Fisioterapia bestibularra

Gela biraka hastea, oinez zoazela lurra «mugitzen» dela sentitzea, burua biratzean ezegonkortasun arraroa igartzea... Zorabio eta bertigo askok -gehienek- bizkarrezur zerbikalarekin zerikusia izan ohi dute, baina ez dira gutxi oreka-sistemarekin lotutakoak. Kasu horietan ere, fisioterapiak lagundu dezake.
Oreka mantentzeko, gorputzak hiru informazio-iturri nagusi konbinatzen ditu: sistema bestibularra, ikusmena eta propiozepzioa. Hirurek gorputzaren posizioari eta mugimenduari buruzko informazioa etengabe bidaltzen diote garunari, eta hark begiak eta gorputza mugituz erantzuten du, oreka mantendu ahal izateko.
Sistema bestibularra barne-belarriko egituretan dago. Bertako kanal erdizirkularrek eta otolitoek buruak egiten dituen biraketak eta azelerazio linealak hautematen dituzte. Informazio hori nerbio bestibularraren bidez garunera iristen da. Sistema horretan zerbaitek huts egiten duenean, zenbait sintoma ager daitezke: bertigoa, zorabioa, goragalea, ikusmena lausotzea, ezegonkortasuna, ibiltzeko beldurra... Kausa askotarikoa izan daiteke: arruntena otolitoen posizio ezegokia izaten da (larria ez dena, bai ordea oso gogaikarria!), baina arrazoi konplexuagoak ere badaude, hala nola neuritis bestibularra edo “Ménièreren gaixotasuna”. Batzuetan ez da erraza diagnostikoa egitea, esan bezala askotan bizkarreko arazoak ere tartean egoten baitira.
Arazo bestibularretan, fisioterapia ariketa fisikoan oinarrituta dago. Helburua informazioa garunera hobeto iristea, eta begien, buruaren eta gorputzaren arteko koordinazioa berrezartzea da. Horretarako, beti pazientearen egoeraren arabera, tresna nagusietako bat begirada egonkortzeko ariketak izaten dira. Ariketa horien bidez erreflexu bestibulo-okularra entrenatzen da: buruarekin batera begiek kontrako noranzkoan mugitzeko duten gaitasuna, mugimenduan ere irudia egonkor mantentzeko.
Beste ariketa batzuek oreka lantzen dute, zutik zein oinez, gero eta baldintza zailagoetan. Ikusmenaren laguntza murriztu daiteke, buruaren mugimenduak gehitu edo euskarriaren oinarria aldatu, gorputzak beste informazio-iturriak eraginkorrago erabil ditzan. Era berean, zorabioa eragiten duten mugimenduak modu kontrolatuan eta progresiboan errepikatuz, horiekiko sentikortasuna gutxitzea bilatzen da. Bertigo posizional paroxistiko onberaren kasuan (otolitoen endredoarengatik gertatzen den hori), berriz, ikuspegia bestelakoa izan daiteke. Organo txiki horiek beren lekutik ateratzen direnean, buruaren posizio jakinek bertigo laburrak eragin ditzakete. Kasu horietan, otolitoak beren lekura ekartzeko maniobrak egin beharko ditugu.
Fisioterapia bestibularra, beraz, ez da «zorabioaren aurkako» tratamendu bakarra, ezta bertigo mota guztietarako ere. Lehenik eta behin, sintomen jatorria identifikatu beharko dugu otorrinolaringologoaren edota neurologoarekin elkarlanean. Hori lortzen badugu, tratamendua autonomia berreskuratzeko lagungarria izan daiteke: oinez ibiltzea, burua beldurrik gabe mugitzea, kirola egitea edo eguneroko jardueretara itzultzea. Oreka ez baita behin betiko galtzen den gaitasun bat, baizik eta bizitza osoan berrikasten eta egokitzen doana. •



