Asier Aiestaran
Kazetaria

AZTIk Kontxarako garatutako arrisku indizearen xehetasunak ezagutu ditugu

Badira ia hamar urte Donostiako Udalak AZTI ikerketa zentroaren atea jo zuenetik. Eskaera argia zen: tresna bat garatu nahi zuten Kontxako Bandera jokatzeko baldintzak aurreikusi eta balizko arrisku egoerak ekiditeko. Azken erabakia arduradunen esku egon arren, zientziak asko dauka eskaintzeko.

Orio eta Getaria aurten Donostian jokatutako Eusko Label Ligako estropadan.
Orio eta Getaria aurten Donostian jokatutako Eusko Label Ligako estropadan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Kontxako estropaden elementu ezinbestekoa da itsasoa. Errekan egiten diren traineru estropada aski interesgarriak ere badirela jakinda, ezin daiteke ulertu kirol hau arraunlarien eta itsasoaren arteko amodio-gorroto istorioa kontuan hartu gabe.

Kontxako Banderaren lehen ekitaldia 1879an jokatu bazen, duela 147 urte luze, atera kontuak borroka desorekatu horretan zenbat amorrualdi eskainiko zituen naturak. Askotan, antolatzaileak ezustean harrapatuko zituztenak, eta, beste askotan, aurrez espero arren, gure txikitasuna ezin ageriago utziko zutenak.

1921eko eta 1923ko ekitaldiak aipatu izan dira, ekaitzak sekulakoak izan omen zirelako, eta, denboran gertuago ditugunen artean, 1998koa edota 2005ekoa gogoratu izan ditugu. Baina 2017koa bereziki nabarmentzekoa izan zen, segur aski ordurako telebista irudien kalitateak naturak aldiro eskaintzen duen ikuskizun hori asko goratu zuelako. Baita, garai batean ez bezala, kirolari eta antolakuntzako kideen segurtasuna lehentasun bilakatua zelako ordurako.

Zalantza asko izan ziren estropada hura jokatu ala ez, eta, batez ere goizeko lehen orduetan, emakumeen lehia hastekoa zen une horretan, arrisku handi samarreko egoeran ikusi genituen zenbait traineru. Horrek gogoeta bat sortu zuen estropadaren antolatzailea den Donostiako Udalean, eta hortxe hasten da gaur kontatuko dugun istorioa.

ZIENTZIARI LAGUNTZA ESKE

«2017an Donostiako Udaletik guri esaten digute: ‘hau gertatu da’. ‘Aurtengo estropada oso arriskutsua izan da, eta horren aurrean gustatuko litzaiguke aurretik jakitea ea horrelako baldintzak datozen, eta aurreikuspen bat izatea ordutegia aldatzeko, estropada bertan behera uzteko edo dena delakoa’», azaldu digu Lohitzune Solabarrieta AZTI zentroko zientzialariak.

Kostaldeko ingeniaritzan eta ozeanografia operazionalean aditua da Solabarrieta, eta 2017 hartan ardura ez bazuen ere, oso gertutik ezagutzen du prozesua, urte batzuk geroago buru-belarri murgildu baita garapen horretan eta antzeko beste batzuetan.

«Eskaera hori jasotakoan gaia aztertzeko eseri ginen eta gure lehen lana izan zen identifikatzea itsasoko zein aldagai diren traineruak uretaratzen direnean arrisku bat sor dezaketenak. Guk ikusten genuen bi aldagai nagusi daudela arrisku horretan eragiten dutenak: batetik olatua, eta bere norabide, noranzko eta intentsitatea; eta bestetik haizea, hori ere bere norabide, noranzko eta intentsitatearekin. Eta elementu horiekin azterketa egiten hasi ginen, adibidez olatu batek nola eragiten duen traineru batengan», gogoratu du zientzialariak.

Hibaikako trainerua, 2017ko irailaren 10ean, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian. Zenbait ontzi egoera nahiko arriskutsuan ikusi genituen eta Donostiako Udalak AZTIren atea jo zuen. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Horraino ezusteko handirik ez, haizeak eta olatuek estropadetan duten eragina begi bistakoa baita. Baina traineru estropadetan bereziki kontuan hartu beharreko elementu bat identifikatu zuten, itsasoko ohiko aurreikuspen meteorologikoetan aipatzen ez dena: «Azterketa horiek egiten hasi ginenean gauza batekin konturatu ginen. Askotan entzuten da ‘olatuaren altuera adierazgarria’ kontzeptua, olatuaren altuera goitik behera zenbatekoa den. Dauden olatu handienen batezbesteko bat izaten da. Aurreikuspenetan entzuten dugu ‘metro eta erdiko olatua dago’. Balio horrek, noski, eragina dauka, baina konturatu ginen olatuaren inklinazioak, gazteleraz ‘peralte’ esaten denak, altuerak bezainbesteko eragina edo handiagoa daukala».

«Olatua zenbat eta inklinatuagoa egon, gehiago eragiten dio traineru baten segurtasunari. Ikusten ditugunean traineruak erori bezala egiten direla, aurrekalaria erori egiten den une hori. Zenbat eta peralte handiagoa orduan eta arriskutsuagoa da. Olatu handia dagoenean eta ez dagoenean peralterik arraun egitea zaildu egiten da, baina ez da arriskua askorik areagotzen», jarraitu du Lohitzunek.

Itsasoan apur bat ibili denak, izan ontzi txiki batekin arrantzan edo surf ohol batekin olatuak hartzen, berehala ulertuko du Solabarrietak dioena. Bakoitzak bere izena jarriko dio desberdintasun horri, baina olatu batzuk masa modura astiro igarotzen diren bitartean, beste batzuek gorabehera askoz bortitzagoa eragiten dute. Arraunera aplikatuz, hori izan daiteke aurreikuspen meteorologiko orokor batekin alderatuz kontuan hartu beharreko elementu bat, ur sakonerarekin lotura zuzena duena.

«Olatua ur sakonera handiko eremuetan dagoenean, eta hor baditugu buiak jarrita, olatuak ez du ur azpiko lurzorua antzematen. Inklinazio hori handiagoa izan daiteke olatu oso handiak edo eguraldi oso txarra dagoenean, baina normalean periodo handiarekin etortzen da, eta telebistan ikusi ohi den forma borobil horrekin», abiatu du azalpena Solabarrietak.

Kontxaren historian asko izan dira itsasoaren baldintza zailek markatutako ekitaldiak. Horietako bat izan zen 2005eko bigarren jardunaldia, irudian ikus daitekeena. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

«Behin kostaldera hurbiltzen denean, sakonera gutxitzen hasten da, olatua lurra antzematen hasten da, eta bere energia eraldatzen hasten da. Eta hori gertatzen denean forma aldatzen zaio. Forma aldatze horretan lehen aipatzen nuen inklinazioak eragin zuzena dauka. Kostaldetik zenbat eta hurbilago egon, inklinazio hori areagotzen da, ur azpiko sakonera gutxitzearen eraginez», jarraitu du.

«Kanpoko baldintza horien arabera ematen diren alertek aldagai berdinak hartzen dituzte kontuan, baina beste era batera irakurri behar ditugu arraunaren kasuan. Traineruak duen luzeragatik, inklinazio handitze horrek arriskua eragiten du. Beraz, egoera aztertzeko modua pixka bat desberdina da. Ez genuke bakarrik izango kontuan alertak esaten diguna. Adibidez, 5,5 metroko altuera duten olatuak badatoz, alerta denak pizten dira, baina olatuak ez du berdin eragiten peraltea handia ez bada. Horregatik estropada eremuko ezaugarrietara hurbildu behar izan genuen».

FAKTOREAK, BANAKA ETA BATUTA

Behin arrisku faktore horiek identifikatuta, erronka aurrez jarritako helburuari erantzutea zen, aurreikuspenak egin eta arrisku indize bat sortzea. Eta horretarako aldagai desberdinen arteko konbinazioak ere kontuan izan behar ziren.

«Ikusi genuen guk identifikatutako aldagaiek eragin zuzena dutela, eta saiatu ginen modelo bat garatzen, ikusteko faktore edo aldagai horiek nola eragiten duten. Konturatu ginen aztertu behar genituela bai banaka eta bai batera, nolabait aldagai horien arteko batura bat ere sortu behar genuela. Zeren ez da bakarrik olatuek altuera handia izatea, peraltea edukitzea edo haize handia egitea, baizik eta hirurak batera tokatzen badira eragina eta arriskua handiagoa izaten dela», dio zientzialariak.

Hori hobeto ulertzeko haizeak olatuengan duen eragina jartzen du adibidetzat: «Haizea lerrokatzen bazaigu peraltatuta edo inklinatuta datorren olatu horrekin, lortzen duena da inklinazio hori gehiago handitzea eta olatua une batean puskatzeko arriskua ere handitzea. Eta horrek traineruari eta, batez ere, traineru barruan doazenei, arrisku handia sortzea».

Eta Donostiako estropada eremuaren ezaugarriak ere kontuan hartu behar dira nahitaez, nahiko bereziak direlako gainera. «Estropada hau berezia da. Gizonezkoen ohiko estropadak lau luzera jokatzen dira, hau bira jokatzen da, eta arrisku egoera handiena sortzen den lekua irla pasata dagoen eremuan sortzen da, ‘Bantxa’ deitzen diogun inguru horretan. Zergatik? Ba hori delako olatuak gehien inklinatzen diren lekua. Gutxi gorabehera neskek ziaboga hartzen duten lekua da. Arrisku handieneko puntua hori da. Azterketa hau egin genuenean ez genuen bakarrik eremua bere osotasunean aztertu, baizik eta azterketa oso batekin batera eremua zatika ere aztertu genuen. Guk arrisku indizea zehazteko beti hartzen dugu kontuan arrisku handieneko eremua. Arrisku altua dagoela esaten dugunean, ez da berdina hondartzatik gertu dagoen ingurua edo kanpoko ziaboga, esaterako. Hor olatuak oraindik ez du lurra antzeman eta bere forma oraindik ez da inklinatzen hasi».

Tiran, 2017ko bigarren jardunaldian, traineruaren branka zerura begira jarrita. Hurrengo orrian Orio, aurtengo Eusko Label Ligako estropadan. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Elementu horiekin guztiekin lau mailako arrisku indize bat sortu zuten. «Hartu genituen 1960tik egindako Kontxako estropadak, begiratu genuen estropada horietan zer baldintza zeuden eta alderatu genituen guk sortutako modeloarekin. Guk modeloan lau marra jartzen ditugu: arriskurik eza, arrisku baxua, arrisku ertaina edo arrisku handia. Eta ajuste bat egin genuen gure modeloaren konbinazioak eta eguraldi txarragatik bertan behera utzi zirela badakigun estropadekin. Konbinazioak egin genituen eta iritsi ginen formulazio batera non identifikatzen diren historikoki itsaso txarragatik bertan behera utzi diren estropadak. Eta bat egiten du guk identifikatzen genituen konbinazioekin».

Behin eskala hori zehaztuta, aurreikuspenak egin eta Donostiako Udalari helarazten zaizkio. «Datuak Copernicus ataritik hartzen ditugu. Europa mailan dagoen atari bat da eta bertan modelo batzuk daude olatu eta haizearen aurreikuspenak ematen dituztenak. Horrekin aurreikuspen bat emateko gaitasuna daukagu hiru edo lau egunerako. Eta gero egunero egiten dugun lanketa da arrisku indizea kalkulatu eta Donostiako Udalari pasatzea. Guk kalkulu hori guztia egunero berritzen genuen, baina azken bi urteetan kalkulua denbora errealean egiten da eta eguneratzeaz Euskalmet arduratzen da. Egunero martxan jartzen dituzte beraien modeloak, eta Donostiako Udalari bidaltzen diote estropada eguna baina hiru egun lehenago zer aurreikuspen dagoen, gero eguneratzen joateko».

Helburua argia da: «Bi edo hiru egun lehenago ikusten bada arriskua handia izango dela, Udalak erabakiak hartzeko aukera izan dezala. Estropada bertan behera utzi daiteke, edo orduz aldatu. Zeren batzuetan ikusten dugu baldintzak ez direla onak, arrisku ertaineko baldintza batzuk daudela, historikoki estropada jokatzea eragotzi ez dutenak. Baldintzak ez direla errazak baina arraunlariak eta inguruko pertsonak uretaratzeko prest daudela. Baina ikusi izan dugu bi edo hiru orduan olatu edo haize bolada horiek nola aldatzen diren, oso ordu gutxian, bai gora eta bai behera ere. Indize honek ematen duen abantaila da Udalak erabaki bat hartu beharko balu, bertan behera uzteko aukeraz gain, estropadaren ordua aurreratu edo atzeratzeko aukera ere errazten duela».

Orio, aurtengo Eusko Label Ligako estropadan. (Gorka RUBIO / FOKU)

Behin honaino iritsita, zaila da aurtengo Euskotren Ligan Donostian jokatzekoa zen estropadarekin ez gogoratzea. Ekaitzaldia bizpahiru egun lehenagotik aurreikusia egon arren, TKE Ligako arduradunak ez ziren gai izan erabaki argi bat hartzeko, estropadaren ordutegia aldatzea adibidez, eta nahasmena ikaragarria izan zen portuan, hainbat klubek jaso zuten isun ekonomikoarekin amaitzeko.

Alde horretatik, Lohitzune Solabarrietak argi utzi nahi du azken erabakia beti antolatzaileena izango dela. «Guk informazioa ematen dugu, baina azken erabakia beti antolatzailearena da, kasu honetan Donostiako Udalarena. Beraiek oso gustura daude informazio zerbitzu honekin, tresna bat daukatelako, eta nolabait datu objektibo bat daukatelako erabakiak hartzeko; ez bakarrik estropada egin ala ez egin, baizik eta ordu batzuk aurreratu edo atzeratu erabakitzeko. Uste dut hori beraientzat oso garrantzitsua dela. Beraiek ere horrelaxe adierazi digute. Baina erabakia beraiena da. Guk baliabideak jartzen ditugu, eta gero bakoitzak ikusiko du zer egin», ondorioztatu du.

 

Zailtasun indizea: beste esanahi bat

Arraunzale asko konturatuko ziren ETBko arraun emanaldietan estropada bakoitzaren xehetasunak aurkezten direnean “zailtasun indizea” delakoa ere zehazten dutela, 1 eta 10 arteko eskala batean. Indize hori ere AZTIk garatua da. Kontxarako erabiltzen den arrisku indizearekin antzekotasunak baditu bere garapenean, baina, Lohitzune Solabarrietak kontatu digunez, beste esanahi bat dauka.

«Antzeko aldagaiak hartzen dira kontuan, baina gauza bat da arriskua sortzea traineruarengan eta barruan doan tripulazioarengan, hor bizitzak ditugu jokoan, eta beste gauza bat da zailtasuna. Noski, zailtasun handia dagoenean arrisku handia egon ohi da, baina zailtasuna ere uler daiteke beste era batera: baldintzak ez direla egokiak errekorrak edo marka onak lortzeko, nahiz eta arrisku maila ertain baten barruan egon. Hor gehiago da begiratzea arraunlarientzat estropada zaila izango den edo ez. Kasu horretan, adibidez, korronteak ere begiratzen dira, korronteek eragin handia daukatelako marka bat egiteko garaian. Arriskuaz ari garenean, korrontearen eragina oso baxua da eta ez da kontuan hartzen. Indize antzekoak dira baina bakoitzak bere berezitasunak dauzka», azaldu digu.

Hori bai, indize hau garatzeko lanketa zabala egin behar izan dute, estropada eremu bakarraren ordez askoz gehiagoren ezaugarriak aztertu behar izan dituztelako. «Zailtasuna neurtzerakoan gehiago begiratzen ditugu kanpotik sartzen diren korronteak, adibidez, eta eremuz eremu kalkulatzen da. Indizea ez da berdina izango estropada Donostian jokatzen bada edo Zierbenan. Itsasoaren baldintzak ez dira berdinak leku guztietan. Getariako estropadan, adibidez, ‘arratoiak’ (San Anton mendia) babestu egiten du estropada eremu hori, eta kanpoan baldintzak oso desberdinak izan daitezke. Hori ikusi izan dugu asteburu berdinean jokatutako estropadetan, aurreikuspenak begiratu arren eremuaren kokapenak eragin handia daukala. Hor atzean lanketa handia dago, eremuz eremu joan behar delako eta ongi begiratuta zer ari garen aztertzen, zailtasuna den edo arriskuaz ari garen».

Azken batean, etengabeko bilaketa baten emaitza dira indize hauek, aurrerapen teknologikoekin estuki lotuta daudenak. Solabarrietaren ustez, datozen urteetan ere hobekuntza gehiago etorriko dira, baina duten kostu ekonomikoa ere balantzan jarri beharko da.

«2017tik hona guk datuak xurgatzen ditugun modeloak hobetu egin dira. Datu horiek dira satelite bidez jasotzen dutenak informazioa, baina asimilazioa dute. Hau da, datu errealak puntu desberdinetan hartu eta modeloek asimilatzen dute bat-batean aurreikuspenak hobetzen lagunduz. Guri iristen zaigun informazioa gero eta zehatzagoa da. Baina egia da arrisku handiko momentuetan neurtu beharko genituzkeen aldagaiak neurtzeko, estropada eremuan bertan izan beharko genituzkeela buiak. Material horretan aurrerapenak ikusiko ditugu, noski, baina kontuan izan behar da horrek daukan kostu ekonomikoa. Ezin dugu joaten garen leku bakoitzean buia bat jarri eta momentu bakoitzean daukagun informazioa asimilatu. Baina satelite bidez iristen zaigun informazioa gero eta zehatzagoa da, eta gero eta sarriagotan jasotzen dugu. Traineru barruetan ere gero eta sistema teknologiko gehiago instalatu daitezke, adibidez traineruek jasotzen dituzten kolpe horiek neurtzeko, zenbatekoak diren, zer eragin duten barruan doazenengan... Teknologikoki beti dago hobetzeko aukera eta nik espero dut joango garela ikusten», amaitu du.