06 NOV. 2025 - 12:21h Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zortzigarren edizioa egingo da 15ean Bilbon Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zortzigarren edizioa egingo dute Bilbon, hilaren 15ean. Bideojokoen inguruan hausnartzea eta Euskal Herrian dagoen sorkuntza ezagutzera ematea helburu dituen ekimena Euskararen Etxean egingo da. Euskararen Etxean egingo da bideojokoen inguruko topaketa. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) GAUR8 Azkue Fundazioak eta Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babespean lan egiten duen Game Erauntsia elkarteak Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zortzigarren edizioa antolatu dute azaroaren 15erako Euskararen Etxean, Bilbon.Ekimenaren arduradunek azaldu dutenez, bideojokoei lotutako denetariko gaiak aurkeztea eta horien inguruan hausnatzea da ekimenaren helburua. Horrela, «Euskal Herritik ezagutzeko daukaguna» agerian jartzen saiatuko da, beste behin, bideojokoak eta euskara uztartuz.Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zortzigarren edizioaren egitaraua 9.45etik 13.00etara izango da, eta lau hitzaldi eta mahai inguru bat izango ditu euskal bideojokogintzaren esparru anitzak aztertzeko asmoz.Hasteko, Asier Garatxena bideojoko garatzaileak Gaua Games estudio bilbotarraren sorkuntza eta emandako lehen pausoak azalduko ditu. Bigarrenik, Naiara Ordorika proiektu kudeatzaileak Nintendo of Europe enpresan bizitakoak kontatuko ditu, hainbat urtez QA Tester zein Software Localisation Producer lanpostuetan aritu ondoren. Rol jokoaren garapenaHirugarrenik, Eneko Azedo sortzaileak ‘Adur. Azken Erronka’ rol jokoaren garapenari buruz hitz egingo du, mota horretako jokoek bideojokoekin daukaten harremanean sakonduz. Hitzaldiekin bukatzeko, Jon Juarez diseinatzaileak marrazkilaritza eta animazioa izango ditu ardatz bere saioan, bideojokoen munduan arte kontzeptuala sortzen ibili baita.Jardunaldia amaitzeko, mahai ingurua izango da Digipen Europe-Bilbao Institute of Technology ikastegiko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integratuko ikasleen parte hartzearekin.Gainera, jardunaldiak iraun bitartean, euskarazko bideojokoez gozatzeko aukera egongo da etxeko txikienentzat, eta, ‘Gamer Gela’ ekimenaren bidez, gaur egun Game Erauntsia elkartearen euskarazko bideojokoen zerrendan aurkitzen diren tituluetako batzuk ezagutuko dituzte haur eta gaztetxoek, «bideojokoak gure hizkuntzan ere aurkitzen direla aldarrikatuz».Bukatzeko, 2021, 2022 nahiz 2023ko edizioetako hitzaldiak biltzen dituen Jokotekniaren bigarren liburua aurkeztuko da topaketan.Azaroaren 15ean Euskararen Etxera hurbildu ezin direnek aukera izango dute jardunaldia zuzeneko ‘streaming’ bidez jarraitzeko EITBren webgunetik zein YouTube plataformatik.