GAUR8

Itsasoa maitatu eta babestuz

Irudian, Izaskun Suberbiola, Mater ontziko patroia. (OZAITA)

Zoragarria da pasioz bizi den jendea elkarrizketatzea, etxera indar berezi batekin itzultzen naizelako, edota bizimodu desberdinetan bizitzeko hautuan bakarra ez naizela sentitzen dudalako.

Sekulako euri zaparrada bota du, mardul-mardula. Uste nuen bertan behera geratuko zela itsas txangoa, baina pirata onen tankeran, oso animatuta zegoen tripulazioa, eguzkia ezkutatu aurreko momentuan. 14 lagun gaude denera, aniztasuna nagusi: adinekoak, bilobak, bikoteak, jende helduarekin osaturiko kuadrilla... eta ni, antropologoa.

Itsasontzira sartu eta sentsazio berezi bat izan dut, denboran luze iraun duena, ia lehorreratu bitartean. Hegaluzetan arrantzan ibilitako egurrezko itsasontzi batean sartu eta itsaso zabalean barneratzea gaur egun izan dezakezuen esperientziarik ederrenetarikoa da, eta horretarako, ez duzue munduaren beste puntara joan behar, nahikoa duzue Pasai San Pedroko portura hurbiltzea. Bertan dago “Mater” (“ama”, latinez), 1990. urtean sorturiko itsasontzia, 13 urte soilik egin zituena olatuekin dantzan, arrantzan. Antxoak, sardinak, berdelak, txitxarroak, eta, nola ez, hegaluzeak. 2002. urtean arrantzatzeari utzi zion, Europako laguntzak hartara bideratu eta itsas flota transformatu egin zelako: jada egurrezko itsasontziek ez zuten “balio”. Hilobia zen bere destinoa, baina ameslari kuadrilla batek bere etorkizuna norabidez aldatu eta zeresan handia eman duen eta emango duen proiektu baten gorputz bizi bilakatu zuen: Mater ontzi museo ekoaktiboa.

ITSASONTZIAREN TRIPETATIK ITSASO ZABALERA

Eskailera txikietan behera joan gara eta hegaluzeak pilatzen ziren hozkailua ikusi dugu, orain mahai bilakatuta, bizi hura orain beste modu batean erakusteko. Alboko gelan, literak, marinelen lo tokiak... eta segituan irudikatzen dugu geure burua bizimodu gogor horretan.

Momentu berezia da, ez gaudelako ohituta itsasontziak barnetik ikustera. Normalean, itsaso gainean ikusten ditugu, portuan. Eta gu, lehorretik so. Oraingoan barrenean gaude, eta emozio berezi batek hartu gaitu.

Mater itsasontziak hainbat eskaintza egiten ditu, horien artean, iluntzeetan eguzkiaren sartzea itsasoan ikustea edo itsaslabarrak ikustea. Peter Panen tankeran, Materreko marinelak zutabe batera igo eta azalpenak eman ditu bertatik, itsasoa maitatu eta babestuz, bere pasioa bisitariei kutsatuz.

Materrekoek diote itsas kultura, ezagutzen badugu, maitatu egingo dugula. Eta maitatuz gero, defendatu eta babestu. Eta bai, ez dago eztabaidarik. Arrantzale posizioetan, isiltasunean, itsaso zabalean begirada galtzea ederra izan da. Olatuak ateratzen ditu itsasontziak. Handia da, baina txiki geratzen da itsasoaren handitasunean. Kaioak agertzen dira tarteka. Beraien lurra airea delarik, eta harekin jolastea. Itsasontziari jarraitzen diote, arrainak bertatik ehizatu nahiko balituzte bezala.

(Gari GARAIALDE / FOKU)

Pixkanaka, brankatik atzeko eserlekuetara doa jendea, hasierako gogo hura apaltzen ariko balitz bezala. Denborarekin, jendea mareatzen hasi baita.

Hego haize epela nabari da aurpegian, brisa moduko batekin nahastuta. Bista erlaxaturik, itsaso soinua eta motor soinua uztartzen dira kontrastean, betiere itsasoaren indarra nabari delarik belarrietan xuxurlatzen. Eta sudurretik, itsasoaren gatz punttua. Pasaiatik atera eta, itsaso barrenetik, txiki ikusi dugu Donostia. Kontrara, eguzkia inoiz baino ederrago, ortzi-mugan.

ERO ZORAGARRI HAUEK

Halako proiektuek zentzua ematen diote euskal kulturari, eta baita bertako arrantza jasangarrian sinesten duen gastronomiari ere. Donibane eta San Pedroko kuadrilla bat elkartu zen, eurek itsasoarekin izan zuten harreman eta kultura hura galtzen ari zenaren biziminez. Transmisio lan hori egiten hasi ziren, eta amets hartatik, laster ikusi zuten itsasontzi bat behar zutela hausnarketa sortzeko, itsasoaren zaintzan, itsas herrian eta arrantza jasangarrian oinarrituta.

Hala, herri museo bizi bilakatu zen, duela hiru hamarkada. Itsas ondarearen, bai zentzu naturalean bai kulturalean, zaintzaren erreferente izatea nahi zuten. «Dibulgazioa noski, baina zaintza hori ere aktibo», ñabardura horretan jartzen du azpimarra Izaskun Suberbiolak. 20 urterekin hasi zen buru-belarri Materren, eta 45 urterekin, ilusio handiagoarekin jarraitzen du itsasoa zaintzen.

Materreko patroia da bera. Ez patroia agintari moduan. Patroia, ilusio eta pasioaren garra piztuta mantentzeko motibatzaile bezala. Oraindik dir-dir egiten diote begiek, itsasora begiratzean.

HAUSNARKETA ETA EKINTZA HELBURU

Itsasontzia bera da museo. Batzuetan, itsasontziaren historia eta istorioak kontatzen dira, baxurako arrantzaleen bizimodua ulertu eta ezagutzeko. Besteetan, itsasoa zaintzeko tailer ekoaktiboak egiten dituzte.

Argiztatzen dituen itsas faroa argi dute zein den: erakutsi, hausnartu... baina ekintza praktikoetara bideratu. «Berrikasi», dio. «Ikusten dugu gaur egun gizarteak daukan produkzio eta kontsumo motak porrotera garamatzala, ez itsasoa soilik, planeta eta giza bizitza baizik. Zoriontasuna bera. Erronka da hori guretzat, eta baikor lan egin nahi dugu, gure esku dagoelako aldaketa horren guztiaren sortzaile izatea», laburbildu ditu filosofia eta euren egitekoa.

Mater sarea sortzen ari da: hezkuntzarekin, herri eragileekin, komertzioekin... eta jomugan dute arrantzaleekin aliantza sortu eta itsasoa elkarrekin defendatzea.

(Gari GARAIALDE / FOKU)

ARRANTZA GUZTIAK EZ DIRA BERDINAK

Euren jardunaren hasiera haietan, errezelo begiekin tratatzen zituzten arrantzaleek Materreko ameslariak. Baina denborarekin, urteak igaro ahala, barku berean doazela sentitu dute hainbat arrantzalek ere. «Itsasoa ongi ez badago, arrantza ere ez. Gizarte bezala ere ez gaude ongi, natura ez dugulako ondo tratatzen», argitzen du.

Ez ditu makro erantzunak bilatzen. Aldaketa txikietan sinesten dute, norberak egindako egunerokotasuneko keinu txikietan, zeinak handi bilakatzen diren, denak elkarrekin eginda. Ekoaktibitateak egin eta ekopatruilak sortzen dituzte, pauso txiki horiek maila kolektiboan garatzeko. «Ingurunea ondo behatu, berarekin dugun harreman horretan sortzen dugun inpaktua ezagutu, eta ekintzetara bideratu gure hausnarketa eta ondorioak», komentatzen du. Hezkuntzan, adibidez, antxoa tailerrak egiten dituzte: «Goazen antxoak garbitzera, nola egiten den ikustera... Produktua baloratu egiten da horrela, eta jakintza ez da galtzen. Hala, seguru ez duzula inoiz esango antxoak garestiak direla», jarri du adibidetzat.

Zazpi langile ari dira Mater itsasontzian gaur egun, urte askoan Izaskun bakarrik aritu bada ere. Pixkanaka, jendea eta erakundeak batu dira, eta legitimitatea lortu dute, mundu hobe baten ametsa errealitate bilakatzeko lan handia egiten dutelako.

Pasai San Pedroko portura joaten bazarete, han topatuko duzue Mater itsasontzia, ortzadarrezko irribarre batekin. Berarekin itsasoratuko zarete, eta jada ez da ezer berdina izango: itsasoa maitatu eta babesten hasiko zarete momentu horretatik aurrera.