GAUR8

Mikel Recuero EHUko ikertzailea saritu dute datu pertsonalen erabilerari buruzko tesiagatik

Mikel Recuero EHUko ikertzaileak Datuak Babesteko Euskal Agintaritzaren saria jaso du datu pertsonalen erabilerari buruz egin duen doktorego tesiagatik. Arlo zientifiko gero eta globalizatuago batean, eskubideen beharrezko defentsa eta ikerkuntzarako mugak aztertu ditu.

Mikel Recuero ikertzailea, irudian.
Mikel Recuero ikertzailea, irudian. (UPV/EHU)

Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (DBEA) Mikel Recuero Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzailea saritu du, ikerketa zientifikoan datu pertsonalak erabiltzeak planteatzen dituen erronkei buruz egin duen doktorego tesiagatik.

«Europako esparru juridikoa eta testuinguru globalizatu batean datuen babesa eta pribatutasuna bermatzeko duen gaitasuna aztertzen ditu», azaldu du EHUk ohar batean. Zehazki, «informazio pertsonala helburu zientifikoekin modu masiboan tratatzeak planteatzen dituen erronkak» ikertu ditu.

Tesiak, zehaztu dutenez, «dilema bat du aztergai: pertsonen oinarrizko eskubide eta askatasunen eta zientziaren eta teknologiaren aurrerapen arteko oreka».

Recuerok berak azaldu du datuak eskala handian eskuratzea komunitate zientifikoaren kezka nagusietako bat dela. «Ikertzaileek, zentroek eta antolakundeek eskala handiko datuak behar dituzte euren azterlanetan aurrera egiteko».

Datu genetikoak eta osasunarekin lotutakoak partekatzea edo nazioarte mailan horiek eskuragarri izateak osasun pertsonalizatuarekin lotutako plataformentzat duten garrantzia gogoratu du adibide gisa.

Egungo Europako marko juridikoak dituen indarguneak eta mugak aztertu ondoren, erantzunak gero eta globalizatuagoa den zientzian eta ikerketan planteatzen diren erronkei aurre egiteko egokiak diren da adituak mahaigaineratu duen galderetako bat.

Tarteko irtenbideak

EHUko adituaren iritziz, hobetzeko tarte handia badago ere, Europak aferari emandako soluziobideak egokiak eta beharrezkoak dira jokoan egon daitezkeen eskubide, interes eta askatasun ezberdinak orekatzeko.

«Gure diziplinan maiz gertatu ohi den moduan, badirudi irtenbiderik onena tarteko ikuspegietan datzala, eta ez hurbilketa zuri edo beltzetan: ez zientziaren eta berrikuntzaren garapena kosta ahala kosta lehenestea, norbanakoaren eskubideen eta askatasunen kaltetan, ezta pribatutasunaren eta datuen babesaren aitzakiarekin ezinbesteko aurrerapen teknologiko, mediko eta zientifikoari oztopoak jarri nahi izatea ere», adierazi du Mikel Recuerok.

EHUk nabarmendu du, bestalde, garrantzi handia duela aintzatespen honek, azken 20 urteotan DBEA erreferentea izan baita datuen babesari eta pribatutasunaren defentsari dagokien kontzientziazioan eta prestakuntzan oso modu aitzindarian.