17 MAI 2025 - 00:00h Giza eskubideen urraketei buruzko txostena: lortutakoa galtzear denean Amnesty International Gobernuz Kanpoko Erakundeak urtero argitaratzen du munduan izandako eskubide urraketen inguruko txostena. 2024koa ere azken asteetan kaleratu du, eta giza eskubideen alorrean «atzerakada» bat izan dela ohartarazi du. Agnes Callamard Amnesty Internationaleko idazkari nagusia, Estatu espainoleko egoitzan egindako elkarrizketa batean. (Jesus HELLIN | EUROPA PRESS) Iraitz Mateo Urteetako lanari esker finkatu ziren oinarrizko giza eskubideak, eta urteetako borrokari esker eutsi zaie horiei, baina azken boladako irudipena izan daiteke atzerabide batean sartuta gaudela mundu mailan, are gehiago ‘Trump efektua” Etxe Zurira iritsi zenetik. Garrantzitsua izaten da, ordea, irudipenak baieztatzea edota ezeztatzea, eta hori da Amnesty International txostenak urtero egiten duena, “Giza eskubideen egoera munduan” dosierrean. Apirilaren azken hondarrean aurkeztu zuten 2024ari dagokiona, eta zoritxarrez, askoren uste eta zurrumurruak baieztatu ditu ikerketak: «Giza eskubideen urraketek okerrera egin dute mundu mailan». Gobernuz Kanpoko Erakundeak ohartarazi du “Trump efektua” deiturikoak larriagotu egin duela egoera eta bestelako munduko buruzagiek pasa den urtean zehar indartutako eskubideen urraketek «ehunka urteetako lana askara bota» dutela. Ehun egun pasatxo bete dira ilehoriaren agintaldia hasi zenetik, eta Amnesty Internationaleko idazkari nagusi den Agnes Callamardek balorazioa egin du: «Trumpek Giza Eskubide Unibertsalekiko mespretxua besterik ez du erakutsi». Hala ere, nabarmendu du Etxe Zuria habitatzen duenak egindako ekintzak baino askoz sakonagoa dela «gaizkia». Callamardek salatu du mundu guztiko Estatuek gero eta praktika autoritarioagoak jarri dituztela martxan: «Politika eta praktika autoritarioak egin dira mundu guztian, eta zuzenean eragiten diote adierazpen askatasunari», gaineratu du, eta alderdi politikoek jasandako debekuak jarri ditu adibidetzat. Herrialdeen araberako sailkapena egin du txostenak, baina gatazka armatuak lantzen dituenez, aipamen berezia egin diete txostenaren sarreran Gaza eta Ukrainako egoerei: «Israelgo Armada genozidio bat egiten ari da Gazako Zerrendan dauden palestinarren aurka, eta Zisjordanian legez kanpoko apartheid eta okupazio sistema bultzatzen du. Bestalde, 2024an zehar, Errusiako indarrek aurreko urtean baino zibil gehiago hil zituzten Ukrainan, azpiegitura zibilaren aurkako erasoarekin aurrera jarraitu zuen bitartean». Gogoratu du GKEak aspaldi ohartarazi zuela eskubideetan atzera urratsak egiten ari zirela; «Atzeraldi horren eraginak orain arte geldiezinak izan dira, baina kuota berriak lortu zituen 2024an, Gazatik Kongoko Errepublika Demokratikora arte», azaldu zuen idazkariak, eta gehitu, nazioarteko komunitateak «kaos horretarako bidea erraztu» zuela, «ez baitzuen Zuzenbide Estatua defendatu». Agertoki ilun honen atarian, hala ere, Amnesty International taldeak nazioarteko justiziak zein hamaika erakunde eta eragilek egindako «presioa» eta aldarri etengabea txalotu ditu, hain zuzen ere, giza eskubideen urraketekin amaitzea. «Erronka handien garaia bada ere, eta giza eskubideak urratzen ari direla ukaezina bada ere, Historia praktika autoritarioak gainditu dituzten pertsona ausarten adibideez beteta dago», ohartarazi zuen Callamardek, eta gogoratu mundu guztiko milioika pertsona altxatu direla injustizien aurka, igaro berri den urtean ere. Herrialdez herrialde egindako azterketan, gehien errepikatu diren eskubide urraketak arrazializatuen aurkako diskriminazioa eta indarkeria eta LGTBIQ+ komunitatearekiko indarkeria eta adierazpen askatasuna urratu izana dira; beste hainbaten artean. ISRAELEN ERAGINA Amnestyk «genozidio» terminoarekin definitzen du Israel Gazan egiten ari dena. 2023ko urriaren 7az geroztik Israelek 52.000 pertsona hil dituela gogoratu zuen Gazako Osasun Ministerioak, eta GKEk gehitu zuen zibilei etengabeko eta bereizi gabeko erasoak egin dizkietela, baita laguntza blokeatu eta lekualdatze masiboak behartu ere. Gazan hildakoen %60 emakumeak, haurrak eta pertsona helduak ziren. Lekualdatze behartuei dagokienez, txostenak jasotzen du Gazako biztanleen %90ek bere etxea utzi behar izan duela, «eta horietako gehienak behin baino gehiagotan pasatu dira prozesu beretik» zehazten da. Libanoko Kfarkela herriko irudi bat, Israelek eraso egin ostean hartutakoa, 2024an. (EUROPA PRESS) Laguntza ematera doazen erakunde guztiek «gehiegizko murrizketak eta bertara laguntza sartzeko baimenen atzerapena» jasan dituztela salatu du erakundeak, eta horren ondorio izan zirela pasa den urteko zenbait ondorio. Haurren %96k malnutrizioa jasatea, esaterako, eta horietako 60.000k oso modu latzean; denak bost urtetik beherakoak izanik, gainera. Zisjordaniari egindako «apartheidaren delitua» ere jasotzen da txostenean. Izan ere, Amnesty Internationalek mahai gainean jarri du Israelek inguru palestinarren suntsipenekin Zisjordaniako lurretan jarraitu zuela eta Israelek «bere lurralde gisa» izendatu zituela bertako 2.400 hektarea. Legez kanpoko hilketen inguruko atal propio bat dago txostenean, eta bertan jasotzen da Palestinako 74 kazetari hil dituela Israelek, eta 487 palestinar hil dituztela 2024an «sarekada militarraren bidez» Yeninen, Tulkaremen, Nablusen eta Tubasen. «Israelgo autoritateek itxuraz hilketa ilegalak direnak ez dituzte ikertu», gaineratzen du GKEk. Libanoko lurrei begiratuta, txostenak jasotzen du giza eskubideak urratu dituela Israelek bertan ere, «ziurrenik, gerra krimen» gisa izendatu daitezkeenak: aurrez abisatu gabe bizitokietara egindako bonbardaketak, «zibilei zuzenean erasotzea» edota eraso desproportzionatuak egitea, esaterako. Txostenak lau bonbardaketa zehatz ere jasotzen ditu: irailak 29 eta urriak 21 bitarte gertatutakoak. Amnesty Internationalek gertakari horiek ikertu dituela azaltzen du, eta bonbardatu zituzten eremuak helburu militarretarako erabili izanaren zantzurik ez dagoela nabarmentzen dute. Osasungintzako eraikinetara eta ondoko herrialdeko anbulantzietara egindako erasoak ere zenbatu ditu GKEk: osasungintzaren sektoreko 226 langile hildako zenbatu ditu, sei aste ere bete ez zirenean. ASILO POLITIKORIK EZ EUROPAN Europako herrialdeei begira jarritakoan, pertsona arrazializatuen aurkako indarkeria eta LGTBIQ+ komunitatearen aurkakoa nabarmentzen dira herrialde batean zein bestean. Autoritateen aldetik, gero eta segurtasun kontrol gehiago daudela ere salatzen du txostenak, eta batez ere azken urtean Palestinarekiko elkartasuna adierazteagatik zigortuak izan direla zenbait manifestari. Herbehereetara begiratuz gero, Gobernuak asilo politikoaren inguruko politikak gogortzeko neurri multzo bat onartu zuela salatzen du txostenak. Bestalde, «behatze ilegala» edo «zaintza ilegala» bezala deiturikoa ere martxan dela dio Amnesty Internationalek: «Protesta baketsuetan poliziak droneak eta bideo bidez behatzeko autoak erabiltzen ditu, manifestariei aurpegia irakurtzen dietenak, eta hori ez dago legez jasota». Argentinan emakumeen aurkako indarkeria salatzeko egindako protesta; 33 orduero feminizidio bat gertatzen da. (Alejo Manuel AVILA / ZUMA PRESS) Belgikan pertsona arrazializatuen giza eskubideetan atzera urratsak egiten ari direla azaldu dute, eta arazo nagusietako bat asilo politikoa ez onartzea dela gaineratu: «Belgikan asiloa eskatu zuten milaka kide aterpe gabe utzi zituzten, eta urteak daramatza kolapsatuta asiloa eskatzeko agentziak». Gaur egun, 2.000-3.000 pertsonak kalean lo egiten dutela baieztatzen du txostenak, eta laguntza eskatu zuten %39k soilik eskuratu zuela laguntza. Frantzian, arrazakeriak eta talde minorizatuen aurkako diskriminazioak jarraitzen du, baita adierazpen zein antolatzeko askatasunari dagozkion atzera urratsek ere; horren adibide dira Palestinaren aldeko protestei emandako erantzunak. «Arrazakeria sistemikoa dagoela ukatzen dute agintariek, eta era berean, segurtasun kontrol diskriminatzaileak oso zabalduta daude», azaltzen du txostenak. Leku publikoetan eta kirolean izaera erlijiosoen betoak jarraitzen duela gaineratzen du txostenak, «eta batez ere, ondorio diskriminatzaileak izango ditu emakume musulmanengan» ondorioztatzen dute. Polonia ere ez da salbuespena arrazakeriaren gaian, baina txostenean bada nabarmentzen den beste gatazka bat ere: abortua kriminalizatuta dago. Haurraren edo amaren bizitza arriskuan egotea edota bortxaketa baten ondorioz zein intzestuaren ondorioz haurdun geratzea, horiexek dira salbuespenak, baina hala ere, GKEko ordezkariek baieztatzen dute ez dagoela erabakitzeko askatasunik. Bestalde, LGTBIQ+ pertsonek jasaten duten diskriminazioak ez duela etenik dio txostenak: «2019an onartutako tokiko gobernuen 105 ebazpen homofoboetatik bost bakarrik zeuden indarrean iazko urte amaieran». Hala ere, «diskriminazioaren aurkako legedia integralik» ez dagoela salatu dute. Viktor Orban ultranazionalistak zuzentzen duen Hungariako Gobernuak migrazioaren arloko Europako arauak bete gabe jarraitzen du, eta LGTBQI+ komunitatearen adierazpen askatasuna are gehiago mugatzen duten legediak sustatu ditu, Amnesty International taldeak adierazi duenez. «2024ko ekainean, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak isuna ezarri zion Hungariari EBren migrazio-politika erkideen aplikazioa nahita saihesteagatik, ez baitzien utzi pertsonei mugetan asiloa eskatzen», salatu du AIk bere txostenean. Eta gogoratu, horrela, «haurdun dauden emakumeak, haurrak, ezintasunak dituzten pertsonak eta borroka aktiboko eremuetatik ihes egin duten 65 urtetik gorakoak bakarrik» direla laguntza hori jasotzeko hautagai. «ATZERAKADA» LATINOAMERIKAN «Disidentziaren errepresioa, protestaren kriminalizazioa, krimen larriengatik zigorgabetasuna eta populazio ahulenen babesgabetasuna, besteak beste, joera autoritario kezkagarriaren sintomak dira», ohartarazten du txostenak. GKEk Latinoamerikako Estatuei eskatu zien nazioarteko betebeharrak betetzeko, justizia bermatzeko, giza eskubideen defendatzaileak babesteko eta milioika herritarrei eragiten dieten egiturazko urraketak geldiarazteko. Lurralde zabala da Hego Amerika, eta txostenak Nikaragua, Kuba, Venezuela edota Haiti aipatzen baditu ere, arreta beste hainbatetan jarri du. Mexikon, esaterako, indarkeria zigorgabea eta feminizidioak salatu dituzte: «2024an, indar armatuen exekuzio estrajudizialak, desagertze behartuak eta autoritateen kolusioa dokumentatu ziren, krimen antolatu gisa izendatuta. Genero-indarkeriak gora egiten jarraitu zuen: egunero, hamar emakume hil zituzten, eta ez dira behar bezala ikertu gehienak». Kenyako Nairobi herrian 2024ko uztailean bertakoek egindako protesta. (Kanyiri WAHITO / ZUMA PRESS) Kolonbiari lotuta, indarkeria armatua nabarmentzen du txostenak: «Kolonbian, legez kanpoko talde armatuen suspertzeak eta Bake Akordioa eraginkortasunez ez ezartzeak indarkeria-giro iraunkorra sortu zuten». Txostenaren arabera, lider sozialen eta giza eskubideen defendatzaileen 200 hilketa baino gehiago kontatu ziren 2024an. Adingabeen behartutako lekualdatzeek ere gora egin zuten, eta Estatuak ez zuen babes eta justizia neurri eraginkorrik bermatu, AIren arabera. El Salvadorren, 2022an ezarritako «salbuespen erregimenaz» geroztik, herrialdeak bere eskubide zibilen atzerakada bizkorra bizi izan duela jasotzen du txostenak: «2024an agintariek 75.000 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten talde bateko kide izatea egotzita, askotan ebidentziarik eta prozesu judizial egokirik gabe». Argentina aipatzerakoan, ezinbestean ateratzen dira Javier Mileiren izena eta bere azken erabakiak. Baina lehenago, datu bat jartzen du mahai gainean AIk: «Feminizidio bat dago 33 orduero». Eta hori hala izanik ere, indarkeria matxista lantzeko zerbitzuen murrizketak egin ditu Mileik, eta instituzioak itxi ditu: «Indarkeria matxistagatik deitzeko telefono zerbitzuan, langileen %44 kaleratu du eta indarkeria matxista jasan dutenen independentzia bultzatzeko programaren aurrekontua %98 murriztu du, 2023ko aurrekontuarekin alderatuz». Milei agintera heldu zenetik, 30 kazetarik salatu dute jasandako jazarpena eta indarkeria sare sozialetan zein komunikabideetan, «presidentearen eta beste funtzionario batzuen aldetik jasoa». SUFRIMENDUAREN AFRIKA Afrikako gatazkek «etengabeko sufrimendua» ekarri zieten zibilei 2024an, talde armatuek zein gobernuko indarrek eraginda. Txostenaren arabera, 2024an «gatazkekin lotutako sexu-indarkeria kasuen gorakada kezkagarria» izan zen. Zibilek indarkeria hori jasan zuten herrialdeetako bat Burkina Faso izan zen, non armadak 223 pertsona (56 haur) hil zituen herrialdearen iparraldean otsailean; eta Nigerian, 25 zibil inguru hil ziren irailean, Kaduna estatuan, bonbardaketa militarren ondorioz. Etiopian ere, urtarrilean, Amhara eskualdean (iparraldean), milizien eta segurtasun indarren arteko liskarren ondoren, dozenaka zibil atxilotu eta exekutatu zituzten Gobernuko indarrek. Talde armatuek eragindakoak izan ziren sarraskirik handienetako batzuk; esaterako, 200 pertsona baino gehiago hil zituzten abuztuan Barsalogho hirian, eta Islamaren eta Musulmanen Aldeko Taldeak (JNIM, arabieraz), Al Kaidaren aldekoak, bere gain hartu zuen erasoa. Adibidez, talde armatuen indarkeriak astindutako Afrika Erdiko Errepublikan (RCA), genero-indarkeriaren 11.000 kasu baino gehiago erregistratu ziren urtearen lehen erdian; Kongoko Errepublika Demokratikoan (RDC), berriz, urteko lehen hiruhilekoan bikoiztu egin ziren kasuak, 2023ko aldi berarekin alderatuta. Era berean, Afrikan disidenteen eta kazetarien errepresioa izan zen 2024an, Ginea-Conakritik Kenyaraino, Mozambiketik, Nigeriatik edo Zimbabwetik igarota, non segurtasun indarrek indar «gehiegizkoa» erabili zuten manifestarien aurka eta oposizioko liderrak atxilotu zituzten. Hala, gutxienez 61 pertsona hil ziren Poliziaren errepresioaren ondorioz Kenyan ekaina eta abuztua bitartean izandako gobernuaren aurkako protestetan, AIk eta beste erakunde batzuek irailean zehaztu zutenez. Mozambiken, AIren txostenaren arabera, 277 pertsona hil ziren 2024an, urriaren 9ko hauteskunde polemikoen osteko martxa jendetsuetan, nahiz eta Hauteskunde Plataforma Decide tokiko GKEak 361 heriotza erregistratu dituen orain arte. Magrebeko eskualdeari lotuta, «atxiloketa arbitrarioak» dira txostenean gehien errepikatzen diren eskubide urraketak. Horren adibidetzat jartzen dute emakume sahararrek urtarrilean Aaiunen egindako protesta baketsu batean, erakundeek «dispertsio bortitza» erabili izana. Aljeriaren kasuan, AIk salatu du agintariek «funtsik gabeko terrorismo akusazioak» erabiltzen dituztela disidenteen aurrean, adierazpen askatasunerako eskubidea zapaltzeko. Tunisiari dagokionean, GKEren arabera, disidentziaren aurkako politika errepresiboa areagotu zuten 2024an, eta «funtsik gabeko akusazioak» erabili zituen figura politikoak, giza eskubideen defendatzaileak, kazetariak eta artistak arbitrarioki atxilotzeko. Txostenak urriko hauteskunde presidentzialen aurreko hilabeteak aipatzen ditu bereziki. Horien artean aipatzen ditu Sihem Bensedrine justizia trantsizionalaren defendatzailea, Ajmi Lourimi Ennahdako buruzagi islamista eta Mourad Zeghidi kazetaria, baita Rashed Tamboura grafitigilea ere, agintarien migrazio politikekin kritikoa den bineta batengatik bi urtera zigortua. Amnestyk Libiako «adierazpen askatasunaren errepresio gero eta handiagoa» azpimarratu zuen. Ipar Afrikako herrialdean «atxiloketa arbitrarioak» izan dira aktibisten eta kazetarien aurka, AIren ustez «bidegabeak eta oinarri legalik gabekoak» diren epaiketen ostean, Maryam Mansour al Warfalli blogariaren eta Ahmed al Sanousi kazetariaren kasuan bezala.