08 NOV. 2025 - 00:00h Gardentasunaren kodeak Kode publikoa. (Yeray GASCON) Gorka Julio Sektore publikoak urtero milioika euro gastatzen ditu software berria garatzen, baina askotan tresna horiek gardentasun eta kontrol demokratikorik gabe sortzen dira. XXI. mendeko herrialde demokratikoen azpiegitura kritikoak dira administrazio publikoek eskaintzen eta erabiltzen dituzten zerbitzu digitalak, eta horregatik ezinbestekoa da herritarrek tresna horien funtzionamendua ezagutzea eta kontrolatzea. «DIRU PUBLIKOA, KODE PUBLIKOA» MUGIMENDUA 2017ko irailaren 13an, 31 erakundek gutun ireki bat argitaratu zuten legegileei eskatzeko diru publikoaz finantzatutako softwarea lizentzia libre eta irekien pean eskuragarri egon zedila. Gutun horren hasierako sinatzaileen artean Xnet, Europako Software Librearen Fundazioa (FSFE), EDRi, KDE, Open Source Initiative eta beste hainbat erakunde zeuden. Ekimen horren oinarrizko printzipioa sinplea da: administrazio publikoek diru publikoarekin garatutako softwarea kode irekiarekin eta lizentzia librearekin argitaratu behar dute, modu horretan beste administrazioek, enpresek edo partikularrek aplikazio horiek libreki erabili, aztertu, partekatu eta hobetu ahal izango baitituzte. Software pribatiboan iturburu kodea normalean merkataritza-sekretua denez, segurtasun akatsak aurkitzeko zailtasuna nabarmen handitzen da. Ospitaleek, garraio publikoak, azpiegitura estrategikoek erasoak jasan ditzaketen garai batean bizi gara. Hori kontuan hartuta, administrazio publikoak sustatutako kodeak auditagarritasun maximoa izan beharko luke eta horrek software librea izatea eskatzen du. GARDENTASUN ALGORITMIKOA: DEMOKRAZIA DIGITALERAKO OINARRIA Software librea erabiltzen ez den kasuetan, hala ere, printzipio garrantzitsu izaten jarraitzen du auditagarritasunak. Prozesu administratibo askotan adimen artifizialak gidatutako softwarea erabiltzen hasi diren honetan, prozesu horiek zein algoritmotan oinarritzen diren jakitea eskubide bat da eta demokraziarako arazo bat. Gardentasun algoritmikoa, aldiz, algoritmoek hartutako erabakietan parte hartzen duten faktoreak ikusgai, ezagugarri, auditagarri eta azalgarriak izan behar direla adierazten duen printzipioa da. Oso garrantzitsua, sistema horiek arautzen dituzten pertsonentzat; batzuk sarituak eta beste batzuk kaltetuak izan daitezkeelako. Horretarako gardena izan dadin, algoritmoaren iturburu-kodeak erraz kontsultatzeko moduko leku batean egon behar du, funtzionamendu kontrol periodiko barneko zein kanpokoa izan behar du, eta ahalik eta hizkuntza naturalenean azaldu behar da. Ezaguna izan da BOSCO sistemaren kasua. BOSCO Espainiako Gobernuak garatutako algoritmoa da, elektrizitatearen bonu soziala nork jaso dezakeen erabakitzeko enpresa elektrikoek erabiltzen dutena. Etxe ahulentzako elektrizitate deskontua jasotzeko, eskatzen dituen baldintzak betetzen dituzten eskatzaileak egiaztatzeko administrazioak sistema informatiko hori erabiltzen du. Civio Herritar Fundazioak aurkitu zuen baldintza legalak betetzen zituzten familiak bonu soziala jaso gabe gelditzen zirela. Gaiak eragin zuzena izan du Estatu Espainiarraren kasuan; Auzitegi Gorenak, adibidez, ebatzi du «gardentasun algoritmikoaren printzipio» bat dagoela, zeinaren arabera administrazio publikoek erabakiak hartzeko erabiltzen dituzten algoritmoen ezaugarri nagusiak eta iturburu-kodearen sarbidea errazteko betebeharra duten. Beste kasu ezagun bat, Frantziar Estatuan, Amnesty Internationalek eta beste 14 erakundek salatutako Prestazioen Familia Kutxa Nazionalari (CNAF) lotutakoa izan zen. CNAFerako sarbidea izateko esleipenean erabiltzen zen arrisku-puntuazioaren algoritmoa baztertzeko eskatu zuten erakunde horiek. Diru publikoaz finantzatutako softwarea lizentzia libre eta irekien pean eskuragarri egon beharko luke. (GETTY IMAGES) Algoritmoak zero eta bat arteko arrisku-puntuazioa ezartzen die prestazio familiarrak eta etxebizitzarako laguntzak jasotzen dituzten pertsona guztiei. Pertsona baten arrisku-puntuazioa handitzen duten irizpideen artean familia ahulak diskriminatzen dituzten parametroak barne hartzen direla ikusi dute, hala nola diru-sarrera baxuak izatea, lanik ez izatea, diru-sarreren zati garrantzitsu bat alokairuan gastatzea edota desgaitasuna izanda lan egitea. BOSCO eta Frantziako CNAF bezalako kasuek argi erakusten dute zergatik gardentasun algoritmikoa eta kode irekia ezinbestekoak diren sektore publikoan. Gardentasuna oinarrizko eskubidea da: administrazio publikoek erabakiak hartzeko erabiltzen dituzten algoritmoen ezaugarri nagusiak ezagutarazi eta iturburu-kodearen sarbidea errazteko betebeharra izan beharko lukete. Kode irekia segurtasun neurri bat da: gardentasuna segurtasun neurri bat dela ulertuta, software publikoa pribatiboa eta kutxa beltz bat izatea akats larria litzateke; software librea izateak asko erraztuko luke hori. Diru publikoa = kode publikoa. Sistema horiek guztiak diru publikoarekin finantzatzen dira, baina askotan haien funtzionamendua ezkutuan geratzen da eta horrek ez luke horrela izan beharko. CHATCONTROL: GARDENTASUNAREN ETA PRIBATUTASUNAREN ARTEKO GATAZKA Nahasmendurako aukera ere ematen du gardentasunak, gaizki ulertzen bada, beste eskubide batzuekin talka egiten duenean. ChatControl bezala ezaguna izan den EBko araubide-proiektuak 450 milioi europarrei aurrekaririk gabeko zaintza sistema bat ezartzeko saiakera bat izan da. Adingabeen sexu-abusuen materialaren kontra borrokatzeko aitzakiapean, estatu kideek komunikazio pribatuak ikuskatzeko gai diren tresnak inplementatu beharko lituzkete. Proposamen horrek aplikazioak eta gailuen fabrikatzaileak behartuko lituzke denbora errealean gure mezu, argazki eta bideo guztiak eskaneatzeko gai diren sistemak integratzera. Amaitu da susmagarrien eta herritarren arteko bereizketa: denak egongo lirateke kontrol automatizatu baten mikroskopioaren azpian. 500 zientzialari eta pribatutasun-adituk, Europar Batasunari bidalitako gutun batean, proposamena «demokraziarentzako arrisku» gisa kalifikatu dute. Etorkizunean onartuko balute, Europako herritar guztien segurtasuna eta pribatutasuna «guztiz zapalduko» lituzke. Araubide-proposamenak onartu du neurriek oinarrizko eskubideei eragiten dietela, bereziki intimitate-eskubideari eta komunikazioen konfidentzialtasunari. Hala ere, justifikatu egin da esanez adingabeen sexu-abusuaren aurkako borroka interes orokorreko helburu lehenetsia dela. Momentuz ez da aurrera atera. Beste askotan bezala, adingabeen aitzakiarekin batera, batzuek gardentasuna ere aipatu nahi izan dute lege hori aurrera ateratzeko garaian. Argi dagoenenean, aurretik azaldu dugunagatik guztiagatik, algoritmoen gardentasuna eta pribatutasuna ez direla kontrajarriak; biak dira beharrezko. Gardentasuna eta zelatatzea bi gauza oso ezberdin dira.