GAUR8

Orain urtebete hil zen Luz Fandiño idazle eta ekintzaile galiziarra

2024ko apirilaren 28an zendu zen, 92 urte zituela, Luz Fandiño Rodriguez poeta eta aktibista Santiago de Compostelan, Galizian.

Luz Fantiño poeta eta ekintzaile galiziarra. (WIKIPEDIA)

Luz Fandiño Rodriguez 1931. urtean sortu zen Santiago de Compostelako Sar auzoan. Lehenbizi Argentinara emigratu zuen eta geroago, Estatu frantsesera. 1970eko hamarkadan itzuli zen jaioterrira, eta bertan bizi izan zen hil arte.

Literaturan, ‘Farangulliña de neve’ (1998) eta ‘O pracer de envellecer’ (2014) poesia liburuak argitaratu zituen, hainbat idazlan kolektiboz gain, baita sari ugari jaso ere.

Fandiñok mugimendu sozialetan parte hartu zuen bizi osoan. Galegoaren sustatzailea izan zen eta Galiziako hainbat hedabidetan kolaboratu zuen, besteren artean, ‘Diario Cultural de Radio Galega’ irratsaioan, eta Redes Escarlata, Mulheres Trasgredindo eta Mar de Tinta kultur elkarteetan.

2020an ‘A poeta analfabeta’ dokumentalean jaso zuen bere bizitza Sonia Mendez zinegileak. Hori gutxi ez eta Santiagon bere figura oroitzen duen literatur lehiaketa bat antolatzen dute duela bi urtetik, ‘Luz poética’ izenekoa.

Azken urteetan aktibo jarraitu zuen, egunero idazten eta elkarte, ikastetxe eta institutuetara joanez, emigrazioan izandako esperientziari, olerkigintzari eta bizitzaz zuen ikuspegiari buruzko hitzaldiak emateko.