Gilen TXINTXURRETA BEITIA - @GilenTxintxu

Loto loreak hormigoi artean

Ilustrazioa: GILEN TXINTXURRETA BEITIA
Ilustrazioa: GILEN TXINTXURRETA BEITIA

Oscar-ak ez dira martxo hasiera honetan eman diren sari bakarrak. Arkitekturak ere bere sari gorena banatu du egunotan, eta zinemarekin gertatzen ari den bezala, begiradak Mendebaldetik urrunduz doaz azkenaldian. Joan zen astean Liu Jiakun bihurtu zen sari hau jasotzen hirugarren arkitekto txinatarra, Riken Yamamoto japoniarrari erreleboa hartuz. Sortaldea modan dago.

Txinatar arkitekturaz iristen zaigun irudia kontsumoak eta teknologiak liluratutako herrialde batena da sarri. Zarata, kolore eta argiz jositako mega-hiriak, cyberpunk kutsu batekin. Neonez, kablez, aire girotuz eta kearen gainetik altxatzen diren dorre errepikakorrez jositako paisaia ia amaiezinak. Herrialde honen hiri garapenaren neurriaz jabetzeko, datuei begiratu besterik ez dago. 2011-2013 urteen artean, Ameriketako Estatu Batuek XX. mende osoan zehar baino hormigoi gehiago erabili zuen erraldoi asiarrak. Bertako hirien urbanizazio abiadura ezin da mendebaldeko esperientzia historikoarekin alderatu inondik inora. Kanton probintziako Perlen ibaiaren itsasadarra izango da seguruenik munduko gizaki kontzentrazio handiena. Alderik alde ia modu jarraituan urbanizatutako 150 kilometrotik gora ditu, eta bertan 100 milioi pertsona inguru bizi dira, haien izenak inoiz entzungo ez ditugun eta Madrilen tamaina duten hirien sare trinko batean.

Hormigoizko itsaso honetatik urrun jaio zen Liu Jiakun, Chengdú hiri apalean (21 milioi biztanle bakarrik ditu). Bere arkitektura, zingiren erdian loratzen den loto lore ederraren modura, izugarrikeria nagusi den paisaia desitxuratu hauen erdian jaiotzen den artisautza ariketa bat da. Txinatar tradizioan erroak dituen baina arkitektura garaikidearen ezaugarriak ere bereganatu dituen lanak gauzatu ditu, eta giza eskala, patxada, neurritasuna eta goxotasuna nagusi diren atmosferak sortzea bilatzen du. Material naturalen erabilerak, landaredia zein ura material bat gehiago bezala baliatzeak eta espazioen neurriaren gaineko kontrolak garaikideak izanik ere atenporalak diruditen eraikinak sortzea ahalbidetu dio.

Arkitektura eraikiaren maila berean, Txinako paisaian arkitektura garaikideak herrialde honen lorezaintza tradizionala beste maila batera eraman du. Kongjian Yu-k zuzendutako Turenscape estudioa izango da seguruenik zelai honetan ezagunena. Landaredia autoktonoaz baliatzen dira, prozesu industrialen ondorioz degradatutako eremuak bioerremediazio bidez berreskuratzeko. Haietan, Txinako floraren kolore eta forma biziak gizakien aisialdirako azpiegitura gogorrekin uztartzen dira, itxuraz, behintzat, harmonian bizi diren bi organismoren modura.

Sotiltasun eta gordintasunaren arteko jolas hau Txina garaikideari berariazko zaion ezaugarri bat da agian. Mendiak lautzen, ibaiak mugitzen eta itsasadarrak suntsitzen dituzten azpiegitura proiektu erraldoiak ageriko kontraesan etikorik gabe uztartzeko gai dira naturaren, giza eskalaren eta eskulanaren goraipamena diren bestelako lanekin. Mundu produktibista honen barnean herrialdearen garapenerako suntsipena beharrezko dutela onarturik, elementu zehatz batzuei balio eta arreta berezia ematea erabaki dute, agian, egindako kaltearen konpentsazio modura. Konfuzianismoak pentsamendu honetan zenbateko ardura duen besteren batek azter dezake.

Txinatar arkitektura garaikidearen harribitxiek dirdira berezia dute, ez soilik bere kalitateagatik, tokiko tradizioen berrinterpretazioaren eskutik datozelako baizik. Gaurko Txina hiritarra bizimodu tradizionalaren muina ziren “hutong” auzoen suntsipenak ahalbidetu du, eta europar hiri historikoek bertoko kultura definitzen eta mantentzen laguntzen badute, asiar hiri garaikideak anonimotasunera eta kontsumora bideratutako gizarte generikoa bultzatzen du. Jiakun-en lanak erro horiek berreskuratzea bilatzen du.

Begiradak Mendebaldetik aldentzeak bestelako errealitate, estetika eta egiteko moduak deskubritzeko aukerak ematen dizkigu, eta arkitekturaren bidez kultura horiek munduaren aurrean erakusten duten jarrera ulertzen lagundu diezaguke. Begirada hauek irekiak eta arretatsuak badira, bertuteak barneratzen eta okerrak detektatzen lagundu diezagukete. Ying eta Yang. Be water my friend. •