Oporrak terrazetan
Hamar egun eman genituen Venetoko eliza, santu, kapitel eta abside guztiak ikusten eta betekadarekin eta lepoko zainetako minarekin bukatu nuen. Horrelako zerbait gertatuko zitzaiola, pentsatu nuen, Stendhali ere Santa Croceko margolanak ikustera joan eta bere sindrome famatua jasan zuenean, bihotz taupadak, izerdi hotzak eta zorabioak izan zituenean alegia, neuri ere neurri batetik gora arte sakroak ez baitit onik egiten.
Jende arruntari begira egoteko gogoarekin itzuli nintzen etxera. Lagin bat behar nuen eta eguartean ardo bat aurrean dutela terrazetan esertzen diren adinekoak aukeratu nituen begira egoteko. Zarauzko malekoitik hasi eta Algortako Ereagara bitartean orduak eman ditut egiteko horretan. Gizonezkoak ziren gehienak, helduak edo adinekoak, eta oporretako poza nabari zitzaiela ondorioztatu nuen, bizitzarekiko konformidade bat. Norbaitek pentsa lezake hori etsipena ote den, baina uste dut gehiago dela daukatenarekin disfrutatzeko gaitasun bat.
Emakumeekin konparaketa bat egite aldera Malkorbe, Isuntza edo Ereagako hondartzetara ere egin nituen bisitak. Bermeon, Aritzatxura joateko mendizalea izan behar denez, portuko kaira joaten dira eguzkia hartzera. Antzeko adierazpideak sumatu nituen emakumeen aurpegietan ere, salbu eta batzuei aulkietan etzan eta zeruaren kupula urdinari begira jartzen direnean minen bat edo angustia puntu bat nabaritzen zaien, Venetoko santuei bezalaxe, zergatik ez badakit ere.
Erakunde serioak, Coca-Cola institutua esaterako, jendearen zoriona neurtzera dedikatzen badira, zergatik ez dut nik egiteko horretan denbora galduko?, esaten nuen neure golkorako eta gazte talde batzuk ere sartu nituen nire laginean ilunabar batean eta bizitzaren egarriz ikusi nituen (gaua, sexua eta emozio fuerteak espero zituztelako) Venetoko santuak zeruaren egarri bezalaxe, baina iritsiko zaien segurantzarik gabe. •