10 MAI 2025 - 00:00h Errefuxiatu eta migratzaile afganiarrak deportatzen ari dira Pakistan eta Iran Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak (UNHCR) Irani eta Pakistani afganiarren deportazioak etetea eskatu die. Apirilean soilik, 96.000 deportatu zituzten. Nazio Batuen agentziaren arabera, 2023tik hona 3,5 milioi afganiar itzuli dira beraien herrialdera. Ia milioi bat afganiar Pakistandik Afganistanera itzuli dira, gehienak behartuta, Islamabadek 2023ko irailean deportazio kanpaina abian ipini zuenetik. Irudian, errefuxiatu afganiarrak Torkhameko mugan. (Nabila Lalee/ DPA -EUROPA PRESS) Ainara Lertxundi Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak (UNHCR) jakitera eman dituen datuen arabera, pasa den apirilean, 251.000 afganiar baino gehiago itzuli ziren Afganistanera Irandik eta Pakistandik. Horietatik, 96.000 deportatuak izan ziren. 2023ko azaroan, Pakistango Gobernuak afganiarren kontrako deportazio kanpaina masiboa abian ipini zuen. Gehienak gatazkatik ihesean alde egin zuten afganiarrak dira, eta horiei beste errefuxiatu uholde bat gehitu zitzaien 2021eko abuztuan, Kabulen talibanak boterera iritsi ondoren. 600.000 herritar baino gehiago joan ziren Pakistanera talibanengandik ihesean. Apirilaren 1ean, Gobernuaren baimen bati esker herrialdean bizi ziren afganiarrak deportatuko zituela iragarri zuen Islamabadek. Nahiz eta aldi baterako bizileku-baimena bermatzen duen Afganistango Herritartasun Txartela (ACC) eduki, kanporatu egingo zituztela ohartarazi zuen Talal Chaudhry Barne ministro pakistandarrak. Deportazioen bigarren fase honek 800.000 afganiar baino gehiagori eragin diezaieke. Pakistanek deportatutako gehienak, %87, dokumentaziorik gabe itzuli ziren, horietatik %61 adin txikikoak ziren, eta %17 familiek beraien kargu dituzten emakumeak. Une honetan, hiru milioi afganiar bizi dira Pakistanen. Apirila baino lehen, egunean ehun bat pertsona deportatzen zituen Islamabadek, baina pasa den hilabetetik, egunero ia 3.000 kanporatu dituzte. Pakistanek ez du Nazio Batuetako 1951ko Errefuxiatuen estatutuari buruzko Konbentzioa sinatu. Errefuxiatuen eskubideak babesteko legerik ere ez du. Gobernu talibanaren Industria eta Merkataritza ministroa, Nooruddin Azizi, eta Errefuxiatuentzako eta Aberriratze ministro ordea, Sheik Khalilur Rahman Fani, Chaudhryrekin bildu dira, Islamabaden afganiarren aberriratzea eztabaidatzeko. Rahman Fanik Pakistango eta Afganistango funtzionarioek eta nazioarteko erakundeek osatutako goi-mailako batzorde bat eratzea proposatu zuen, errefuxiatuekin lotutako gaiak modu koordinatuan lantzeko. Iranek ere, duela hamarkada batzuetatik hona hiru milioi errefuxiatu afganiar baino gehiago hartzen dituen herrialdeak, bertan dauden paperik gabeko migratzaileak deportatzeko kanpaina iragarri zuen 2023aren amaieran. 2024ko otsailean agintari irandarrek iragarri zuten Afganistanekin duten mugan harresi bat eraikitzea aztertzen ari zirela, talde armatuak beren lurraldean sartzea, droga-trafikoa eta migratzaileen etorrera saihesteko aitzakiarekin. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaileak, Babar Balochek, Irango eta Pakistango gobernuei gogorarazi die itzulerak «boluntarioak, seguruak eta duinak» izan behar direla. Errefuxiatu eta migratzaile afganiarrek itzultzeko jasaten dituzten presioak «eutsiezinak» direla salatzeaz gain, «eskualdean desorekak sor» ditzaketela ohartarazi du. «Hamarkada luzez afganiar errefuxiatuak harreran hartu dituzten herrialdeek bizi dituzten barne erronkak eta presio ekonomikoak ulertzen ditugu, baina migratzaile eta errefuxiatu afganiarrak haien egoera kontuan hartu gabe kanporatzea eskubide urraketa bat da, eta babes gabezia larria eragin dezake», adierazi du. Errexiatu afganiarrak pasa den apirilaren 12an Torkhameko muga pasabidean. (Nabila Lalee/ DPA -EUROPA PRESS) Emakumeak eta neskatoak, batez ere, egoera zaurgarrian daudela nabarmendu du, baina baita gutxiengo etnikoak eta erlijiosoak, giza eskubideen defendatzaileak eta kazetariak ere. Afganistanen eskubide urraketak pairatzeko arriskua dutela ohartarazi du. Iaz, Asia-Pazifikotik Europara iritsi ziren etorkinen %41 afganiarrak izan ziren. Save the Childrenek zehaztu duenez, apirilaren lehenengo bi asteetan, 50.000 adin txikiko Afganistanera itzultzera behartu zituen Pakistanek. Bostetik batek bost urte baino gutxiago zituen. Deportazioan familiarengandik banatuta izateko arrisku handia dutela eta gaixotasun kutsakorren aurrean zaurgarriagoak direla ohartarazi du erakundeak. «Kanporatu dituzten ume eta gazte asko Pakistanen bertan jaio eta hezi dira, haientzat Afganistan ez da beraien aberria. Lagun sarea eta komunitatea Pakistanen dituzte. Gainera, Afganistanek ezin dio aurre egin milaka eta milaka errefuxiatuen etorrerari, are gutxiago nazioartean laguntza humanitarioa nabarmen murrizten ari den momentu honetan», helarazi du Pakistango Save the Childrenen zuzendariak, Arshad Malikek. «Espero dugu Pakistanek nazioarteko zuzenbidearekin dituen betebeharrak betetzea eta ez itzultzeko printzipioa errespetatzea, eta nazioarteko babesa behar duten haurrei eta haien familiei babesa ematen jarraitzea», gaineratu du. «Pakistandarrek eta afganiarrek hizkuntza eta erlijio bera ditugu, eta kultur balioak partekatzen ditugu. Bi herrialdeek historia luzea dugu amankomunean. Gobernuen arteko harremanen eta mugen gainetik, gure herriak anai-arrebak dira, eta deportazio hauek krisialdi humanitarioa areagotuko dute», nabarmendu du Al Jazeera katean Waleed Karyab giza eskubideen defendatzaileak. Afganistango Hezkuntza Ministerioan lan egin zuen. Errefuxiatu afganiarrak, deportatuak izateko zain, Torkhameko mugan. (EUROPA PRESS) Bien bitartean, Iranek urte hasieratik 194.000 bat afganiar kanporatu ditu. Hamarretik zortzik, Iranen nolabaiteko jazarpena pairatu izana salatu du, eta %54k bere familiatik bereizia izan dela adierazi du Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak egindako inkesta batean. Horrez gain, %7k abusu fisikoak sufritu izana helarazi du eta %27k esan du mugarako bidean presioak eta jazarpenak jasan dituztela. Hamarkada luzez, desplazatutako afganiarrak harreran hartu ditu Iranek, baina talibanek boterea hartu zutenetik, errefuxiatuen kopurua hazi da eta, Irango krisi ekonomikoa larriagotu denez, afganiarren kontrako arbuioa zabalduz joan da gizartean. 2024 amaieran, Teheranek bi milioi afganiar deportatzeko plana onartu zuen. EMAKUMEEN ESKUBIDE MURRIZKETA Norwegian Refugee Council (NRC) gobernuz kanpoko erakundearen idazkari nagusia, Jan Egeland, Afganistanen izan zen pasa den urtarrilean. «Iranetik bueltan mugan ezagutu ditudan afganiarrak linbo iraunkor batean bizi direla adierazi didate. Afganistan utzi zuten bizimodu hobe eta seguruago baten bila, eta orain etorkizun zalantzagarria dute Afganistanen, non langabeziari, goseari eta giza eskubideen urraketei aurre egin behar dieten». Egelandek adierazi duenez, «pobreak diren familiak eta desplazatuak prezio handia ordaintzen ari dira, Afganistanen eta herrialde anfitrioietan krisi humanitario larrian dauden desplazatuei eta errefuxiatuei laguntzeko irtenbide erreal eta iraunkorrik ez dagoelako. Talibanekin izandako bileretan hitz egin nuen nola egin dezakegun elkarrekin laguntza hobea emateko itzultzen diren pertsonei». Emakumeek Afganistanen sufritzen duten eskubideen erabateko murrizketa ere nabarmendu du: «Bisitaldian, emakumeen eta neskatoen oinarrizko eskubideen murrizketa gogorrak planteatu nituen, gaur egun hezkuntza, enplegu eta bizitza publikoan parte hartzea debekatzen baitzaie. Milioi eta erdi neska nerabe eskolatu gabe gelditu dira bigarren hezkuntza egiteko debekuaren ostean. Eta orain, talibanek emaginak eta erizainak izateko formakuntza galarazi diete; emakumeen osasuna eta bizitza zuzenean mehatxatuko ditu horrek».