartza ezagutuz. Arabako Fournier Karta Museoan ikusteko musika ezkutatzen duten karta bitxi batzuk’ izeneko jarduera egingo dute. Aldundiak jakinarazi du plazak mugatuak direla edukiera osatu arte.