AA: Adimen Artifiziala edo Alferkeria Areagotua?
Aurreko astean “ezuste” txiki bat izan nuen adimen artifizialarekin (AA). Irakurle batek ohartarazi zidanez, nik idatzitako artikulu baten lerroburua guztiz desitxuratua agertu zen sare sozial batek eskainitako gaztelerazko itzulpenean. Euskaraz honako hau idatzi nuen: «Mexikon hil da Hilario Urbizu Olaztiko iheslaria, 45 urte Euskal Herrira etorri ezinean emanda». Gazteleraz honako hau idatzi zuen robotak: «México ayudó al fugitivo Hilario Urbizu».
Lehen kolpean etsipena eragin dit gertatutakoak, honelako albiste latz batek ez zuelako arinkeria hori merezi. Bigarren unean, ulertezintasuna; teoria konspiranoikoak alboratzen ditut beti, baina ez dut asmatzen nondik etor daitekeen horrelako itzulpen okerra. Hirugarren unean, eta, auzia sakonago aztertuta, haserrea: zer dela eta eman behar zuen itzulpen hori AAk, ez mezu-emaileak ez irakurleak horrelakorik eskatu gabe?
Neuk ere antzeman dut, komunikazio hariaren bestaldean nagoenean: esaterako, “Mediabask”-en txioetan, albisteen lerroburuak gazteleraz agertzen hasi zaizkit, ez frantsesez, nik dakidala nik eskatu gabe. “Mediabask”-eko lagunei galdetu beharko diet akaso beraien erabakia ote den…
Auzia serioegi ez hartzeko, ze erremedio!, Aznarrekin eta Mendilibarrekin identifikatuta sentitu naizela aitortuko dut. Gogora etorri zait nolako haserrea hartu zuen orduan espainiar presidentea zenak DGTk autoa ezin zuela gu guztion ordez gidatu adierazteko publizitate kanpaina hasi zenean: «¿Y quién te ha dicho a ti que quiero que conduzcas por mí?», mozkor baten tankerara esanda, gogoratuko duzue beharbada. Eta segituan Zaldibarko entrenatzaileari entzun nionaz ere akordatu naiz: «Asmakizun guztiak onerako dira printzipioz, baina gero txarrerako erabiltzen dira beti». Ez dakit Aznarrekin eta Mendilibarrekin ados egotea gauza zentzuzkoa den, baina, badaezpada, ez diot ChatGTPri galdetuko.
Mendilibarren hausnarketari jarraiki, “onerako” horrek, gure erosotasunerako esan nahi omen du kasu honetan. Nork bere kabuz pentsatzea gauza nekagarria baita. Beldurrarekin batera nekeak ezaugarritzen du egungo aroa, edo nekearen autopertzepzioak behintzat, objektiboki begiratuta sekula santan ez baita orain baino lan gutxiago egin, ezta borroka gutxiago ere, zentzu zabalean ulertua, dela nork bere beharrak asetzeko, dela mundua eraldatzeko. Kontua da pentsatzeko nekatuegi gaudela (kasu honetan itzulpen zuzen bat lortzeko, ez besterik); denbora gutxiegi dugu antza. Baina, lasai, teknologiak artifizialki sortu digun neke hori teknologiak sendatuko baitigu...
Homo sapiens-aren dimisioa gertu sumatzen dut egungo nerabeek edozer (historiatik kiroletara, datuetatik iritzietara...) AAri kontsultatzen diotela ikusten dudanean. Tira, ez gazteek bakarrik, Realeko presidenteak ere Matarazzo fitxatu aurretik hori egin zuela entzun dudalako irratian, eta ez zait iruditu txantxetan esan duenik. Gazteak aipatzen ditut natibo digitalak diren neurrian eta ikasle diren heinean eskuragarriago eta beharrezkoago dutelako robota, ez besterik.
Hortik aurrera, AA geldiezina da -autoeztanda egiten ez badu behintzat-, eta, horrenbestez, adituek diotenez, gazteek irizpide kritikoarekin erabiltzen jakitea izango da gakoa. Sare sozialen erabilera egokia lortu ez bada, AArekin nola demontre egingo den ez zait momentuz bururatzen, kosmos distopiko horretan, irizpide kritikoa baliatuta ere, gero eta zailagoa baita argitzea zer den artifiziala eta zer ez, zer den adimena eta zer ez, zer den egia eta zer ez. •


