08 OCT. 2025 - 13:33h Gizarte eta Eskola Laguntzako tailerrak Bilbon, eskola errendimendua hobetzeko Bilbon, Gizarte eta Eskola mailan Laguntzako tailerrak egiten ari dira aste honetan zehar ikastetxe ezberdinetan. Egoera zaurgarrian dauden ikasle eta familiei zuzenduta, errendimendu akademikoa hobetzen laguntzea da helburu nagusia. Eskola languntzarako tailerrak Bilbon. (BILBOKO UDALA) GAUR8 Bilboko Udaleko Hezkuntza Arloak 1999. urtetik egiten dituen Gizarte eta Eskola mailan Laguntzako Udal Tailerrak abiatu dira aste honetan Bizkaiko hiriburuan. Jarduera hauekin, egoera zaurgarrian dauden ikasleen aukera berdintasuna sustatu nahi du Udalak eta baita haien errendimendu akademikoa hobetu ere.Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Otxarkoaga, Bilbo Zaharra, San Frantzisko, Zabala, Iturrigorri-Peñascal, Uretamendi, Betolaza eta Errekalde auzoetako Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako proiektu integrala, soziala eta hezitzailea da.Eider Bilbao Bilboko Udaleko Hezkuntza Arloko zinegotzi delegatua bertaratu da tailer batera. Azaldu duenez, «egoera ahulean dauden familietako ikasleei arreta ematea erabateko lehentasuna da Udalarentzat». «Programa hau hainbat urtez gauzatu ondoren, argi dugu hezkuntza errendimenduak gizarte determinatzaileen eragin zuzena duela. Horregatik, badakigu ikasleak orientatzeak zuzeneko eragin positiboa duela haien garapen akademikoan eta etorkizunaren eraikuntzan, hezkuntza sistema behar baino lehen uztea prebenitzen lagunduz», gaineratu du.Programaren helburua da aukera berdintasuna sustatzea eta ikaskuntza hobetzea desabantaila soziokulturaleko testuinguruetan, erresilientzia areagotzea bultzatuz, ikasleek arrakastaz garatzeko duten ahalmena onartuz eta hezkuntza-inklusioa sustatuz.Ikasleei eta haien familiei laguntzea eta haiekin tutoretzak egitea planteatzen da, bai errendimendu akademiko pertsonalari dagokionez, bai familia eta lotura sozio-afektibo orekatuei dagokienez ere.Programa garapen pertsonala eta eskola arrakasta sustatzera bideratuta dago, Adimen Emozionalaren lanaren bidez, ikaskuntza esanguratsuak garatuz eskola zailtasunak bideratzeko, absentismo psikologikoa prebenitzen eta desagerrarazten lagunduz eta hezkuntza sisteman irautea eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza gainditzea indartuz.«Hezkuntza eskaintza prebentiboa da, ikasleek edukiak ikasten dituzte, baina, batez ere, ikasten ikasten dute. Horregatik, ikaskuntza estrategiak eskuratzeak eta, batez ere, nork bere burua arautzen duen ikaskuntza estiloa garatzeak bere gaitasunak hedatzea erraztuko dio. Tailer hauetan ikasleak gustura sentituko diren espazio sozio-afektibo bat sustatzearen aldeko apustua egiten dugu, ikasteko motibazioak emanez eta trebetasun sozialak garatuz», adierazi du Bilbaok.Programa horren esparruan, Guraso Eskola bat ere sortu da sareko lana sustatzeko, familiei prestakuntza, informazioa eta orientazioa emanez.